Kontzeptua

Erromanizazioa

Estrabonek, Augustoren garaiko geografo batek, bere Geografia izeneko lana gure aroko hogeigarren hamarkadan edo bukatu zuen, Tiberio Enperadorea zela, eta berak argi eta garbi adierazi zuen erromatarrek ez zutela inolako interes edo kezkarik herri hauekiko. Euskal Herriko tribu horiek honela deskribatu zituen: "ez ditut haien izen guztiak emango, ez dut lan zikin hori hartuko..., nahiz eta batzuek barre egingo luketen Plentauro, Burdietano, Allotrigo edo antzeko izen petralak entzunda, izen hutsalak" (Estrabon). Gaur egungo Euskal Herria osatzen zuten tribuen izenek ez zuten ezta aipatzea ere merezi, ez Estrabonen iritziz, eta ez orduko irakurleen ustean. Hala ere, aipatzen ez dituen arren, argi geratzen da lurralde hau osatzen zuten leinuak asko zirela, eta ez zirela baskoiak bakarrik. Estrabonen lan horretan ageri diren iritziak halakoak izan arren, historialariek baskoien eta haien bizilagunen historia Estrabon, Julio Cesar, Pomponio Mela, Plinio eta Ptolomeo oinarri hartuta eraiki dute. Oro har kronista erromatarrek ez zutelako inolako interesik azaldu esan dezakegu (haiek izaki leinuei buruz dugun iturri bakarra), eta horren ondorioz aipamen hutsala egin zutela.

Hori aski ez dela, oso informazio gutxi dago haiei buruz, izan ere lurralde honen ezaugarrietako bat epigrafia eza baita; adibidez, Gipuzkoan 3 epigrafe besterik ez dago, eta horietan Jainko baten eta 3 pertsonaren izenak baino ez dira ageri.

Argi dagoenez, euskal lurraldearen mapa etnikoa berreraikitzerakoan literatur iturriak eskasak dira. Antza denez, guztietan fidagarriena Claudio Ptolomeok II. mendean egindako "Gidaliburu geografikoa" da (Geographias Hyphégesis). Grezieraz idatzitako lekuen zerrenda da, batez ere hiriena, eta latitude et longitude koordenatuak ere ematen ditu, gradu eta minutuak zehaztuta. Tamalez koordenatu horiek ezin dira gaur egungo mapa batean ezarri, bi arrazoirengatik: batetik, gerta zitekeen jatorrizko datuak aldatzen joatea idazlana idatzi zireneko eskuizkribuetan zehar, eta bestetik, agian berez datuen oinarri ziren topografia erreferentziak akatsak ziren; izan liteke biak gertatzea ere.

Ptolomeoren idatzietatik eta bere adierazpenetatik ondorioztatu da Euskal Herrian Barduliarrak eta Karistiarrak sartzen zirela; Baskoiek gaur egungo mugak gainditzen zituztela Hegoaldetik, eta Ebroren eskuineko aldetik ere bazeudela; ekialdetik, berriz, Jakaraino iristen zirela. Autrigoiak gehienbat Bureba eta Losan zeudela, baina Mendebaldean ere bazeudela (Valdegovian); eta Beroietako batzuk ere (Errioxa) Kantabriako mendilerroaren Hegoaldera ere iristen zirela; eta Pirinioen beste aldeko lurraldeetan Tarbelloak zeudela.

Ptolomeoren Zerrendako Hiri Karistiarrak
HiriaKokapena
SuesatioArkaia
VeleiaIruña Oka
TullicaTuyo? (Zadorra ondoan)

Ptolomeoren Zerrendako Hiri Barduliarrak
HiriaKokapena
GébalaGebara
Segontía ParámikaOkariz?
GabalaikaGalarreta?
Trítion ToubórikonTabuerniga?
ToulónionDulantzi
ThaboúkaPagoeta?
AlbaDurruma
MenoscaKostaldean, Deba eta Oria artean

Ptolomeoren Zerrendako Hiri Baskoiak
HiriaKokapena
ItoúrissaAtabasa, Aurizberri
Namantourístaezezaguna
BitourísBidaurreta?
KournónionLos Arcos?
PompelónIruña
IákkaJaka
AndélosMendigorria, Muruzabal Andion
TerrachaLos Bañales, Sádaba
GrakourísAlfaro
KalagorínaCalahorra
Báskonton-KáskontonCascante
MouskariaTutera ondoan?
ErgaouïaCascantum-en hegoaldean?
SegiaEjea de los Caballeros
AlauonaAlagón
OiassoIrun

