Kimikariak

Elhuyar, Juan José (1754-1796)

Kimikari eta mineralogista errioxarra. Logroño, 1754ko ekainak 15 - Santa Fe de Bogota, 1796ko irailak 21.

Euskal Herriko zientziaren historian asko dira ia aitorpen profesional edo publikorik jaso gabe bizi eta hil ziren aurkitzaile handien adibideak. Juan Jose de Elhuyar multzo horretan sartu behar da. Espainiak eta elite akademikoak bazter utzi zuten maltzurki eta garraztasun osoz. Eta alde batera utzitako meritua, ez makala gainera, Iberiar penintsulan atzemandako elementu bakarra -egun 115 ezagutzen dira- isolatzearena izan zen: wolframioa.

Elhuyar sendiko lehen semea izan zen Juan Jose eta bere ikasle bizitza Fausto anaia txikiaren aldamenean eman zuen. Hala, goi-ikasketak burutu zituen anaiarekin batera Paris eta Freibergen. Han kimika eta mineralogia ikasi zuten fisika ikasteaz gain, baina batez ere, metalurgiako tekniketan sakondu ahal izan zuten: Erdialdeko Europako meatze eta fundazioetan izan ziren eta bisitaldi horietan meatzeak ustiatzeko metodoak ezagutu zituzten (ikus Elhuyar, Fausto de). Hala ere, Vienan banandu egin ziren. Fausto Bergarara itzuli zen, izan ere, Euskalerriaren Adiskideen Elkarteak pentsioa onartu zion. Juan Jose, aldiz, Suediara joan zen, Carlos III erregearen "espia" gisa.

Juan Joseren espioitza zientifikoaren atzean Espainiako Itsas Armadaren ahuldadea ezkutatzen da. Itsas Armadak Eskoziako Carroneko faktoria baliatzen zuen. Handik itsasontzietarako kanoiak inportatzen zituen, izan ere, Lierganes eta La Cavadako fabriketan kalitate eskaseko kanoiak egiten zituzten. Itsas Armadako ministroa arma-industria modernizatzeko asmotan zebilen. Horretarako, kanoiak egiteko hutsunearen hustuketaren metodoa aplikatu nahi zuen eta Jose de Mazarredoren (1745-1812) bidez aholku eskatu zion Xabier Mª de Munibe (1729-1785) Peñafloridako kondeari, ezagutza teknikoak zituen inor bila zezan, Europara joateko prest izango zena. Koroak finantzatuta, Euskalerriaren Adiskideen Elkarteak, Estatuan aurrez egin gabeko plan zientifiko eta tekniko baten barruan, Bergarako Seminarioa sortzea lortu zuen LaboratoriumChemicum delakoarekin batera. Trukean, estalki modura jardun beharko zuen espioitza militarraren programan.



Edozein kasutan ere, testuinguru hartan (Ingalaterraren aurkako gerra) zehaztu zen bi espia "bizkaitarren" kontratazioa - halaxe eskatu zuen ministroak "edozer gauzatarako gai direlako [...], izaera isila, trebetasuna eta lanerako talentua baitute"-: Juan Jose espia zientifikoa zen eta Jose Martinez nafarra, aldiz, espia praktikoa. Asmoa ez zen ikasketa luzeen bidez ezagutzak eskuratzea, baizik eta Suedia eta Alemaniako fabriketan eta, batez ere Carronen hustuketa hutsunean metodoa ikastea. Juan Josek gustura onartu zuen 1778ko apiriletik jasotzen zuen erregearen pentsioa, egunean hogei erreal kuarto. Ikus dezagun zer adierazi zuen Peñafloridako kondeak Juan Joserentzat idatzi zuen sekretupeko instrukzioan haren misioaren azken helburuari buruz:

"Suediatik, azken egiteko gisa, Eskoziako Carroneko fabriketan sartzen ahaleginduko zara; eta han ahalik eta errezelo gutxienarekin onar zaitzaten, alemaniarra zarela eta lanbide hori duzula esango duzu, hori dela eta [hizkuntza hori ongi ikasiko duzu] Alemanian zauden bitartean". (Pellon eta Roman, 1999: 104); (itzulpen moldatua gaztelaniatik)

Dena den, ez zen hori izan betebehar bakarra; beste klausula batean mezu enkriptatuak bidaltzeko erabili behar zuen hizkuntza aipatzen zen: euskara, hain justu.

Hala ere, Juan Josek espioitza zientifikoa ez zuen ministroak bezala hautematen. Hori, neurri batean, anglosaxoien eta espainiarren arteko gerraren eraginez Eskoziara ezin izan zuelako bidaiatu, baina, batez ere, kanoiak fabrikatzeko metodo modernoago bat ezagutu zuelako, Suedian erabiltzen zena: hustuketa solidoan. Nolanahi ere, Juan Josek zientziarekiko zaletasun handia zuen eta industria-espioitza lanekin ez zuen aski - nahiz eta itxura hori ematen zuen (berez, beranduago Suediako metodoaren alde agertu zuen)-; aitzitik, kimikaren printzipioetan eta dozimasia arloan sakondu nahi zuen. Eta, asmo hori gauzatzeko Uppsalako Unibertsitatea hautatu zuen.

