Elkarteak

Emakume Abertzale Batza

Diktaduraren amaierarekin (1923-1930) eta Berenguerren sasi-diktaduraren (1930-1931) ondoren Emakumeak (2) berragertu ziren erakunde modua beste euskal entitateekin batera, 1931ko ekainean. Ordurako bi euskal alderdiak bat eginak ziren, EAJ eta “Euzkadi” egunkariak euskal sendi nazionalista osoa ordezkatzen zuen. Ekainaren 25ean izendatu zen zuzendaritza berria: lehendakaria: Karmele de Errazti; lehendakari ordea: Concepción de Gangoiti; idazkaria: Alizia de Aretxabaleta; diruzaina: Maria Jesus de Ibaseta; idazkariordea: Consuelo de Gallastegi; batzordekide: Jesusa Fresnedo de Arbeloa, Paulina Ramos de Orueta y Concepcion de Unzueta. Arautegia 1931ko ekainaren 15 BNk baietsi zuen. Lehengo artikuluak honela zioen: “ Elkarte honen helburua, Jaungoikua eta Lagi-Zarren alde dauden, euskal emakume ororen batasuna da, Euzkadin zehar hedatzeko, bere sexu eta egoeraren arabera eskura dituzten baliabide guztiak erabiliz, esandako leloak bere baitan duen dotrina, bere jarduera eta ekimen nagusienak euskal gizarte aldeei bideratuz eta izaera kultural eta ongintzarakoak”. Hirugarren artikuluak zera zioen “elkarteko euskaldunen egin beharra da euskaraz hitz egitea Elkartearen egoitzetan eta ez direnak ikasi behar dute”. Gainontzeko artikuluak, onartuak (12 urtetik aurrera), kaleratuak eta berriro onartuak izateari buruzkoak dira. Arautegi hau aldatu zen Antolaketaren helburuaz xedapen hau gehitzeko: “Beharra duten Ideal eta Arrazako (herria) gure senideak artatu era moralean, materialean, abertzalean eta politikoki”. 1932ko EABko txostenean zera gehitzen da: “irrikatzen gaude eta helburu dugu abertzale sentimenduz, bizitza abertzaleaz betetako euskal familiak sor daitezen. Nahi genuke, gure bitartez, emakumeak, euskal familia bakoitza aberri txiki bat izan dadin, gustatuko litzaiguken bezalakoa, fisikoki sendoa eta kementsua eta sakonki kristaua”. Aipatutako agirian Elkartearen helburuak xedatzen ziren, familia bazkunean, bazkun abertzalean, hiritar bazkunean, arlo politiko eta gizartekoan.

Jatorrizko testua: Bernardo Estornés Lasa