Kontzeptua

Erregelak

XIX. mendean zehar Bizkaian Soka dantza edo Aurresku mota bi bereizten hasten dira; batari Hiribilduko Aurreskua deritzo eta besteari Elizaurreko Aurreskua. Desberdintasun nabarmena, Elizaurreko aurreskuan "Erregelak" dantzatu egiten direla. Izen hori Elizaurreko aurreskuaren dantza-soinuetariko bat izendatzeko erabiltzen da Bizkaiko zonalde jakin batzuetan eta, noizbait, Aurresku osoa osatzen duten dantza multzo guztia izendatzeko ere.

Aurreskuari buruzko izendapen bi horiek ulertu ahal izateko, Bizkaiko Jaurerria hiri batek, hogei hiribilduk eta beste gainerakoa lur lauz eratuta egon dela esan behar da. Lur lau horretan eliza baten inguruan antolatuta dauden sakabanatutako biztanleriadun Elizalde izenez ezagun diren populazio guneak kokatzen dira. Aldiz, hiria eta hiribilduak, zio ezberdinengatik biztanleek toki jakinetan biltzeko erdi aro guztian zehar sortutakoak dira eta hastapenean toki horiek harresiz inguratuak izan ziren. Denboraren joan etorrian hiri eta hiribilduak garatuz joan dira, azkenean Jaurerriko biztanle gunerik garrantzitsuenak izatera iritsiz eta kanpoaldearekiko euren harremana Elizaldeek izan dutena baino sendoagoa izan da eta ondorioz atzerriko ohiturek eragingarritasun nabarmenagoa izan dute.

Hori da arrazoia eta ondorioz Bizkaian Soka dantza edo Aurreskua zaindu izan den tokietan, dantzarako soinurik antzinakoenak edota zaharrenak Elizaldeetan iraun dute eta ez hiribilduetan. Erabili izan den "Erregelak" izendapena hain zuzen ere, doinu zaharrotariko baten izena da. Euretariko bat Bizkaian hainbat gizalditik hona etenik gabe dantzatu den eta egun ere Elizaldeko Aurreskuaren zatia osatuz dantzatzen dena da.

Elizaldeko Aurreskua izendapena darabilenetariko bat 1890ean hil zen Marcos de Alcorta musikari durangarra da. "Euskal erromeria" bati buruz berak bildu eta argitaratutako doinuak aipatutako data hori baino lehenagokoak direla baieztatzera garamatza. Aurreskua osatzen duten doinu desberdinen artean, Bizkaian "Erregelak" bezala izendatuak aurki ditzakegu, "Elizaldeko Aurreskua"1 izenburua jasoz. Hitz horren pluralaren erabilerak bere garaian doinu hori Bizkaian nahiko hedatua zegoela adieraztera ematen digu eta ez dantza horren jatorria zen Durangaldean bakarrik. Geroztik, gernikar batek, Segundo de Olaetak, Berrizko "Erregelak" dantzari buruz jardutean, J. I. Iztuetaren "Gipuzkoako Dantzak" idazlanean "San Sebastián" izenez agertzen den musikarekin:

"se baila "el Erregelak" o "Aurresku de Anteiglesia" en Berriz y zona de Guernica, donde se han conservado por tradición de dantzari a dantzari. Mientras que en Guipúzcoa, donde pertenece la obra escrita de Iztueta, ha desaparecido la danza"2.

Gaur egun Gernika-Lumon, aspalditik bat eginda dauden hiribildua eta elizaldea, abuztuko jaietan, parrokia elizaren aurrean, Meza Nagusiaren ostean, Aurresku mota desberdin bi dantzatzen dira, hau da, abuztuaren15ean Elizaurrekoa eta 16an Hiribildukoa. Horrela, gaur egun udalerri bakarra osatzen duten antzinako udaletxe zahar biak gogora ekartzen dira, bat egitean bakoitzak zaintzen zuen dantza motagatik bata bestearengandik bereiztera etorriz.

R. M.ª de Azkuek doinu horri "Cancionero Popular Vasco"3 bere lanean ematen dion izenburua "Ardoak parau gaitu dantzari" izenekoa da, abestuzko letraren lehen hitzak baitira eta ez "Erregelak" izenburua. Interesgarria da lau toki desberdinetako aldaerak biltzen dituela azpimarratzea, horrek hedapen maila adierazten baitu. Beste une baten, XX. mendearen hasieran bere bilketa egitean dirudienez dantzan egiteari utzi zitzaiolako, aurreko belaunaldiko dantzariek esana adierazten digu:

"el primer cuadro de la sokadantza fue y debe volver a ser el precioso Ardaotxuak para gaitu kantari, núm. 16 del grupo de danzas cantadas",

hau da, "Erregelak" gisa ezagutzen duguna.

