Arkitektura

Erriberako merkatua. Bilbo

Erriberako merkatua Bilbon dago, Alde Zaharraren ondoan, eta Bilboko itsasadarraren eskuinaldean dago eraikita, San Anton eta Erriberako zubien artean. Badirudi orube horretan Erdi Aroaz geroztik merkatua antolatzen zela. Dakigunez, 1870ean merkatuko salmenta postuak estaliak ziren eta ondoren burdinez eta beiraz eginiko eraikina gauzatu omen zuten, zenbait apaingarri modernista izanik. Baina XX. mendearen hasierarako merkatua txikia zen hiriaren beharrei aurre egiteko eta eraikin horrek ez zituen behar horiek asetzen. Orduan, garai hartako alkateak, Federiko Moyuak 1928an zaharraren gainean merkatu berria egiteko agindua eman zuen eta garaiko udal arkitektoak Pedro Ispizuak halaxe egin zuen, 1929an Erriberako merkatua eraikiz. Merkatu berriak bilbotarren premiei erantzun behar egin zien produktuen kantitatea zein kalitateari dagokionean. Merkatua urte beteko epean gauzatu zen, hormigoia eta adreiluaren erabilerari esker. Estilo aldetik, hainbat apaingarri dauzka, eta eraikin eklektikoa bada ere, zenbait xehetasunetan modernismoaren eragina erakusten du. Orduz geroztik merkatuak bi eraberritze sakon eta garrantzitsuak ezagutu ditu. Lehenengoa 1984an Martin Peña Paramo arkitektoak burutu zuen, 1983ko uholdeen ondorioz sortutako kalteak konpondu nahian. Bigarrena eta garrantzitsuena, 2012an amaitu da eta Emilio Puertas arkitektoak zuzendu du bost urtetan zehar. Merkatua goitik behera berritu zuten eta garai berrietara egokitu egin da.

Pedro Ispizua (Bermeo, 1895-Bilbo, 1976) arkitekto bizkaitarra, eta merkatuaren egilea, XX. mendeko arkitekto garaikide interesgarrienetakoa dugu Bilboko esparruan lanean. Bere ibilbidea, garai hartako beste arkitekto askorekin gertatu zen bezala -Calixto Emiliano Amann edo Manuel Ignacio Galindez, adibidez-, eklektizismoan hasi bazuen ere, hain zuzen neoeuskalduna izeneko estiloa landuz -Ollerias eta Garcia Rivero ikastetxetan eta Artxandan kokatzen den Lorategi Hirian ikusten den bezala-, segituan modernismoaren eragina jaso zuen. 1930etik aurrera modernitatearen eragina ere jasan zuen, arrazionalismoaren aldeko apustua eginez Luis Briñas ikastetxean, Euskal Herriko eraikin arrazionalista garrantzitsuenetakoa eta berezienetakoa. Gerra ondoren, bere belaunaldiko beste arkitekto asko bezala, Frankismoak proposatzen zuen estetikarekin bat egin zuen -Espainiako Errenazimendu inperiala aldarrikatzen zuten, El Escorial eraikina inspirazio iturri gisa hartuz-. Urteak aurrera egin ahala, arrazionalismoa berreskuratu zuen Bilbon bertan eraiki zituen hainbat etxebizitza multzotan. Horietan modernitatearen irakurketa xumea egin zuen. Beraz, Erriberako merkatua bi faseen artean kokatzen den eraikina dugu, bertan hainbat ezaugarri eklektikoak baitira, bereziki apaingarriei dagokionez. Bestalde, hormigoiaren erabilera eta bolumenak eta espazioak antolatzeko moduari so eginez gero, argi dago modernitatea eta arrazionalismoaren berri bazuela. Hogeita hamargarren hamarkadan AC (Documentos de Arquitectura Contemporanea) aldizkariaren harpideduna izan zen, GATEPAC (Grupo de Arquitectos y Tecnicos Españoles para la Arquitectura Contemporanea) elkarteak argitaraturako aldizkaria alegia, eta bertan arkitektura garaikidea aldarrikatzen zen.

Erriberako merkatuaren eraikina isolatuta dago eta oinplanoa angeluzuzena da. Alboetan bi abside erantsita ditu -bata La Merced izenekoa eta bestea San Anton-. Erdiko espazio nagusia bi gorputz edo hangar handiz eratuta dago, baina biak kupula bakar baten egituraren bitartez bateratuta daude. Eraikinaren egitura eta antolamendua zortzi zutabetan oinarrituta dago eta horiek hormigoiez eginda daude. Eraikinaren beste osagaietan adreilua eta beira erabiltzen dira. Funtzioari dagokionez, horma itsuak administrazio lanetarako egokitu diren guneetan topatzen ditugu. Aitzitik, salmenta postu gehienak beiraz estalita aurkitzen ditugu. Eraikinak bi solairu ditu eta goiko solairuan Pedro Ispizuak barazki, fruta eta zerealei eskainitako postuak kokatu zituen neurrian, beheko solairuan pisu handiak mugitu behar zituzten dendak kokatu zituen -arrandegiak, harategiak, eta abar -, garbiketa zerbitzua maizago behar baitzituzten. Merkatuaren sarrera nagusia fatxada nagusiaren erdian dago eta alboetan beste bi sarbide dauzka, poligono formako balkoi bana dutelarik, bakoitza zutabe batzuez inguraturik. Orokorrean eraikinaren egitura argia bada ere, eta praktikotasunez antolatuta badago ere, argi dago eraikinaren jarrerak edo izaerak monumentaltasuna adierazten duela, garaian hiriak zuen ospe ekonomikoarekin bat egin nahiko balu bezala.

Azkenean, 2012an eraberritzen lanak amaitu ziren, eta egun dagoen merkatuaren itxura eta aurretik zegoena konparatzen baditugu, aldeak handiak direla argi dago. Desberdintasunak ez dira bakarrik funtzionaltasunari dagokionez sumatzen -oraingo merkatua egoera eta garai berrietara moldatzen eta egokitzen saiatu dira-, baizik eta baita formari dagokionean ere. Alde batetik, San Antoneko absidea bota egin dute, egoera txarrean aurkitzen baitzen eta horren lekuan beirazko egitura berria ipini dute. La Mercedeko absidea berriz, bere horretan mantendu da. Abside hori guztiz zaharberritu zen 1983ko uholdeen ostean 1984an aurrera eraman ziren konponketa lanetan eta egun oraindik egoera onean aurkitzen da. Horrela, Bilbok bere ondarearen elementu garrantzitsua mantentzeaz gain, eguneratzen ere jakin du, merkatu berriari jatorriz egokitzen zitzaion erabilera bera eskainiz, baina garai berrietara egokituta.