Basilikak

Eunateko Andre Mariaren eliza. Muruzábal

Elizak oinplano oktogonala du, zortzi aldeetako baten ordez abside poligonal txiki bat dagoelarik. Absidearekin lerrokatua dagoen sarrera batek ardatz bat sortzen du, ate nagusia, berez, iparraldeko aldean dagoen arren. Atetik gertu, dorre baten barruan eskailera kiribil bat dago, garai bateko farora igotzeko behar bada, Torres del Ríon ikusi dugun disposizioaren antzera.

Altxaeran, murruak ongi landutako harlanduez egina daude. Barrutik bi gorputzetan banatuta daude hormak. Beheko atalean, oktogonoaren angeluetan harroina, fuste, kapitela eta zimazioa duten zutabeak daude. Zimazioen altura berean inposta batek zeharkatzen du elizaren perimetro guztia, bigarren gorputzaren abioa bide batez markatuz. Beheko zutabeen gainean beste zutabe batzuk daude, disposizio antzekoarekin, bigarren euskarri hauen fusteak askoz ere motzagoak diren arren. Hauen gainean, azkenean, estalkiaren nerbioak abiatzen dira. Bigarren atal honetan, gainera, leihoak irekitzen dira. Diseinu erromanikoa dute, baketoi bakarreko erdi puntuko arku batekin, eta harroina, fuste motza eta kapitela duten zutabetxoekin. Absidean disposizio hau zertxobait ezberdina da, beheko atalean erdi puntuko zutaberi itsu bat dagoelako, eta bigarren gorputzean sei leiho daude, hauetako hiru irekita eta beste hiruak itsuturik. Absidearen sarreran garaitza-arku bikoitza dago, erdi puntukoa ere, lehen deskribatutako antzeko zutabeen gainean.

Aipatutako zutabe hauen kapitelak landaretzarekin apainduta daude, animali eta gizakien figura xume batzuk ere dauden arren. Bereizi daiteke dantzari bat bi musikariekin, bizitzaren zuhaitza bi hegaztien artean, aingeru tronpetadunak, munstroak etab.

Fabrika honen estalkia profil karratuko zortzi nerbio dituen kupula da. Nerbioak giltzarrian elkartzen dira, oinplanoaren oktogonoak dituen irregulartasunak hemen zertxobait nabaritzen diren arren. Plementerian, gainera, elizaren barneko behar bezalako argiztapena ematen laguntzen duten leiho poligonal txiki batzuk irekitzen dira, hexagonalak eta oktogonalak. Absideak, azkenik, labe ganga bat jaso zuen, nerbioekin indartua.

Elizaren kanpoaldeak orain arte deskribatutako barnealdekoaren erabateko koherentzia du. Oktogonoaren angeluetan orden erraldoiko zutabeak daude, harroina, fuste luzea eta bolekin apaindutako kapitel begetalekin. Atal bakoitzean, gainera, zutabeen gainean doazen deskarga-arku zorrotzak daude, gotikoaren hurbiltasuna salatuz. Disposizio honetatik, noski, libratzen dira absidea eta sarrera duten oktogonoaren bi aldeak. Teilatua harlauzez osatua dago, eta gailurrean kanpai-horma bat ikus daiteke, erdi puntuko bi baorekin, kanpaiak kokatzeko, gehi erremate triangeluarrarekin.

Absidearekin lerrokatua dagoen atea erdi puntuko arkua daraman sarrera xumea da. Kanpotik badu loreekin apaindutako euri-babes bat. Sarrera nagusia, esan bezala, iparraldeko atalean dago, eta erdi puntuko sarrera txaranbeldua da, tinpanorik gabekoa. Hormaren lodiera soluzionatzeko lau arkibolta ditu, gehi kanpotik doan euri-babesa. Apaindura begetala daramate barruko arkiboltek, kanpotik doan arkiboltan gizakiak, animaliak eta munstroak ere ikus daitezkeelarik. Arkibolta hauek plinto karratua, harroina, fuste, kapitela eta zimazioak dituzten zutabeen gainean doaz. Kapiteletan landaretza eta pinaburuak daude, barnealdeko bi kapiteletan maskaroi bana ere ikus daitezkeen bitartean. Zimazioetan, azkenik, zirkuluetan inskribatutako izarrak daude.

Eliza guztia inguratuz arkuteria oktogonal irregular bat dago. Zortzi aldeetako hiru berreraiki zituzten XVII. mendean, garai horretan hondaturik zeudelako, eta gaur egun erraz bereizi daitezke, pilareen gainean doazelako. Beste hiru aldeak orijinalak dira, eta zutabe bikoitzen gainean doazen erdi puntuko arkuez osaturik daude. Kapitelak oso kontserbazio maila eskasa dute, baina oraindik ezagutu daitezke gai batzuk, hala nola maskaroiak, landaretza eta pinaburuak, kiribilak, lehoiak, Gurutziltzatu bat, apostolatua etab. Zimazioetan apaindura begetala dago baita ere.

Arte higigarriari dagokionez, eta garai batetan elizak erretaulak eta bestelako obrak izan bazituen ere, errestaurazioetan obra gehienak erretiratu ziren. XII. mendeko Amabirjina Haurrarekin ere izan zuen, baina orijinala desagerturik, gaur egun XX. mendeko bigarren erdialdean egindako lan bat ikus daiteke.

Elizatik oso gertu beste eraikin bat dago. Harlanduzkoez egindako etxetzar arrunta da, oinplano errektangeluar luzearekin eta bi solairuekin, sarrera erdi puntuko arku sinplea den bitartean. Etxe honetan egiten ziren, garai batetan, Eunateko Andra Mariren anaideen bilerak.