Doinu mota horiei buruz lehen informazioa Guillermo de Humboldtek 1801ean Euskal Herrira egindako bere Bidaia-egunkarian adieraztera ematen digu. Bere idatzian, Muniben (Markina) Peñafloridako Kondearen administrariaren hurrengo aitorpena egiten du:

"En su juventud se danzaba, ahora lo han prohibido los curas, entonces aprendía la juventud también ordenadamente según reglas, con qué pie se debe empezar el primer punto (verso) del Zortzico, como luego alternar siempre, como había viejas canciones, a menudo de 13 puntos, que ahora nadie sabía danzar, se tendría que saber toda la canción y su estructura de versos, para danzarla bien".4

Idatzi horretatik lehenengoz eta behin "ordenadamente según reglas" hitzak azpimarratuko genituzke. Horrek dantzan egiteko arauak daudena adierazten digu eta ondorioz, zalantzarik gabe, "Erregelak" dantza izendapenera garamatza, oraindik ere, etengabeko tradizioari jarraituz, Busturialdean zein Durangaldean dantza-doinu hori izendatzeko erabilia izanez. Eremu horietan, Humboldtek 1801eko aipatutako bere bisitaldian Durangaldean jasotako "San Sebastián izeneko Zortziko zaharra" izendapenez eta 2/4an idatzitako doinuaren aldaera batzuk dituen dantza da egun egiten dena. Humboldten bisitaldia izan ondorengo urteetan, Juan Ignacio de Iztuetak izen bereko doinu horren aldaera bat argitaratzen du.

Bigarrenez, doinu zaharrak esaldia Iztuetak gerora doinu5 mota horietarako erabiltzen duen "soñu-zarrac" esaldiaren esanahi berean darabil. Oro har doinu horiek puntu edo konpas zenbaki ez erregulardun doinu lerroak dira, euretariko batzuetan, Humboldten berriemaileak dioen bezala, doinu berriak jabetuz doazen zortzi puntuko erregularretatik edo "zortziko" izenekoetatik bereizten diren hamahiru puntura artekoak eman daitezkeelarik.

Azkenik, idatzi horretatik azpimarragarria den beste elementu bat inork jada dantzatzen ez dakienari buruzkoa da. Guk egitate hori Markinaldean bakarrik eman zela gehitzen dugu, beste eremu bizkaitar batzuetan garai hartan oraindik ere dantzatzen baitziren. Horren froga, aipatu biztanle guneetan egun ere bizirik direna ikustea da.

Aipatutako "zorsiko antiguo llamado San Sebastian" horren alboan, esan bezala Bizkaiko eremu batzuetan egun ere dantzatzen dena, Humoldtek "zorsico Antiguo llamado eunducatecua" izeneko 6/8 erritmoan eta "Contrapas Antiguo llamado nafarchu" izeneko C (konpasiloan)6 erritmoan idatzitako antzeko ezaugarriak dituzten bi doinu jasotzen ditu. Humboldtek jasotako idatzizko musika agiriak Durangoko Merindadekoak direna, segurtasun handiz, baieztatu ahal izatera garamatzate. "Nafarchu" izeneko doinua jasota dagoen orrialdean bertan Merindadeko "Dantzari dantzan" egun ere jotzen diren doinuak biltzen dituen "Baile de los niños de esta merindad de Durango" izenburudun beste doinu batzuk aurkitzen dira. Horri orrialdearen goiburuan, jatorriaren fede emanez "Bizcaia" hitza azaltzen dela gehitu behar diogu. Bestalde beste orri desberdin baten idatzitako "zorsico Antiguo llamado San Sebastian", aurrekoaren esku berekoa da, eta ondorioz bere jatorria Durangon eta inguruko herrietan dagoena pentsatzera garamatza. Humboldt Durangon maiatzaren 9tik 13ra bitartean egon zen eta horrek Corpus Christi jaietan hiribilduan egiten ziren dantzak ikusteko aukera eman zion, eurei buruzko deskripzio zehatza egiteaz gain iganderen7 baten ikusteko aukera ere izan zuen "Soka dantza" edo "Aurresku" izenekoena ere eginez. Igandeko ohiko dantza horiei ematen dien izendapen bakarra "carricadantza" generikoa da, eta bere zatien artetik hurrengoak aipatzen ditu: "Chipiritaina", zortzikoak, dantzarien arteko ipurdikadak, Orripekoa eta igandeetako bozkarioari amaiera ematen dion kontradantza ingelesa. Ez digu esaten aurrendariak hasieran, soka eramanez, "dantzarako pausoak emanez", egiten zuen dantzaren izena. Gaur egun une horretan jotzen da "Erregelak" izenez ezaguna dena.

