Kontzeptua

Euskal Literatura Klasikoa: XIX. Mendea

Euskal literaturan tradiziozko bertsogintzaren -kantuari lotua- eta neurtitz kultoen arteko tenka nabarmen agertzen da, XVI eta XVII. mendetik hasita. XIX. mendean ere zenbaitek (Kamusarri, Xaho, F. Michel...) bertsolari edo bertso-molde ohikoa erabiltzen dutenen (bertso-jartzaileak, adib.) eta poeta landuen arteko bereizketa egin nahi izan zuten. Bereizketa hau, hala ere, egile edo ofizioaren araberakoa da, eskola eta bertso-moldeen araberakoa baino gehiago. Izan ere, egileek garrantzi handiagoa eta beste status bat hartzen dute erromantizismoarekin.

Egun bat-bateko bertsolari eta aldi berean bertso-jartzaile gisa ezagunagoak diren batzuk (Etxahun, "Bilintx", Otaño...) poeta izan zirelako iritzi zabala dago (ez denek onartua, hala ere), eta iritzi honen arabera bertsolari bat poeta izan daitekeela ez da erabat ukatzen.

Nolanahi ere, herri bertsogintzaren eragina oso handia da, ez bakarrik XIX. mendeko bertso-jartzaileengan, poeta edo neurtizlari gehienengan ere bai. Lore Joko edo Euskal Festetako poesia bertsolaritzaren seme da gai, teknika, baliabide eta hizkuntza poetikoaren aldetik eta XX. mendeko olerkariak etorri arte ez da aldakuntza handirik gertatuko.

Erromantizismoak eta Lore Joko edo Euskal Festek (1853an hasiak), poesia instituzionalizatuz eta eratuz, baldintzatzen dituzte bai bertsolaritza eta bai poesia landua. Beroriek markatzen eta bereizten dute aurreko garaia eta ondokoa.

XIX. mendeko bigarren erdian Antonio Abadiak Euskal Festak edo Lore Jokoak eratu zituen, lehena Urruñan 1853an eta azkena Ezpeletan 1896an.

Lehiaketetan hasieran poesia agertzen da, gai nahitaezkoa Ameriketarako emigrazioa izanik. Aurki bat-bateko bertso lehiaketa ere agertuko da 1856tik aitzina; bertso-saiotan jarri ohi ziren gaiak bizimodu, ogibide eta antzekoekin lotuak ziren (hiritarra eta laboraria, ezkondua eta donadoa etab.). 1853tik aitzina koblakariok aitortzen dute beraien bertsoak doinu ezagun bati egokituz eginak direla.

Lore Jokoek bertsolari eta bertso jartzaile anitz erakarri zuten, are mugaz honaindikoak, baita poeta batzuk. Euskal Festetako bertso-jartzaile eta poeten artean aipagarriak dira J. B. Elizanburu, L. Elizanburu, G. Adema "Zaldubi", Pierre Dibarrart (1838-1919) Joanes Oxalde (1814-1897), J. B. Larralde (1804-1870), M. Guilbeau (1839-1912), Ch. Bécas (1847-1911), J. Gorostarzu (1829-1868), P. Harispe, A. Etxeberri etab. Hegoaldekoen artean aipagarriak dira Arrese Beitia, Arana, Iraola, Artola, López Alen, Casal, K. Etxegarai, A. Arzak, K. Otaegi (1836-1890) etab.

Lore Jokoak ez ziren izan literatura esparruko gertakari bat, Catalunyan bezala, folklorearen osagai bat baizik (bertsolariak ez ezik herri-kirolariak ere aritzen ziren). Kultura maila apala zen. Lore-Jokoetatik sortzen den poesia etorkiz eta formaz bertsolaritzaren seme da gai, teknika eta baliabide formalen aldetik. Hizkuntza poetikoari dagokionez ere, bertsolariena da poetena baino gehiago.

Lore Jokoek euskara zabaldu eta euskal literatura eratu eta erakundetu zuten. Poesia zuzpertu zuten eta ondotik kontaera eta teatroa abian jarriko dira.

  • Jean Baptiste Elizanburu (1828-1891)

Saran sortua, aduanazaintzan aritu zen bere anaiekin, horien arteko bat, Leon, bera bezala poeta izango zena. 30 urtez sorterritik kanpo hainbat herritan ibili ondoren, 1870an, Napoleon III.aren erorikoan, Sarara etxeratu zen, kapitain mailarekin. Politikan errepublikarra zen eta kazeta-artikulu zenbait idatzi zuen politikaz, euskaraz. G. Adéma "Zaldubi"ren eta garaiko euskalarien (Webster, Guilbeau, Manterola...) adiskidea izan zen.

