Kontzeptua

Euskal Herriko zuhaitz sakratuak

Frantziako Pirinioetan, Fagus jainkoari (pagoa) egindako hainbat eskaintza aurkitu dira, zuhaitzen irudiak dituzten aldare gisa. Esaterako, Croix de l?Oraison, Saint Bertrans de Comminges-en. Sexs arbori deo (sei zuhaitzen jainkoa) dugu erromatarren garaiko lekukotasun epigrafiko interesgarri bat (Marco Simon, 2007-2008:1023-1025).

Caro Barojak (1989), halaber, Marte jainkoaren (Marti Arixoni) -edo Arixo jainkoa (deus Arixon)- haritzarekin erlazionatzen du. Kasu horietan, epigrafiak erromatarren garaira eramaten gaitu. Dena den, zuhaitz-jainkoekin lotutako beste gurtza batzuk daude, eta lehenagokoak izan daitezke, esaterako: Faido, Arabako hegoaldeko kobazulo artifizialetan agertutako zuhaitz baten irudia (op.cit.:341-343).

Euskaldunentzat, haritza (aritz edo aretx) zuhaitz sakratua izan da (arbol vitae-aren tokiko bertsioa). Kondaira batek dio Eneko Aritzak, Nafarroako lehenengo erregeak, haritzarengatik zeramala ezizen hori (ikus:344-345).

Dirudienez, haritzak Euskal Herrian duen indar sinbolikoak kristautasunaren aurreko erlijio-sinesmenekin bat egiten du. Horretan oinarritzen dira ere mendebaldeko Pirinioetako basoei lotutako mito eta kondaira batzuk. Horixe da Basajaunaren kasua. Toki batzuetan, hala nola Goñi harana, basoan hazten den haritz zaharra izan da jainko horren irudikapena (Perales Diaz, 2011: 10). Pertsonaia mitologiko horrek gorputz iletsua, bizar luzeak eta indar harrigarria ditu, eta zalantzarik gabe, antzina basoetako bigarren mailako jainkoa edo numena izan zen (Caro,1989: 347).

Zuhaitzei eta basoei buruzko mitologia tradizional horren izpirituek eta jainko zaharrek lotura zuzena gordetzen dute pasadan mendeko etnografoek eta folkloristek -Barandiaran (2007) eta Resurreccion Maria Azkue (1989), adibidez- bildutako sinesmen magiko batzuekin.