Kontzeptua

Eskolatzea Gipuzkoan: XIX. eta XX. mendeak

XX. mendearen hastapenean analfabetismo-tasa oso handia zen eta faktore hori erabakigarria izan zen Espainiako Estatuak egoera hori aldatzeko hezkuntza arloko neurriak har zitzan. Besteak beste, Instrukzio Publikoko Ministerioa sortu zen, eskolaldia 6-12 urte bitartera areagotzen zuen legedi bat garatu zuena (gogoan izan behar da Moyano legearekin 6-9 urte bitartekoa izaten zela eskolaldia). Gainera, curriculumean hainbat berritasun sartu eta ikasgai berriak barneratu ziren. Gipuzkoa jadanik bide horretan jarria zen industrializazio- eta modernizazio-prozesuak bultzatuta. 1903. urteko eskola-erroldan (nahiko osatua dagoena) jadanik aldeko joera antzematen zen, izan ere, Gipuzkoan maisuentzako 208 eskola publiko zeuden (23 Donostian) eta beste 130 eskola maistrentzat (14 Donostian). Dena den, hiriburutan zeuden eskola kopuruari beste 43 eskola pribatu gehitu behar zitzaizkion, horietako 12 erlijio-ordena eta -kongregazioen zuzendaritzapean. Edozein modutan, Moyano legean araututako eskola kopurua erruz gainditzen zen, eskola pribatuei esker. Urteak pasa ahala egoerak hobera egin zuen eta XX. mendeko hogeita hamarreko hamarkadan Gipuzkoa superabit egoeran zen eskola kopuruari zegokionez. Honatx eskola horien profila: eskola publikoen portzentajea urria zen, izan ere, 1910etik aurrera nazional izendatu ziren eskola horiek eskola guztien % 40 inguru ziren; gainerako % 60a horrela osatzen zen: eskola pribatuak % 30-35 eta udal-eskolak % 25-30. Bizkaian ere profil hori errepikatzen zen. Araba eta Nafarroan, aldiz, portzentajeak alderantzizkoak ziren. Eskoletan erregistratzen zen asistentzia (% 77) gainerako euskal probintzietan izaten zena baino handiagoa zen, eta Espainiako batez bestekoaren (% 66) gainetikoa.

XX. mende osoan zehar datu adierazgarriena eskola pribatuen portzentaje handia da, gehienak erlijio-ordena eta -kongregazioen zuzendaritzapean, izan ere, eskola guztien % 50 hartzen zuten halako eskolek. Haren antzeko portzentajea Gironan baino ez zen erregistratzen, % 40 inguru batekin. 1904. urtean irakaskuntzara bideratzen ziren erlijio-institutuak kanporatu egin zituzten Frantziatik eta goiko lerroaldean aipatutako bi probintzia mugakideek horren eragina jaso zuten. XX. mende horretan Eskola Kristauen Anaiena izan zen ikastetxe gehien sortu zituen kongregazioa (La Salle izenarekin ezagunagoa), izan ere, denbora gutxian, 1904-1914 bitartean, 9 eskola ireki zituen Gipuzkoan (Beasain, 1909; Zumarraga, 1914; Azkoitia, 1904; Donostia, 1905 eta 1906; Irun, 1906; Zarautz, 1904; Eibar, 1905; eta Elgoibar, 1905), Irungo nobiziotzarekin batera. Horietako asko doako eskolak ziren, nahiz eta Zarautz, Eibar eta Elgoibarreko eskolek (hirurak ordainpekoak) 1914. urtean itxi zituzten ateak. Asko ziren ikasleak, eta baita irakaskuntza ematen zuten erlijiosoak ere. Horrela, azpimarragarria da Donostiako San Bernardo Ikastetxea, Frantziako 42 Anai hartu zituena. Frankismoarekin beste eskola mota batzuk hedatu ziren probintzia osoan. Horien artean, Loiolan (Donostia) kokatutako La Salle ikastetxea aipatu behar du, lurralde guztiarentzat erreferentziazko zentroa izan baitzen. 1970ean Hezkuntzako Lege Orokorra ezarri ostean, hainbat zentrok ateak itxi zituzten. Hala ere, laurogeiko hamarkadatik aurrera eta gaurdaino sendotu egin dira hezkuntza-maila guztiak eskaintzen dituzten zentroak, nahiz eta horietako batzuk ibilbide luzea izan lanbide heziketan. Zentro horietan eskaria handia da eskaintzen zuten prestakuntza-maila ona zela medio.

Azpimarragarria da, era berean, Jesuiten garrantzia. Horren harira, Loiolako santutegi tradizionala aipatu behar da, beila-lekua izateaz gain, ordena hedatzeko gune izan baitzen, eta bere eragina herrialdeko alderdi ugaritan antzematen da. Ordenak krisialdia bizi izan zuen 1869an, Seiurteko Iraultzailearen ostean kanporatua izan baitzen, karlismoarekin harreman estu samarrak izateagatik (horren erakusle dira Karlistak herrialdeko zentro prestigiotsuenak - Bergarako Seminarioa eta Oñatiko Unibertsitatea- zuzentzeko Konpainiari egindako eskaintza). Krisi hori Errestaurazio garaian gainditu zen. Bigarren Errepublikarekin berriro kanporatu egin zuten Ordena. Frankismoan, ordea, presentzia berreskuratu zuten eta lanbide heziketan ere sendotu ziren, batez ere, Donostian, San Jose Langilea Lanbide Heziketarako Eskolan eta San Ignazio Ikastetxean. 1878. urtetik aurrera Eskolapioak Tolosara iritsi ziren, Salesianoak Errenteriara eta Maristak, Marianistak eta beste kongregazio batzuk ere hedatu ziren. Emakumeen eskola pribatuei dagokienez, asko ziren erlijio-institutuak. Horien artean, Jesusen Bihotzeko erlijiosoak aipatu behar dira, 1903an Donostian ikastetxe bat ireki baitzuten hiriko leku pribilegiatuenetako batean, Mirakontxan, alegia.

Eskola-fundazio garrantzitsuenetako bat "Viteri Fundazioa" izan zen, Arrasaten, Pedro de Viteri y Aranaren jaioterrian, lehen eskola ireki ostean, beste hainbat ireki baitzituzten probintzian barna. Aipatutako pertsonaiak hainbat ondasun utzi zituen testamentuan, fundazio horretara bideratutako dohaintza moduan. Horren harira hainbat eraikin eraiki ziren eskola publikoak hartzeko, besteak beste, Arrasate, Irun, Hondarribia, Pasaia eta Donostiako udalentzat. Lurraldean zehar horren garrantzitsuak izan ez ziren beste zenbait fundazio hedatu ziren, guztiak eskolatze publikoko eskaintzatik apartekoak.

Eskaintza anitz horrekin batera, Foru Aldundiaren, hainbat udalen edo ekimen pribaturen sostenguarekin proiektu berriak sortu ziren euskal eskola lortzeko edo landa-eremuko analfabetismoa desagerrarazteko xedez. Proiektu horiek ere eskola-sare zabalean txertatu ziren. Horien artean, ezinbestez aipatu beharrekoa da landa-eskolen eta ikastolen ugaltzea. Azken horiek indartuz joan dira hirurogeiko hamarkadatik gaurdaino.