Kontzeptua

Euskal Literatura Klasikoa: XIX. Mendea

1870tik aitzina Frantziako Estatu laikoaren (III. Errepublika) eta Eliza Katolikoaren arteko gatazka piztu zen. Erlijio "gerra" hau Estatuaren eta Elizen arteko Bereizkuntza legearen (1905) ondoren ematuz joan zen. Iparraldean erlijio katolikoaren aldeko liburuak eta prentsa katolikoa argitaratzen dira batez ere.

Erlijio liburuen artean genero garrantzitsuenetako bat hagiografia da (santuen bizitzak). Genero honetan kontaera nagusi da. Laphitz, Ioanategi, G. Arrue eta K. Beobide dira egile aipagarrienak. Hegoaldean ere erlijio eta eliz

Mende bukaeran erlijio eta Eliza katolikoaren aldeko liburu ugari argitaratu zituzten Iparraldeko idazleek. Elizgizonak ziren eta euskaldun fededunak laizismotik babesteko idatzi zituzten otoitz-, dotrina- eta debozio-liburuak, santuen bizitzak, gizarte-gaiezkoak nahiz gertaera historikoen istorio interpretatuak. Laphitzen liburua III. Errepublika eraiki baino urte batzuk lehenagoakoa da.

  • Frantzisko Laphitz (1832-1905)

Laphitz Arizkunen (Baztan) sortu zen, baina aita Irisarrikoa (Nafarroa Beherea) zenez, hemen iragan zuen haurtzaroa. 1867an aita Betharramdar izateko botuak egin eta Montevideora joan zen, eta ondoren Paraguay eta Buenos Airesera; horko "Euskal Etxea"rekin harreman estuak izan zituen.

Haren liburu ezaguna egilearen izenik gabe agertu zen: Bi saindu heskualdunen bizia: San Inazio Loiolakoarena eta San Franzisko Zabierekoarena (1867). Laphitzen mintzaira ulerterraza da. Haren liburua kontakizun bizi eta dramatizatua da.

  • Basilio Joanategi (1837-1921)

Isturitzen (Nafarroa Beherea) jaioa, 1880an Belloc-eko beneditar egin zen. XX. mende hasieran, fraideak Belloc-etik egotziak izan zirelarik, Lazkaora (Gipuzkoa) etorri zen, hil arte hor egonez.

Joanategik batez ere hagiografia liburuak argitaratu zituen, nahiz debozioliburuak ere idatzi zituen: Ehun bat Sainduen bizitzea (1876), San Benoaten bizitzea (1887). Sainduen Bizitzea (I, 1890; II, 1900). Bihotz sakratuaren hilabetheko esku-liburua (1894).

Almanak egilea ere izan zen urte askotan: Fedearen Propagazioneko urtekaria edo Fedearen Propagazioneko berriak urteka ematen dituena. Misiolariek frantsesez bidaltzen zituzten berriak itzuli zituen bi hilabetekari horretan.

Joanategiren idaztankera argia eta samurra da.

  • Jean Pierre Arbelbide (1841-1905)

Eiheralarre-Zaron sortua (Nafarroa Beherean), Hazparneko misiolarien buruzagia izan zen.

Obrak:

Bokazionea edo Jainkoaren Deia (1887).

Erlisionea (1890).

Igandea edo Jaunaren Eguna Meza-Bezperen othoitzekin (1895). Hitzaurrean egileak euskarari eta euskaldungoari buruz dituen ideiak agertzen ditu: garbizaletasuna, euskara atzerritarrekiko babes gisa, euskal emigrazioaren arriskuak etab.

Heren Ordrea (1890).

Arbelbidek azalpen argia eskaintzen du, haren estiloak prediku kutsu nabarmena du eta hots handikoa da. Hizkuntza landua du, hautatua, garbia eta jatorra, aberatsa hiztegian, dotorea.

  • Etienne Lapeyre (1840-1893)

Kredo edo Sinhesten dut Esplikatua (1891). Hazparneko Kalbarioa (1892) liburuan ere badira haren bi prediku, Lapeyre predikalaria baitzen.

  • Laurent D'Iharasarri (1848-1902)

Saran sortua eta Orzaizen hila, Kanboko erretore izan zen. Hauteskundeetan "xurien" deputatugai izan zen 1894an.

D'Iharasarrik argitaratu zituen liburuak itzulpenak dira: Aphezen dretxoak eta eginbideak eletzionetan (1890); Erlisionearen ixtorioa laburzki (1890); S. Antonio Padukoa (1897); Maiatzeko liburu berria (1900). Harena dateke Oraiko eskolak (1892) liburuska, gurasoei adierazten diena zein diren eskola onak (dotrina katolikoa irakasten duten eskolak) eta txarrak (eskola laikoak), haurrak eskola txarretara ez bidaltzeko aginduz. D'Iharasarrrik azalpen argi eta garbiak egin ohi ditu, hizkuntza soila erabiliz eta apaindura ardurarik gabe.

  • Mixel Elizanburu (1826-1895)

"Frère Innocentius" Heletan sortua izan zen eta Hazparneko Lasalletarren ikastetxean irakasle eta zuzendari gisa ari izana.

Obrak:

Zer izan diren eta zer diren oraino Framazonak munduan (1890). Bigarren edizioa urte hartan berean: Framazonak (bigarren edizionea) eta Frantziako hirur Errepubliken ixtorioa laburzki (1890). Egileak framazonak edo masoiak eta judutarrak gaitzesten ditu. Grinaz, amorruz eta txispaz idatziak dira, bizitasunez, argitasunez eta zalutasunez.

Lehenagoko eskualdunak zer ziren (1889). Egileak haurtzaroan ezagutu zuen bizimodua goratzen du eta garai berriak gaitzesten, umoreari ere leku eginez eta hizkera bizi eta herrikoian ixtorio sorta kontatuz.

Joanes Batista dohatsuaren Bizia (1891).

Mixel Elizanburuk hitzak non-nahitik hartu eta erabiltzen ditu, etorkiari begiratu gabe. Haren idaztankera ez da landua eta hots handikoa, Arbelbiderena bezala. Burrukalaria edo oldarkorra da, polikidura eta tolestura gabea, berezkoa.

Iparraldean bezalatsu, Hegoaldean ere liberalismotik eta laizismotik babesteko idatzi zituzten elizgizon zenbaitek beren erlijio liburuak. Hagiografia garrantzitsua da; aipatu dugu G. Arrueren Santa Jenobebaren bizitza.

Krispin Beobide (1848-1891). Azpeitikoa. Asis-ko Loria (1885) San Frantziskoren biografia luzea da, herri-sundazko euskara aberats eta jatorrean idatzia (1885).

Jose Ignazio Arana (1838-1896). Azkoitiakoa eta jesuita. Euskal literatura eta metrikan oso aditua. Euskal neurkerazko lan bat idatzi zuen (Arte métrica bascongada, 1992.ean argit.), baita ortografiazko lanak. Poesia ugari idatzi zituen, bere garaikideenak baino landuagoak. Obrak:

San Ignazio Loiolakoaren bizitza laburtua euskaraz eta gaztelaniaz (1872), gipuzkeraz. Bai, pekatu da liberalkeriya (1888), Sardá y Salvany-ren El liberalismo es pecado-ren itzulpena da.

Andres Iturzaeta (1838-1912). Otxandioko (Bizkaia) abadea. Urtearen domeka guztietarako berbaldiak (1894), Berbaldiak izenez ezagutuak. Aita Gaspar Astete-ren ikasbide kristinaukorraren azalduera laburrak (1899) aurrekoa baino are larramenditarragoa da.