Urte batzuk beranduago, 1824an argitaratzen du Juan Ignacio Iztuetak Gipuzkoako dantzei buruzko bere liburua. Gipuzkoan bere garaian egiten ziren dantzak ezagutu ahal izateko garrantzi handiko liburua da eta are gehiago dantzei zegozkien doinuak ere zekartzan liburua izan zuela gogoan hartzen baldin badugu. Horri, gipuzkoar ohitura eta tradizioei buruz ematen duen informazioa gehitu beharra dago eta beraz, gure ohitura eta dantzei buruzko bere garaiko autorerik klasikoen eta garrantzitsuen bezala aintzat hartzera garamatza. Bere idatzian dantzarako doinu zaharren edota, esaten digun bezala, garai hartako Gipuzkoan galtzear ziren "soñu zarrac" izenekoen aldezpen handia egiten du. Dantzan egiteko beharrezko pauso edota mugimenduak aipatzen ditu doinuaren zati bakoitzean hartu beharreko puntu edo konpasak ere adieraziz, horretara zehaztasun handiz geroko geroan bere berrinterpretazioa egiteko aukera emanez. Hogeitalau doinu zaharren zati eta konpasak aipatzen ditu, euretariko hirutan Humboldtek aurretiaz Durangon jasotako hiruren aldagaiak aurkitu zituela. Aztergai dugun hitzaren arabera, aipatzen dituen doinuetariko bi "Erregela" hitza erabiliz izendatzen ditu: "Cuarrentaco erreguela" eta "Erreguela zarra", dantza eta musika mota berdinerako Gipuzkoan "Soñu zarra" eta Bizkaian "Erregela" izendapenak elkarrekin harremanetan jarriz. Iztuetaren liburua dantzarako doinu mota horiei buruzko liburukirik hoberena da.

Iztuetak nabarmen bereizten ditu zortzi konpasdun "zortziko" izenekoak eta konpas irregularrak dituzten "soñu-zarrac" deitutakoek. Lehendabizikoak, konpas erregulardun doinuak izatean, aldez aurretik doinuak ezagutu gabe eta aldatu arren denak berdin dantzatu daitezkeela adierazten du. Aldiz, "soñu-zarrac" aldez aurretik ezagutu egin behar dira. Dantza zein doinua buruz ikasi behar dira, "porque así como los zortzicos, boleras y demás bailes tiene compases muy conocidos, las melodías viejas sin embargo los tiene muy diferentes" ("nola bolera ta beste gañeracoac puntu jakin-jakiñac dituzten bezala, soñu-zarrac chit banaitatuac edo diferenteac dituzten")8

Durango aldeko eta Gernika aldeko "erregeletan" erabilitako pausoak desberdinak diren arren, bakoitzak bere estiloari jarraituz, arau komun bat dute. Zonalde bakoitzean zati melodiko bakoitzaren azkena pauso berdinekin bukatzen dute. Ohizkanpoko lizentziak salbu.

Arau hori ere errepikatu egiten da Iztuetak egiten dituen pausoen aipamenetan. Zortzi konpasdun doinuez hitz egitean hauxe adierazten digu:

"en todas las evoluciones, la melodía termina siempre en los dos últimos compases, como he indicado al explicar el séptimo y el octavo. Por tanto, en los seis primeros puntos aun bailando cualquier especie de evolución y cuantas quisiere, debe guardar siempre los dos, el séptimo y el octavo, para terminar la melodía de la forma que dejo dicho"

(aldaira guzietan bucatu bear du beti azkenengo puntu edo compas bietan, zazpigarrena eta zortzigarrena eracutsi diturean moduan modu ver-berean; beragaitic, lendabizico sei puntuetan edozein aldaira mota, eta nai dituen aimbat eguin arren, beti gorde bear ditu veste puntu biac, zeña diraden zazpigarrena ta zortzigarrena, esan deran guisan soñua bucatzeco)9.

