Kontzeptua

Emakumeak Euskal Herriko festetan

XIX. mendearen aurretik, halako festetan emakumeen partaidetzaz iritsi zaigun dokumentazioa oso gutxi da; lehenik eta behin, berez festek oso arrasto ahula utzi dutelako agirietan, ez baldin bada gastuengatik edo gertakizun zehatz batengatik (maiz, istiluek eragindako auziak); bai eta emakumeek apenas izan dutelako protagonismorik bizibide publikoan, instituzionalean behinik behin. Jose Antonio Azpiazuk Aro Moderno Garaian euskal emakumeek izan zuten nolabaiteko protagonismo sozial eta ekonomikoa ezagutzera eman badu ere, halaber konstatatu du arian-arian desagertu egin zirela espazio publikotik. XVII. mendearen hasieran, Pierre de Lancre epaileak ere antzeman zuen, eskandaluz antzeman ere, lapurtar emakumeek bizimodu publikoan oro har eta elizetan bereziki zuten presentzia aktiboa. Izan ere, sorginkeriaren jazarpenak, besteak beste, emakumeak supazterrera igortzeko ahalegintzat interpretatu dira. Ez ziren halabeharrez aurkezten akelarreak, bada, sexuaren eta gizarte-mailaren arabera, agintari zibil eta eklesiastikoak barne, parte hartzeko musikaldi eta dantzalditzat.

XVII. mendean aurrera egin ahala, agirietan gero eta bakanagoak dira emakumeen aipamenak dantzari semiprofesionalen taldeetan (mistoak izan, femeninoak izan), batez ere bigarren erdialdean, harik eta 1750ean Iruñeko Apezpikuak prozesioetan emakume dantzarien presentzia debekatu zuen arte, Ramosek dioenez. XVIII. mendean eta XIX.aren lehen erdialdean eztabaida sutsuak izan ziren erlijiosoen artean, oro har dantzen eta bereziki haietan emakumeen partaidetzaren inguruan. Garai hartantxe ere hasi ziren desagertzen neskatxek egin ohi zituzten eskean ibiltzeko dantzak, ordura arte oso zabalduak eta XX. mendera arte oso gutxi iritsi direnak; hala nola, Baztango maiak (maiatzaren lehenean) eta Altsasuko Santa Agedakoak (otsailaren bostaren bezperan).

Juan Ignacio Iztuetak, "duintasunik gabeko" kolektiboak (ijitoak eta beste) ez ezik "jokabide gaitzesgarriko" emakumeak dantzatik egozteko figura koreografikoen berri ematen zuelarik, ederki adierazten zuen herriko plazako dantzak gehiago adierazten zuela tokian tokiko "nor den nor" delakoa ezen ez aisialdi hutseko ariketa jostagarria. Era berean, emakumeen partaidetza erritozko dantzetan askotan ez zen bat-batekoa edo beraiek erabakia izaten, gizonezko dantzarien gonbidapenaren ondoriozkoa baizik. Hainbat adibide daude; adibidez, Elorrioko errebonbilloena Bizkaian, non, desfile eta ohorezko salben ondoren, emakumeak gehitu egiten dituzten giza katera, soltean edo binaka dantzatzen hasi baino lehen (dena den, emakumeak berriki sartu dira "soldaduarena" egiteko). Luzaideko "bolanta" nafarren kasuan, dantza ikusgarrienen protagonismoa gizonezkoena bada ere, emakumeek XIX. mendeaz geroztik parte hartzen dute tradizional bihurtutako hainbat dantzatan. Beste batzuetan, oso berria da emakumeen partaidetza; hala nola, Eibarko Mandiola auzoko soka-dantzan eta Legazpiko ezpata-dantzan (biak Gipuzkoan). Elizondoko mutil-dantzan, Baztanen, Nafarroan, emakumeen partaidetzak oraindik orain hautsak harrotzen ditu.