Kontzeptua

Euskal Ahozko Literatura

Bertsolaritza kantuan bertsoak bat-batean sortzea da, gai baten edo batzuen inguruan. Saio tankeraren arabera, batzuetan gai-jartzaile batek eman edo zuzentzen die gaia bertsolariei, edo bertsolariek eurek euretara jarduten dute, gehienetan bik, elkarren artean dialektika modukoa sortuz, elkarri bertso bidez ziria edo kontrako iritzia erakusten dutela ia beti.

Argumentua edo mezua, bertsoaren mamia, garanduz garanduz doa, eta amaierarako uzten da ideia nagusia, garrantzitsuen edo eragingarriena, mezuaren muina. Bertso-ahapaldia ona izateko kontuan hartzen da neurria ondo betetzea, puntuak edo errimak egokiak izatea, beti ere hitza errepikatu gabe, hau da, poto egin gabe. Gaiari lotzea eta egoki garatzea ezinbestekoa da.

Normalena bertsolari bat baino gehiagoren arteko saioa da, elkarren arteko lehia, elkarri gaia eman eta erantzunez kantaldiari bizitasuna emanez.

Bertsolaritza aspaldi-aspaldikoa dela jakin arren, gizonezkoen taberna giroarekin lotuta egon da. XX. mendean Manuel Lekuona hasi zen bertsolaritzaren balioa goratzen literatura aldetik eta, mendearen azken hamarkadetan zabaldutako bertso-eskolen bitartez, jende eskolatua bereganatu du, bai bertsolari bai entzuleen artean.

Horren eraginez neurri batean, hasi gara plazan andrazkoak ikusten. Neurrietan, betiko zortziko nagusi, zortziko txiki, bederatzi puntuko ezagunenez gainera, bertsolariek eurek sortutako doinuak eta neurri bereziak ugaritzen doaz. Eta bertsolaritzaren agertokiak eta moduak asko ugaritu dira, performance mota askotara zabaldu da: triki-bertsoak, bertso-afariak, musikari klasikoei laguntzen, antzerkietan txertatuta...