Elizanburu ez da bat-bateko bertsolaria. Poeta gisa ezagutzen da batez ere. Hamalau bat dira J. B. Elizanbururen poesiak. Hona kantu ospetsuenetako batzuk, gaika: jaiolurra eta baserriko bizitzaren baretasuna ("Nere etxea" edo "Laboraria", 1862, "Ikusten duzu goizean" hasten dena); maitasuna ("Aingeru bati"); andrearen edertasuna ("Maria", 1865); ziri eta maiseoa ("Lau andren besta"); herrimina ("Agur herriari", "Xori berriketaria"); herria eta politika ("Biba Frantzia", "Lehen eta orai"). Aipagarriak dira gainerakoak ere: "Infirmerian", Gazte hiltzera doana"; "Apexa eta Lorea", "Eskuara eta eskualdunak", "Zapataina (edo Gizon zuhurra)" eta "Maite zaitut".

Neurtizlari trebea da Elizanburu: 11-12 bertso mota darabiltza, ugarienak 7/6, 7/5 moldekoak (Iparraldean 13-12 silabako laukoak). Doinuen berriztatzailea da, Iparragirre bezala: herri-kantuak erabiltzen ditu, operakoak ("Aingeru bati"), edo agian berak asmatuak ("Nere etxea").

Hizkuntzaren jabe da Elizanburu. Lapurtera garbia eta ulerterreza darabil. XIX. mendeko poeta hoberena da, askoren ustez.

Hitz lauz: Piarres Adame Saratarraren zenbait hitztorio (1889) eleberri laburra argitara zuen. Piarres Adame saratar jator, ditxolari eta bertsolariak Pello gazteari, Olhetako festetara doazela, kontatzen dizkion istorioek, berari gertatuek, betetzen dute liburuskaren zati handi bat. Zaharrak gazteari bizitzako ikasbidea erakusten dio beraz. Egileak euskalduntasunaren irudi bat eman nahi duela dirudi, tradizioaren elementu garrantzitsuen bidez (jatortasuna, umorea, jan-edana, dantza etab.). Umorea eta atsegina dario kontaerari.

  • Gratien Adéma "Zaldubi" (1828-1907)

Senperetarra (Lapurdi). Baionako katedraleko kalonje. Lurdeseko agerraldiak gertatu ondoren (1858) erromesentzat prediku, kantika eta gidaliburuskak egin zituen (1875, 1877). Neurtizgile ospetsua izan zen eta 1893an omenaldi bat egin zioten, berak karia horretara "Gauden Euskaldun!" kantu ospetsua ondu zuela ("Zazpi Euskalherriek bat egin dezagun / Guziak bethi, bethi, gauden gu Eskualdun!" errepika dutenak). 1901ean Iparraldeko eta Hegoaldeko idazleen bileretan (Hendaia, 1901; Hondarribia, 1902) Adéma mahaiburuko izendatu zuten, baina ez zen gai izan bilkura horiek bideratzeko.

"Zaldubi" neurtizlari ikasia da, ez bat-bateko bertsolaria. G. Adémaren neurtitzak Eskualduna kazetan argitaratu ziren, gero RIEV II.ean 1908an. Neurkeraz "Art poetique basque" artikulu saila agertarazi zuen (1899).

"Zaldubi"k alegien saila landu zuen, La Fontaine-n hamazortzi bat alegia itzuliz eta are bersortuz. Zortziko txikietan moldatu zituen eta elkarrizketa bizi, hitz joko eta umorez jantzi. Sariak eskuratu zituen Lore Jokoetan: 1783an "Bildotsa eta otsoa" eta "Belea eta Axeria"rekin. "Zaldubi"k politika sartzen du alegiotan, bere garaiko gatazkei buruz ari baita, Errepublikak ekarritako pentsabide eta bizimodua gaitzetsiz. "Zaldubi"k kantikak edo eliz kantuak ere ondu zituen (31 gutxienez), katixima, Ama birjina, santuen bizitza etab. gaitzat hartzen dituztenak, harenak izanik egun elizetan kantatzen diren zenbait.

