Zinekoak

Euskadi, Hors dEtat

Arthur Mac Caig zuzendari iparramerikarrak zuzendu zuen dokumental erako film hau, eta Frontera Films (Ángel Amigo) euskal produkzio-etxeak eta Dhatana (Philippe d'Ovidio) etxe frantsesak produzitu zuten.

Arthur Mac Caig-ek egina zuen antzeko dokumental bat, baina irlandar kasuan zentratua: Patriot game. Lanari ekin baino lehen, zuzendaria kontu handiz hurbildu zen euskal errealitatera: elkarrizketak egin zituen, artxiboko material filmatua erabili zuen, eta euskal musika aztertu, soinu-banda konposatzeko. Aurretiazko lan horren ondoren, beste hauek egin zituen: lau asteko errodajea, hamaika filmaketa-ordu eta sei hilabete iraun zuen muntaketa-lana.

Dokumental bat izan zen fruitua, zeinak bi osagai nagusi baititu. Batetik, euskal errealitate soziopolitikoaren protagonista batzuen testigantzak ageri dira. Bestetik, irudi ongi hautatu batzuk. Euskal Herriak XX. mendearen zati handi eta gatazkatsu batean izan duen historia kontatzeko erabiltzen ditu zinemagileak, beti erreferentzia-esparru gisa. Jadanik Ángel Amigori La fuga de Segovia filmarekin gertatu zitzaion bezala, ETA politiko-militarraren apologia egitea leporatu zioten dokumentalari; ETAko adar horretako kideen testigantza ugariengatik, bereziki. Salaketa horien aurrean bere burua defendatzeko, Ángel Amigok esan zuen berak ez zuela esku hartu Mac Caig-ek elkarrizketak lortzeko egin zituen urratsetan. Euskadi hors d'etat dokumental interesgarria da. Euskal Herriak XX. mendean izan duen historia erakusten du; Gerra Zibiletik hasi, eta Espainian lehen gobernu sozialista agintzen hasi arte (laurogeigarren hamarkadako lehen urteak ziren orduan).

Irudi ugari eta mota askotakoak eskaintzen dira, hasi Gerra Zibilari buruzko artxiboko dokumentuetatik, eta PSOEk agintea hartu zuen garaikoak arte, eta, tartean, beste hauek: ETAk Melitón Manzanasen aurka egindako erasoa, Burgosko Prozesua, ETAren zatiketa, lehen hauteskundeak, autonomia estatutua eta Tejeroren estatu-kolpea. Zuzendariak eskuratutako testigantzak dira erakargarrienak, halere. Honako hauek igarotzen dira kameraren aurretik: ETAko kideak, polizia nazionalak, guardia zibilak... Aipatzekoak dira irudi ikusgarri batzuk ere. Gerra Zibilekoak, adibidez, edota Trantsizioan Super 8n hartutakoak: amnistiatuta itzuli ziren lehen militanteen harrera, edo urte gogor haietan Euskal Herriko herrietan eta hirietan maiz ikusi zen polizia-zapalketa basatia.



  • Amigo, Ángel: Veinte años y un día, San Sebastián, Igeldo Komunikazioa-Communication, 2001, 221 pp.
  • Larrañaga, Koldo; Calvo, Enrique: Lo vasco en el cine (las películas), Donostia-San Sebastián, Euskadiko Filmategia/Filmoteca Vasca-Caja Vital Kutxa Fundazioa, 1997, 583 pp.
  • López Echevarrieta, Alberto: Cine Vasco: de ayer a hoy -época sonora-, Bilbao, Mensajero, 1984, 331 pp.
  • Miguel, Casilda de; Rebolledo Zabache, José Ángel; Marín Murillo, Flora: Ilusión y realidad. La aventura del cine vasco en los años ochenta, Donostia-San Sebastián, Filmoteca Vasca-Euskadiko Filmategia, 1999, 295 pp.
  • Roldán Larreta, Carlos: El cine del País Vasco: de Ama Lur (1968) a Airbag (1997), Donostia, Eusko Ikaskuntza-Sociedad de Estudios Vascos, Ikusgaiak-Cuadernos de Cinematografía, núm. 3, 1999, 407 pp.
  • Roldán Larreta, Carlos: Los vascos y el séptimo arte. Diccionario enciclopédico de cineastas vascos, Donostia-San Sebastián, Filmoteca Vasca-Euskadiko Filmategia, 2003, 351 pp.
  • Unsain, José Maria: El cine y los vascos, San Sebastián, Eusko Ikaskuntza /Sociedad de Estudios Vascos-Euskadiko Filmategia/Filmoteca Vasca, 1985, 355 pp.
  • Zunzunegui, Santos: El cine en el País Vasco, Bilbao, Bizkaiko Foru Aldundia/Diputación Foral de Vizcaya, 1985, 603 pp.