Biografiak

Etxehandi, Aña

Euskal kultur eragilea Ameriketako San Frantzisko hirian. Aña Etxehandi Eiheralarren (Behe Nafarroa) jaio zen 1935eko maiatzaren 13an.

1962an Ganix Iriartborde-kin ezkondu zen Eiheralarren. Ganix, Ipar Amerikan bizi zen euskal jatorriko gaztea zen, Euskal Herrira neska euskaldun batekin ezkontzeko asmoz itzuli zena. Ezkondu eta berehala abiatu zen bikote gaztea San Frantziskoruntz.

Urte askotan San Frantziskoko euskal ostatuetan sukaldari ibilitakoa zen Ganix Iriartborde. Diru pixka bat egin zuenean, 1956an, beste partzuer batekin Des Alpes ostatua hartu zuen. 1962an Añarekin batera erdizka jarriko ziren negozioan eta hala jarraitu zuten 1966an ostaleko beste kideak erretiratu ziren arte. Orduan senar-emazte gaztea negozio osoaren jabe egin zen. Ostal hartan euskaldunak biltzen zirenez Añaren bizitza amerikanoan euskaldunak protagonista osoa zeukatela esan daiteke.

Aña San Frantziskora iritsi zenerako sortua zen Euskal Kluba (1960), baita bere gerizpean sortu ziren Zazpiak Bat dantza-taldea eta urte batzuk geroagoko korala ere. Igande goizetan, euskal komunitatea pilota partiduak ikusteko elkartzen zen Broadway kaleko Helen Willis jolastokian. Partiduak ikusi ostean bazkaltzera eta ondoren musean jolastera joaten ziren. 1979an San Frantziskoko Udalaren hiri-plan baten ondorioz kantxa eta eraikina bota ziren. Euskal komunitatea biltokirik gabe geratu zenez, batzorde bat eratu zen pilota plaza egitearen alde zeuden euskaldunen artean. Basque Cultural Center (euskal kultur zentroa) Hego San Frantziskon inauguratu zen 1982ko udaberrian.

Modu hartan sortu zen Estatu Batuetako Euskal Etxerik handienaren egoitza. Erabateko auzolana izan zen proiektuan nabarmentzekoa izan zen Oña Etxehandiren partehartze aktiboa San Frantziskoko.

Aña Etxehandi, Basque Educational Organization (BEO) erakundeko partaide ere bada, San Frantziskoko Elgarrekin koraleko kantaria, ostalaria, musikaria, antzerkigilea, kulturaren aldeko langilea eta euskaltzale atxikia. Artxibari ere kontsidera daiteke, Euskal Herrian hasi eta Ameriketan segitu duen artxibo ederra baitauka euskaldunekin eta euskal kulturarekin zerikusia duena.

  • ETXARRI, Joseba. Aña Etxehandi (1935). Vitoria-Gasteiz: Eusko Jaurlaritzaren Argitalpen Zerbitzu Nagusia, 2007.