Kantu profano asko ere harenak dira, horietako franko ezagunak egin direnak. Batzuk, irrigarriak: "Martin eta Kattalin" (1851) edo "Hitzuntziak" (1857). Beste batzuk, politikazkoak, hots, Errepublikaren kontrakoak: "Betiri Sants" bigarrena (1875), "Errepublika" (1876). Baditu pilotarienak ere: "Pilotariak" (1857). Eta sorterrizaleak, azken aldikoak: "Eskualdunak" (1882) edo "Gauden gu eskualdun" (1893).

"Zaldubi"ren neurtitz guztiak kantatzeko eginak dira, doinuak berak asmatuak izan edo ez. Musikaren arabera ondu zituen bere bertsoak. Aberatsa da estrofa molde desberdinetan (25 bat): horien artean hamahiru silabako lauko berdina edo zortziko txikia nagusi da.

"Zaldubi" neurtizlari zehatza da, nahiz ez Elizanburu bezain gozoa. Iparraldeko bertsolarien hizkuntzamoldean eta prosan eragin handia izan zuen.

  • Martin Hiribarren (1810-1866)

Azkainekoa, Bardozen apaiz egona. Euskalaria, idazlea eta poligrafoa. Tradizioei atxikia zen. Xahoren adiskide eta garaitsukoa da.

Bi bertso-liburu argitara zituen:

Montevideoko berriak liburuska (1853), Ameriketarako emigrazioaren aurka.

Eskaldunak (1853), 5.000 bertso-lerro dituen poema, garaiko gauza eta pertsonen zerzeladaz beteriko kontuak biltzen dituena.

Hitz lauz: Eskaraz egia (1858). Sinestegabeei edota erlijio guztiak onartzeko modukoak direla ziotenei ihardesteko eta ihorditzeko idatzia.

Argitaragabe utzi zuen Napoléon Lehena (1856en idatzia, 1994an argit.) eta Laborariak poema. Erran zahar eta aforismo ugari idatzi zituen, orotara 1300 inguru.

Martin Hiribarren poeta baino areago neurtizlaria da, erritmoaren zentzua duena. Bertso eliptikoak dira harenak, bihurketa gehiegizkoak egiten ditu errimaren faboretan. Hiztegi aberatsa du. Herri-bertsogintza moldetan dabil.

  • Piarres D'Ibarrart (1838-1919)

Piarres D'Ibarrart, Jatsukoa, gazte denboran bertsolari gisa ibilia, Baigorriko xantre edo eliza-kantari jarri zen eta harrezkero ez zen plazetan agertu, erretorak debekatu baitzion. Bertso jartzaile bezala da ezaguna eta Euskal Festetan saritua izan zen (1882, 1893). Harenak dira "Itsua eta sastrea", "Mixelengo zubia", "Mutil zahar bat bere mahastian" eta beste zenbait kobla ezagun.

  • Joanes Otxalde (1814-1897)

Joanes Otxalde, Bidarraikoa (Nafarroa Beherea), aduanazaina. Bertsolari eskolatua eta bertso-jartzailea, herriko festa, eztei, pilota partida eta abarretan ibilia; ditxolari paregabea. Arrakastatsua izan zen mende erdi batez. Errepublikarra, hots, "gorria". Otxaldek Euskal Festetara zenbait bertso bidali zuen: 1867an "Xuriko"ren bertso aipatuak, G. Adémak orrazturik; 1890an "Etxahun eta Otxalde" izenekoak, orduko hila zen zuberotarraren omena zabaltzen lagundu zutenak; 1878an "Kilo-egilearen kantuak", saritua izan zena.

  • Jose Mendiage (1845-1937)

Jose Mendiage, Hazparnekoa, Amerika Beherera joan zen, Montevideon eta Buenos Airesen euskaldunen biltzarretan bere bertsoak kantatu zituen eta euskaldunen arteko elkartasuna bultzatu, P. M. Otañok bezala.

Haren kantuen bilduma, Zazpiak bat-Eskualdun kantuak, arrakastatsua eta behin eta berriz argitaratua izan zen (Buenos Aires, 1900, 1904, 1910; Txileko Santiago, 1916). Aski ezaguna da haren "Kantuz" izenekoa, non bertso-lerro guztiak hitz horrekin hasten baitira. Umore ona eta zorroztasuna darie haren bertsoei.

Bilintx eta Otaño bertso-jartzaile eta benetako poetak dira, bertsolaritzan ere aritu arren. Biak dira bertsolaritzaren Urre Arokoak, bertso-paperek indar handia duten garaikoak. Iparragirrek bertsolaritzara ekarria ere aintzat hartzekoa da. Erromantizismoaren ikuspegia nabaria da egile hauengan. "Bilintx"ek gai berria dakar -maitasuna- eta hizkuntza poetiko landua, eta Iparragirrek doinu, ahapaldi eta gai berriak -herria, lur- eta urruti-mina-.