Ptolomeoren Zerrendako Hiri Autrigoiak
HiriaKokapena
Uxama BarcaOsma Valdegobia
BirovescaBriviesca
DeobrigaArce-Mirapérez, Miranda de Ebro ondoan
AntekuiaPancorbo ondoan
SegisamoncoulumCerezo del río Tirón
VendeleiaCubo de Bureba
SalioncaPoza de la Sal

Ptolomeoren Zerrendako Hiri Beroiak
HiriaKokapena
VareiaVarea, Logroño
LibiaHerramelluri
Tritium MagallumTricio

Ptolomeoren Zerrendako Tarbelloen Hiriak
HiriaKokapena
Aguae AugustaDax

Jakin badakigu Ptolomeoren idatzietan akatsak eta kontraesanak daudela, berak sortuak edo bere Geografia Gidaliburua egiteko erabilitako iturrietan zeudenak, baina - gure kasuan- bere adierazpenetatik batzuk egiaztatzen dituen iturri bat dugu. Hain zuzen ere C. Moconnio Veroren hileta inskripzioa, Erroman aurkitua (CIL, VI, 1463 = Alföldy, Fasti Hispanienses, pp. 128-129. C. Mocconio/ C. f. Fab. Ver[o]/ praetori, legato pro [pr ] / provincias Achaiae t[r. pl.] / q. urbano III vir. CAPIT[ali] / tribuno laticlavio l[eg ] / Vil). Itxuraz Ipar Afrikakoa zen Senatu mailako gizaseme baten cursus honorum deskribatzen du. Bizitzan zehar izan zituen karguen artean, garrantzi handienekotik beherako hurrenkeran (pretore, herriaren tribuno, hiriko kuestore, vigintirivo), azken tokian legio VII Geminaren tribuno latiklabio kargua aipatzen da; honexekin hasi zuen senatuko karrera.

Tribuno latiklabioak legioaren legatua ordezkatzeko eginkizuna zuen, eta "officium" bat zeukan horretarako; hartarako egin beharrekoetan laguntzen zioten hainbat funtzionario zituen laguntzaile.

Pertsona honek, eta horrexetatik dator inskripzioak duen alderdirik garrantzitsuena, legio VII-ren kargua zuen bitartean egoitza Legion (Leon) zeukalarik baskoien eta barduliarren 24 hiriren errolda (at census accipiendos) egiteko ardura izan zuen.

Ez dago adostasunik bere heriotzaren data finkatzerakoan, baina badakigu Mocconiok 36 urte zituela iritsi zitzaiola; batzuen ustez, inskripzioa I. mendearen azken laurdenean datatu beharko litzateke; beste batzuen iritziz, berriz, Hadrianoren (117-138) edo Antonino Pioren (138-161) garaikoa dukegu (Sayas, 1989, 137-152 orr.).

Erroman, errolda antzinatik egiten zen, eta bertan jasotzen zituzten hiritarren datuak helburu fiskal eta militarrei begira; hauteskunde erabilera ere bazuen, eta bost urtean behin egiten zuten. Instituzio hau Erromatik kanpora ere hedatu zen, eta Errepublikaren garaian orduko probintzia lurralde batzuetan ere egin zuten. Augustoren garaitik aurrera, probintzietako erroldak ohiko bihurtu ziren; probintziako gobernadoreak izan ohi zuen hori egiteko ardura. Pertsonen zerrenda jasotzen zuen, horien adin eta egoitzari buruzko eta jabetza eta fortunaren gaineko xehetasunekin batera; horren guztiaren helburua batez ere fiskala eta biztanleria kontrolatzekoa zen, baina tropak errekrutatzera begira ere bazuen baliorik. Seguruenik sekula ez dugu jakingo Mocconiok, kargu militar batean ari zela, zergatik hartu zuen barduliarren eta baskoien hirien errolda egiteko ardura; edo zergatik egin zituen biak batera, batzuk -barduliarrak- hiriburua Clunian (Burgosko probintzia) zuen conventus cluniensis-ean zeudelarik erregistraturik, eta besteak -baskoiak-, hiriburua Caesar Augusta-n zuen conventus caesaraugustanus-ean. Komentuak barruti fiskalak ziren, baina errolda-barruti gisa ere funtzionatu zutela badakigu. Kontu hauek guztiak alde batera utzita, interesatzen zaiguna erroldatutako hiri kopurua da: barduliarren eta baskoien 24 hiriak alegia. Azken batean Ptolomeok, bere zerrendetan, baskoien 16 hiri (polis deitu zien) eta barduliarren 8 hiri jaso zituela.