Aurrerago, dantzariak zortzi konpasdun doinuak nola bukatu behar dituen jakin dakienez, honako hau eransten du:

"puede fácilmente caer en la cuenta de cómo tiene que bailar las melodías viejas, procurando conservar siempre -ya lo he dicho- los dos últimos compases para finalizar todos los números. Y a este respecto, aun es preciso que os explique en qué forma se ha de tomar el número doble, en los casos en que éste viene solo"

(aissa aski oarketu-diteke soñua zarrac zer modutan dantzaru bear-dituen gordetezen diuelaric,esanic daucadan bezala, azkenengo bi compasac beti, numero guzien bucaeretaraco. Onetaraco, daucat oraindic adierazi bearra, numero bicoa bacarric arkitzen dan tokietan, bera zer guisatan artu bear dan)10

Doinu mota horiek, mantendu izan diren eremuen arabera diren dantza-pauso desberdinekin dantzatuak dira. J.I. Iztuetaren aipamenetan azaltzen direnak, Durango aldean edo Busturia inguruan dantzatzen direnek desberdintasun nahiko azaltzen dituzte. Durango aldean dantzatzen den doinuaren bertsioa besteengandik erritmoan ere, txistulariak jotakoa izatearren, desberdintzen dela nabarmendu beharra dago baina ez dantzariek ohiko letraz abesten dutenean, zeren Kasu horretan Humboldten, Iztuetaren eta Busturia aldean mantendutako bertsioen berdina da.

Egitate hori aipatutako idatzian Segundo Olaetak ere azpimarratzen du Berrizen doinu guztia 2/4 erritmoan dantzatzen ez dena ohartaraztean, Gernikan egiten denaren antzera eta J.I. Iztuetaren argitalpenean agertzen den bezala, eta beraz bertsiorik jatorrena bigarrena dela dio, honako hau erantsiz:

"claro, que también cabría pensar, que Berriz, siempre con una personalidad destacada en la manera de interpretar las danzas, la hubiera creado así, o transformado de esa forma, y en todo caso, queriendo salir de la uniformidad para crear, que ahí está el arte y su expresión, su propio modo de bailar"11.

Durango aldeko eremuan aldaketak edota egokitzapenak inguruko dantzak dantzatzean dantzarien nortasunak eta txistulariek dantzan egin izan diren herririk garrantzitsuenetan jo izanak ekarri du, horiek guztiak Amezua sendikoak, "Patxikoak"ezizenez ezagunak, izenez. Azkenengoa, Serafin, idatzitako musikari buruzko inolako ezagutzarik gabekoa, beste bere aurrekoek bezala.

Soka Dantzak ere emakumeak gidatu eta dantzatu dituztela esan beharra dago, J.I.Iztuetak jasotzen duen bezala eta Bizkaiko eremu batzuetan ezagutu dira. Adibidez, Garain emakumeek egun arte antzinako aldietatik etenik gabe dantzatuz jarraitu izan dute. Emakumeak, gizonezkoak dantzatutako "Erregelen" berdinak diren pauso eta musikaz dantzatzen dute. Iurretan, ohitura hori orain urte batzuk direla berreskuratua izan da, San Miel jai egunez, egunik garrantzitsueneko arratsaldez emakumeak dantzatua izanik. Berreskuratze horrek, emakumeek dantzatutakoa izatean, "Erregelak" 2/4an abestutako doinura egokituz eta emakumeen kantuarekin batera txistua joz dantzatzea erabaki da. Horrekin, inguruan aurretik izan diren txistulariak ezarritako erritmo eta doinu klasikoarekin gizonezkoak dantzatzen jarraitzen duten dantzatik nolabait bereizi egin dira.

1ALCORTA, Marcos de. Aurrescu. Baile popular vascongado. Casa Dotesio. Bilbao.

2OLAETA, Segundo de. "Folklore del Duranguesado". Vizcaya, Revista de la Excma. Diputación Provincial. Nº 25. Segundo semestre de 1965.

3AZKUE, Resurrección María de. Cancionero Popular Vasco. Tomo I, p. 265.

4HUMBOLDT, Guillermo de. "Diario del viaje vasco 1801". RIEV, tomo XIII, año 1922, p. 643.

5IZTUETA, Juan Ignacio de. Gipuzkoako dantza gogoangarriak. Ed. La Gran Enciclopedia Vasca, p. 232.

6Microfilm de los documentos de Humboldt. Biblioteca Azkue de Euskaltzaindia, Sig. Kakrovia 5165-5202 ó 5583.

7VON HUMBOLDT, Wilhelm Freicher. Los Vascos apuntaciones .... Colección Auñamendi, p. 124 y 130.

8IZTUETA, Juan Ignacio de. Gipuzkoako dantza gogoangarriak. Ed. La Gran Enciclopedia Vasca, p. 236.

9IZTUETA, Juan Ignacio de. Op. cit., p. 284.

10IZTUETA, Juan Ignacio de. Op. cit., p. 306.

11OLAETA, Segundo de. Op. cit..