  • Jose Maria Iparragirre (1820-1881)

Urretxukoa (Gipuzkoa). Ez dakigu ziur jendaurreko bertsogintzan aritu ote zen, bai ordea bertso-jartzaile izan zela. Lehen karlistate ondoan Euskal Herria zegoen egoera tamalgarriak hunkituta, kantari ibili zen batetik bestera. Iparragirreren saio onenak eta euskal gaiak gehienbat 1857 artekoak edo erbesteratu aurrekoak dira.

Xenpelarrek aitortzen du "Iparragirre abilla dala", "eskola ona eta musika / bertsolaria gaiñera". Baina "baserritar legera" egiten dio erronka, hau da, bat-bateko bertsotan norgehiagoka. Bestenaz "ni enauzu ibiltzen" / kantuz dirua biltzen / komediante moduan" esatean, berak, Xenpelarrek, debalde kantatzen zuela adierazten du. Bertsogintza eta irudi berri bat ekarri zuen beraz Iparragirrek.

Iparragirreren bertso edo kantuak gaika sailkatzean, multzo eta azpimultzo batzuk bereiz daitezke. Lehenbizi, Euskal Herria edo, zehatzago, haren sinboloa ("Gernikako Arbola"), borrokaren zantzua ("Nere amak baleki"), herrimina ("Agur Euskalerriari", "Kantari euskalduna", "Nere etorrera" edo "Hara nun diran" hasten dena), jaioterria ("Ameriketatik Urretxuko semeei"), etorkizuna ("Jainkoa eta arbola", "Gu gera"), lurra ("Nere oldozmena").

Bigarrenik, emakumearen ikusmolde erromantikoa ("Nere maitearentzat" edo "Ume eder bat..." hitzekin hasten dena, "Zugana, Manuela", "Nere izarra", "Beltzerana").

Hirugarrenik, fartza modukoak, nahiz dela jan-edan ("Glu, glu, glu"), gose ("Errukarria") edo andrearen parodia ("Ezkongaietan").

Laugarrenik, konpromezu bertsoak ("Gora Euskera", "Okendori", "Nabarrako Euzko Bazkuna" etab.).

Iparragirrek euskal gaia indartsu sartzen du bertsolaritzan eta eragin handia izan dute lehen multzoko gaiok: Gernikako Arbola sinbolo bezala, Euskal Herria foruetan mamitua, erbesteratuen herrimina, lurra hezurrak uzteko lekua...

P. M. Otañok hurbiletik jarraitzen dio euskal gai honetan. Iparragirreren eragina tropo eta topiko bihurtu diren esaeretan ere agertzen da: "Eman da zabal zazu / munduan fruitua", "Baiñan biotzak dio / zoaz Euskalerrira", "nere lur maite ontan / ezurrak uzteko". Baita zortzikoaren finkapenean eta doinu berrien premia eta egokitzapenean eginiko saioan -nahiz batzuk kanpokoak izan-. Musika erromantikoa da hark dakarrena.

Zortziko txikian moldatu zituen bertso gehienak (7 / 6), gutxiago zortziko nagusian. Puntua nahikoa aberatsa izan arren, erraza da eta ez "Xenpelar" edo "Bilintx"ena bezain zehatza.

  • Indalezio Bizkarrondo "Bilintx" (1831-1876)

Donostiakoa. Bi karlistateen bitartean bizi, ondu eta argitaratu zituen bere bertsoak, erromantizismo garaian. Pertsonaia ezaguna, bizitzan zorigaitzak joa izan zen.

Bertso asko egileak izenpetu gabe agertu ziren. 35 poesia inguru gordetzen dira; beste asko, galdu egin dira. Oso ezagunak dira batzuk, herri kantutegira igaro baitira: "Biyotz erituba" edo "Triste bizi naiz eta" hasten dena, "Loriak udan", "Domingo Kanpaña", "Ja-jai", "Juana Bixenta Olabe"....

"Bilintx" kultura-zaletasun eta arte sentiberatasun handikoa zen, etorri ugarikoa, sentimendu sakon eta finekoa. Gaztelaniazko poetak irakurri eta haien eragina izan zuen: Becquer, Campoamor, Trueba, Aguilera...

