Kontzeptua

Euskal Ahozko Literatura

Juan Mari Lekuonak izen hori eman zien dantza, musika eta letra batzen dituzten herri kantu txikiei. Dantza eta kantuarekin batera, jolasa ere badira, lelo errepikatuekin batera. Sailkapena ere berea da.

Poesia dekoratiboa esaten die esanahi argirik gabeko poema laburrei. Gehienetan haurrei abesten zaizkie. Berba ezagunen batekin batera, soinuek sentsazioak eragiten dituzte, mezu jakin bat eman baino gehiago. Lo-kanta hau dugu adibide bat:

Ttun-kurrun-kuttun-kuttun-ku
ttun-kurrun-kuttuna!
Run-kuttun-kuttun-kuttun-ku
Run-kurrun-kuttuna!
Lo!
Run-kurrun-kuttun-na.

Egitura paralelistikoak osagai berdinak behin eta berriro errepikatuz osatutakoak dira. "Oi Pello Pello" kantua dugu horren adibidea. Estrofak denak dira berdinak, baina bakoitzean zeregin bat gehitzen zaio emakumearen lanari, gau osoa igaro arte. Lanaren nekea sentiarazten digula ematen du.

Leloak. Trikiti- eta fandango -kopletan sarritan errepikatzen dira hasierako edo amaierako bertsoak, tartean lelo bat sartuta, "Ai ene!" "Ai morena!" erako adierazpideak edo interjekzioren bat, ironia, umorea, grazia areagotzeko.

Arin-arin eitten dau
Soloan erbiek:
hutsik egiten ditu
punturik erdiek,
Ai, ai, ai!
punturik erdiek
ole morena!
Punturik erdiek
ole salada!
Soloan erbiek.

Enumerazioak. Kantu mota honetan, kateak lotzen dira, jeneralean zenbakien bidez adierazita, progresioa erakutsiz, gutxitik askora, txikitik handira edo bestelako irizpideren batekin, baina beti logika bati erantzuten diola.

Hamabi karga ardao zuri, hamaika karga ardao gorri, hamar karga ogi zuri, bederatzi zezen gorri handi, zortzi idi, eta zazpi behi, eta sei ahari, eta bost ahuntza, eta lau oilo, eta hiru uso, eta tortoilo bi, eta eper bat, drangiandran... hamalau frailek eta hiru andrak hauxe afaria jan genduana bart.

Elkarrizketa errimatuak. Halako kantuetan, galdera-erantzunez osatutako elkarrizketaren bidez katea sortzen da, galdera baten erantzuna berriro itaun bihurtuta.

-Bela bela jauna.
-Aita non da, jauna?
-Aita soloetan.
-Soloetan zer egiten?
-Artoak ereiten.
-Artoak zetako?
-Oiloarentzako.
-Oiloak zetako?
-Arrautzea egiteko.
-Arrautzea zetako?
-Abadearentzako.
-Abadea zetako?
-Mezea esateko.
-Mezea zetako?
-Aingerutxu biren erdian
zerura joateko.