Arkitektoak

Eusa Razquin, Víctor

Arkitektoa. Iruña, 1894ko martxoak 6; Iruña, 1990.

Victor Eusak Madrilen burutu zituen arkitektura-ikasketak eta 1920an eskuratu zuen titulua. Orduan Iruñara mugitu zen eta hiri horretan kokatzen dira bere arkitektura-obra gehienak.

Lizentziatu ostean bidaia bat egin zuen eta Paris, Amsterdam eta Viena zeharkatu zituen. Azken hiri horretan, garai hartan, artea borborka zegoen. Beranduago, 1923an beste bidaia bat egin zuen Mediterraneo aldera: Italia, Grezia, Turkia, Palestina, Egipto, etab.

1937-1941 bitartean Iruñako udal-arkitektoaren kargua bete zuen eta hainbat hiri-berrikuntza proiektatu zituen, esate baterako, Media Luna lorategiak edo Taconera ospetsua.

Era berean, Nafarroako Foru Aldundiko probintziako arkitekto izendatu zuten 1945ean. Kargu horretan 1962. urtera arte izan zen; dena den, kargu horretatik aparte 10 etxebizitza-eraikin proiektatu zituen Iruñan.

1967an San Fernando Arte Ederretako Errege Akademiako akademiko izendatu zuten.

1979an lanbidea utzi zuen, jarduera aktiboan bederen.

Victor Eusaren ibilbide profesionala arras luzea da (ia 60 urte). Ibilbide horretan hainbat joera topa ditzakegu: "Beaux Arts" tradizioko klasizismo tradizionala, estilo neomudejarraren eta euskal erregionalismoaren inspirazioa eta Vienako eskolaren eragina ere bai. Horren guztiorren ondorioz, hogeiko hamarkadaren amaiera aldera, "Art Deco" kutsua zuen espresionismoa landu zuen, oso pertsonala zena eta arrazionalismo handiago baterantz abiatzen dena. Hala ere, gerra zibilaren amaieratik eratortzen diren ondorio politiko eta ekonomikoen eraginez Eusaren obra estilo arkaiko, klasizista eta neoerregionalistaz zipriztindu zen.

Iruñan berak eginak dira, beste askoren artean, ondokoak: Uranga etxea (1922), La Vasco Navarra (1924), Erruki-etxea (1927), Pauldar Aiten eliza eta komentua (1928), Eskolapioen ikastetxea (1928), San Miguel Kontzilio-seminarioa (1931), Eslava Kasinoa (1931), San Juan de Dios ospitalea (1935), Erorien Monumentua (1940) eta Mariaren anaien ikastetxea (1956). Halaber, berak egindako hainbat obra kokatzen dira beste herri batzuetan: Donostiako Kursaal Handia (1922), Zudaire eta Hondarribiko eskola-udalekuak (1933), San Antonio eliza eta italiarren Panteoia Zaragozan (1940) edo Koliseo Zinema Eibarren (1947).

  • LINAZASORO, José Ignacio. "Víctor Eusa". Nueva Forma ; 90-91. 1973. 2. or.
  • SANTOS CALPE, Raquel. "Creatividad viva: Del expresionismo poético de Víctor Eusa al rigor constructivo de Moneo y Mangado". Revista del Ministerio de Fomento ; 509, 2002 , 190-195. or.
  • Víctor Eusa arquitecto: [exposición-homenaje celebrada en el Polvorín de la Ciudadela de Pamplona del 1 al 25 de diciembre de 1989]. Euskal Herriko eta Nafarroako Arkitektoen Elkargo Ofiziala, 1989.