"Bilintx"en gai nagusia maitasuna da. Nabaria da erromantizismoak "Bilintx"en bertsoetan duen eragina maitasunaren gaian, hartaz duen ikusmoldean, nitasunak hartzen duen garrantzian, damaren irudiaren deskripzio eta konparazioetan, eta topiko erromantikoen erabileran. Maitasunaren kontaera-bidea bertsolarien eskolakoa da gehienetan (zortziko txikian), baina epigrama erara kontatuak ere badira ("Ja-jai", "Nik au pensatu nuen"), edo era lirikoan ("Juana Bixenta Olabe"), baita jostagailu gisa ("Doloresi"). "Bilintx"en beste alderdi bat erakusten dute ziri-bertsoek. Horiek bertsolarien eskolakoak dira ("Potajiarena", "Domingo Kanpaña", "Zaldi baten bizitza"). Kontaera gisakoak dira beste batzuk ("Begirozute pikadoriak", "Pobriaren suertia", "Penetan daramazkit").

"Bilintx"ek landu egiten du bere poesia. Baliabide poetiko ugari eta desberdinak erabiltzen ditu: konparazioak, bertsolarien klitxeak, baliabide erretorikoak eta hizkuntza poetikoari dagozkionak.

Teknika aldetik, bertsolarien usariozko legeak garaiko joerekin lotzen ditu ("Ja-jai"), idatzitako poesia eta bertsolaritza elkarri hurbilduz. Puntu aberatsa da harena. Doinu ez ohikoak ere erabiltzen ditu ("Hurra Pepito", kontaerakoa, "Juana Bixenta Olabe" izenekoan). Zehatza da erritmo eta neurkerari dagokionez, agian literatura idatziaren eraginez.

  • Eusebio Maria Azkue (1813-1876)

Lekeition jaioa, itsasoan urtetan ibilia eta bere herrian Nautika irakaslea. Pentsakeraz tradizionalista edo kontserbadorea zen. Manterolaren Cancionero Vascon haren poesia anitz bildu zen. Hilda gero, haren poesiak R. M. Azkue semeak argitara zituen Parnasorako bidea izenburupean (1896).

E. M. Azkueren poemetan badira: debozio-poemak ("Dies irae" edo "Ave Maris stella" itzulpenak), ipuin edo alegiak, jolasgarriak, kondairazkoak, irrigarriak, ziri-bertsoak, bilantzikoak eta serioak (hauen artean aipagarria da "Apolo eta Musak"). Klasikozalea zen, mitologiaren erabileran erakusten duenez.

E. M. Azkue poeta narratiboa da batez ere, ez lirikoa, "Euskaradija" poeman erakusten duenez. E. M. Azkue ez da bat-bateko bertsolaria; klasikoen eta garaiko erromantikoen eskolan ikasia da. Erromantizismoaren eta kostunbrismoaren zantzuak nabari dira haren poemetan, adibidez nitasunaren garrantzia, lehen pertsonaren erabilera, inspirazioaren indarra, patu tristea jarraitu behar duenaren zorigaitza, exotismo-joera, etab.

  • Pello Mari Otaño (1857-1910)

Zizurkilekoa (Gipuzkoa), hiru aldiz Ameriketara joana, euskararen irakasle gisa jardun zuen Buenos Airesen. Abots kaskarrekoa baina bertsolari fina zen. Bertso-liburu bat argitara zuen: Alkar (1894, 1930).

Otañoren gai nagusiak Iparragirrerenen beretsuak dira: Euskal Herria, euskara, erbesteratuen herrimina, lurra. Nahikoa ezagunak dira haren bertso batzuk: "Ameriketako panpetan", "Aita-semeak", "Txepetxa", "Limosnatxo bat"...

Eragin handia izan dute hark idatzitako bertsoek bertsolaritzaren hizkuntzamoldearen eraberritzean, adibidez "Basarri"gan, tematikari -gero eta abertzaleagoa- eta batez ere hizkera txukunari dagokionez.

  • Felipe Arrese Beitia (1841-1906)

Otxandiokoa, ogibidez santugina. Alderdi Karlista utzi zuen, liberalek eta karlistek euskara eta foruez axola gutxi eta guda nahi zutela ikusirik. Haren "Ama Euskeriari azken agurrak" poemak Elizondoko Lore Jokoetan lehen saria irabazi zuen (1879). Izan ere, euskararen eta euskalduntasunaren etorkizunaren kezka bizia agertzen du, eta kezka hori Pizkundearen ezaugarria da. Beste 13 aldiz ere saritua izan zen Lore Jokoetan. Kanpion eta Duvoisin-ek Arrese Beitia goretsi egin zuten.

