Kontzeptua

Errepublikak Euskal Herrian

II. Karlistada 1872an lehertu zen eta ondorioz, I. Errepublikak, hiriburuetan izan ezik, ez zuen Euskal Herrian aparteko ezarpenik izan. Bestalde, euskal probintzietako gobernu liberalek Errepublika onartu behar izan zuten, ez onartzeak ondorio kaltegarriagoak ekarriko zituelakoan.

Arabako Diputazioa otsailaren 17an bildu zen lehendabiziko aldiz eta ondoren arabarrei zuzendu zitzaion, "pasio politikoetatik" urruntzeko eskatuz eta Madrildik zetozen erabakiak onartuko zituela jakinaraziz, beti ere, Madrilen foruak, usadioak, ohiturak, sinesmenak, sentimenduak eta askatasunak errespetatzen jarraitzen ziren bitartean. Bizkaiko Diputazioari gehiegizko baldintzak iruditu zitzaizkion hauek, eta Gipuzkoak, baldintzok eztabaidatzeko momentua ez zela adierazi zuen.

Bizkaiko Diputazioa Errepublika aldarrikatu eta hurrengo egunean batu zen. Errepublika errespetatzea eta onartzea adostu zuten, hark herri hau agintzen zuten instituzio bereziak errespetatzen zituen bitartean. Bilbon bestalde, azaroko altxamenduaren ondorioz atxilotuak izan ziren 43 preso federalak askatu zituzten hilaren 13an.

Gipuzkoako Diputazioak "bakerik gabe" karlismoa borrokatzeko desioa erakutsi zuen eta Madrildik agintzen zutena errespetatu eta beteko zela adostu zuen, "eskubide foralak" errespetatzen ziren bitartean. Foruen izenean egoera baretzeko deialdia luzatu zen.

Nafarroako Diputazioa 1841ko legea bere horretan mantentzeko saiakeragatik nabarmendu zen. Lege hura probintziaren eta Estatuaren arteko harremanak zehazten jarraituko zituena izatea nahi zen. Errepublika aldarrikatu eta gutxira, gainontzekoek egin zuten eran, herriari zuzendu zitzaion, ordena berria onartzen zuela jakinarazteko.

Probintziak ofizialki bildu ez baziren ere, Madrilen euskal ordezkariei Gorteak bildu artean inolako aldaketarik egingo ez zela ziurtatu zitzaien.

1873ko maiatzean hauteskunde orokorrak ospatu ziren eta Euskal probintzietako ezaugarri nagusia abstentzio handia izan zen. Karlistak, 1872an Gorteak utzi ostean, ez ziren 1879ra arte itzuli. Aukeratu ziren ordezkarien gehiengoa federala izan zen: Arabako Pedro Martinez de la Hidalguia, Gipuzkoako Galo Aristizabal Ibarzabal. Nafarroako Agustin Sarda, Francisco Huder eta Santiago Jimenez eta Bizkaiko Cosme Echevarrieta, Bernabe Larrinaga eta Nemesio de la Torre Mendieta. Hauez gain, Arabatik Ramon Xerica erradikala, Gipuzkoatik Justo maria Zabala erradikala eta Cayo Vea Murguia kontserbadorea, Nafarroako Ezcarti eta Serafin Olave erradikalak ere hautetsien artean egon ziren.

1873ko ekainaren 1ean, Gorte Konstituziogileak bildu ziren eta Estatuari egitura federala emateko eztabaida hasi zen. Uztailaren 17an aurkeztu zen sekula aplikatu ez zen Konstituzio berriaren proiektua. Euskal probintziak, egitura berri honetan izango zuten paperaz arduratu ziren.

Arabako Junta Bereziek konstituzio federala euskal probintzien aurkakoa zela salatu zuten foruen kontrakoa zelako, eta Euskal Kantoi Erregionalaren ezarpenarekin, euskal probintzien autonomia eta ordura arteko eskubideak bertan behera geratuko zirelako: gurtza askatasuna, elizaren eta Estatuaren arteko banaketa, armada, betebehar ekonomikoak...

Bizkaiko Diputazioa uztailaren 3an bildu zen eta Konstituzio federalaren oinarriak ezagutu artean zain egotea erabaki zuten.

Gipuzkoan 1873ko udan bildu ziren Tolosako Batzar Orokorrek foruen jarraipena eskatzen zuen idatzi bat onartu zuten. Idatzian, probintzia bakoitza konstituzio propiodun estatu federatu bat bihurtzea aldarrikatu zen, foruak eta instituzio foralen autonomia defendatuz. Arabako eta Gipuzkoako Diputazioak ados agertu ziren.

1873ko ekainean, Nafarroak Estatu federala izan behar zuela erabaki zuen, Euskal Kantoi Erregionaletik banatuta. Castelarrek Nafarroa gainontzeko euskal probintziekin batera sartu zuen Euskal Kantoi Erregionaletan, baina nafarrek (onartu ez zen) etorkizuneko Konstituzioan Nafarroa 17. Estatu federal bezala agertzea lortu zuten. Gerra karlistak eta Gobernu zentralarekin zuten harreman eskasak zama handia suposatu zuten eta diputatuek Paviak Kolpe Estatua eman baino lehen euren dimisioa aurkeztu zuten.

Gerraren gogortzeak edozein saiakera instituzional bertan behera laga zituen. Urtarrilean Paviak Estatu Kolpea eman zuen eta monarkikoek dominatutako errepublika unitarioa martxan jarri zen, harik eta 1874ko abenduren 29an, Martinez Camposen beste Estatu kolpe batek I. Errepublikarekin amaitu zuen arte. Euskal probintzietan ordea, gerrak 1876ko otsailera arte iraun zuen.