Literatoak

Etxeita, Jose Manuel (1979ko bertsioa)

Euskal idazlea.

1842an jaio zen Mundakan (Bizkaia).

Itsasgizona izaki, Larrinaga y Ciaren itsasontzietan nabigatu zuen eta ontziteriko kapitain-ikuskatzaile izan zen, Manilan bizi zen. Azkenik, enpresako zuzendaritza eskuratu eta kargu horretan aritu zen hamasei urtez. Baina bestelako goi-karguetan ere aritu zen: Manilako portuko lanen Batzarreko batzordekide, Filipinetako administrazioko kontseilari, Tabako-konpainiako kontseilari, Merkataritza Ganberako presidente eta Manilako Alkate.

Mundakara itzuli zenean, astronomia nautikoa ikasteari eta euskara lantzeari ekin zion. 1908an bigarren saria jaso zuen Mari Jesus ta Iru artzañak ipuinari esker. 1909an Josecho eleberria kaleratu zuen; 1910ean Jayoterri maitea izeneko bigarren eleberria; 1912an Zarautzen saria lortu zuen Itxasoa olerkiari esker; 1913an An, ori ta Bestia argitaratu zuen (poesiak); 1914an bi sari nagusi erdietsi zituen, bata Truebaren "Creo en Dios" ipuinaren euskarazko bertsioarekin eta, bestea Urikoa komediarekin. Euskal aldizkari ugaritan eta Euzkadi egunkarian kolaboratu zuen.

Mundakan hil zen 1915ean.

Eusko Jaurlaritzak argitaratutako Bidegileak bilduman informazio gehiago eskura dezakezu Jose Manuel Etxeitari buruz.