Euskal-Erria eta Euskalzale-n argitara ziren haren neurtitzak eta 1900ean Ama Euskeriaren Liburu kantaria-n bildu ziren. 1902an Asti-orduetako bertsozko lanak argitara zuen.

Gaien arabera sailka daitezke haren neurtitzak: kantu herrikoiak (euskara, foruak, Gernikako Arbola...), lirikoak, eliz kantak, alegiak, ipuinak, irakurgaiak, hamalaukoak, odak, goresmen kantuak (gizon ospetsuei, adibidez), baita gaztelaniazko poeta zenbaiten (Herrera, Caro, Balbuena, Quintana, Zorrilla) itzulpenak.

Arrese Beitiak euskara indartsua, ugaria eta ederra du. Haren bertsoetan etorria, elokuentzia eta erretorika dago, lirika baino gehiago.

1876an bigarren karlistatea amaitzen da, eta euskaldunek foruak galtzen dituzte. Kezka bizi bat sortzen da euskararen biziari eta etorkizunari buruz. Mugimendu honen erakusburu dira euskal liburuen argitalpen eta berrargitalpenak. Orduan agertzen dira, adibidez, J. A. Mogelen Peru Abarka, P. P. Astarloaren Discursos Filosóficos, Larramendiren Corografía, Aizkibel-en Hiztegia etab.

Jose Manterola donostiarrak (1849-1884) euskalzaleak biltzen ditu bere poesia bilduma eta aldizkariaren inguruan, eta euskal literaturan aro berri bat hasten da. Cancionero Vasco (1877-1880) bilduman euskalki eta garai guztietako bertso eta kantuak bildu zituen generoka: amodiozkoak, ziri-bertsoak, alegiak, historia-, aberri- eta erlijio-kantak itzulpenekin, azalpen oharrekin, iritzi kritikoekin, egileei buruzko datuekin, are doinuekin. Manterolak bere kantutegian Etxepare, Meagher, Iztueta, Iturriaga, Iparragirre, Elizanburu, Arxu, Guilbeau, Dibarrart, Bilintx, Artola, Azkue, Uriarte, J. I. Arana, eta abarren bertso eta poesiak bildu zituen. Bilduma literarioa da, beraz, eta ez folklorikoa.

Ondoren Manterola Euskal-Erria aldizkaria ateratzen hasi zen (1880-1918). Euskaraz hainbat lan argitaratu ziren hor, bertsoak batez ere, baina ez zen izan aldizkari literario bat huts-hutsik, Euskal Herriko hizkuntza eta historia ere lantzen baitzituen. Hor bildu ziren Aita J. I. Arana, R. Artola, F. Arrese Beitia, E. M. Azkue, A. Kanpion, S. Baroja, K. Etxegarai, A. Abbadie, J. B. Elizanburu, J. Vinson, Harispe, Duvoisin, K. Otaegi, M. Soroa, A. Trueba, G. Adéma, P. M. Urruzuno, V. Arana, etab.

Pizkundea Donostian mugimendu literarioari lotuago egon zen. Bizkaian, Araban eta Nafarroan beste erakunde batzuk sortu ziren. Erakunde horietan bildu ziren orduko euskalzale jakintsuak, euskal kultura sustatzeko asmoz. Adib., Nafarroan Asociación Eúskara de Navarra eta Revista eúskara (1878-1883), Gasteizen Revista de las Provincias Eúskaras (1878-1879). Bizkaian A. Artiñano Euskararen Akademia bat sortzeko asmoa agertu zuen 1886an.

Iparraldean 1853az geroz D'Abbadie jaunak urtero antolatzen zituen Euskal Festak 1879an ospatzen dira lehen aldiz mugaz honaindian, eta lehen aldiz probintzia guztietako poetak eta bertsolariak aurkezten dira. Urte horretan Arrese Beitia-ren "Ama Euskeraren azken agurrak" sariztatua da. Poesia horrek giro bat sortu zuen, hari erantzunez ondu ziren bertsoak lekuko, adibidez A. Arzak-en "Iltzen bazaigu Ama Euskera Euskaldunak illak gara". "Ama Euskera" topiko bihurtu zen: K. Etxegarai eta J. I. Uranga-ren bertso zenbaiten izenburuan ere agertzen da.