Euskalerriaren Adiskideen Elkartearen finantzazioari eta laguntza espiritualari esker, eta Torbern Olof Bergman (1735-1784) kimikari suediar ospetsuaren (artean topatzeke zegoen metal berri bat intuitu zuen, tungstenoa, hain justu) kimika ikastaroa begiz jota zuela, Elhuyarrek metal berriaren propietateak eta ezaugarriak ikasi ahal izan zituen eta, are, -Bergman berak eta Carl Wilhelm Scheele (1742-1786) kimikariak esan zutenez- "acide tungustique" delakoa eskuratzeko modua ere ikasi zuen. Azken hori, berez, aipatutako elementua eta oxigenoa nahastean sortzen da. Bere asmoa hura Bergaran isolatzea zen. 1782an iritsi zen hara, Fausto mineralogia eta metalurgia katedrak betetzen ari zen lekura. Azaleratzear zegoela zirudien aurkikuntzari aurre hartzeko irrikaz, Juan Josek Laboratorium Chemicum delakoan wolframioa aurrez Scheelek aurkitutako wolframio-azidotik isolatzeko eskuragarri zeuden baliabide guztiak baliatu zituen, zaharkituta egotetik urrun zeudenak (esaterako, hartako labeak, Upsalako labeak baino tenperatura handiagoan jartzen baitziren). Zenbaiten ustez Faustoren talentu-kolpe miresgarri bati zor diogu aurkikuntza. Dena den, Juan Josek arrazoi sendoak eskaintzen ditu iritzi horren aurka daudenentzat.

Juan Josek izandako zeregina argitzeko orduan XX. mende hasierako kimikarien iritziak (Juan Fages edo Enrique Moles, besteak beste) ere ez zaizkigu oso lagungarri; iritzi horietan hainbat oker hautematen dira, esate baterako, Suediara bi anaiak joan zirela edo Fausto soilik joan zela. Haatik, egun badakigu, neurri handi batean, Juan Jose izan zela aurkikuntzaren egiazko eragilea; ikerketa kimikoari buruz zuen ideiak (analitikoa, zorrotza eta zehatza, Bergmanek erakutsi bezala) antza handia du Bergaran egin zenarekin. 1784ko apirilaren 2an Scheelek honakoa idatzi zion Bergmani: "Pozten naiz Luyarte jaunak [Elhuyar jaunaz ari zen] regulum tungsten lortu duelako; espero dut haren laginak bidaliko zenizkiola"; (itzulpen moldatua gaztelaniatik). Scheeleren hitzak oso esanguratsuak dira, izan ere, alde batetik, aurkikuntzaren primizia aitortzen du (Joan Joseri buruz ari dela uste da, hura baitzen ezagutzen zuen bakarra) eta, beste alde batetik, argi geratzen da aurkipenaren legezkotasuna Bergmanek soilik egiazta zezakeela, hots, berak bakarrik baiezta zezakeen elementu berri bat edo aurretik ezagutzen zen elementu bat ote zen (halaxe egin zuen nikelarekin eta kobaltoarekin 1780an eta telurioarekin 1782an, eta halaxe egingo zuen wolframioarekin).

Noski, historia horretan badago argi ilunik. Juan Joseren jarrera liberala eta iraultzailea (Ingalaterrako metodoari buruz txosten gutxi eman zituelako, kimikari ikasketak burutzen atzeratu egin zelako eta, batez ere, hutsunearen metodoaren ordez Suediako fusioaren metodoa lehenetsi zuelako) ez zuen gogoko Itsas Armadako ministroak eta, hil baino apur bat lehenago, 1783ko martxoan Juan Joseren zerbitzuak etetea erabaki zuen. Neurri hori, hein batean, arindu egin zuen haren ordezko Antonio Valdesek (1744-1816), Indietako Ministeriora bidali baitzuen 1784an. Granadako Erreinu berria (egun Kolonbia dena) izan zen haren jomuga. Bogotan kargu ofizial oso esanguratsua (baina errentagarritasun urrikoa) eskuratu zuen, Fundizioetako Zuzendari Nagusiarena, hain zuzen. Jose Celestino Mutis (1732-1808) botanikari ospetsuaren inguruan gune zientifiko aktibo bat topatzeko zortea izan bazuen ere, zoritxarrez, botanikariak ez zuen nahikoa prestakuntza eta haren ezagutza ere ez zen egokiena metal preziatuak gordetzen zituzten aztarnategiak non ziren adierazteko. Distantziak, eragozpen teknikoak eta langile-urritasunak eragin larria izan zuten Juan Joseren gaitasun zientifiko eta intelektualean; hori dela eta, 1796ra arte (urte hartan hil zen) ikerketa geologiko eta geografikoak baino ez zituen burutu Paramo de Ruiz izeneko leku batean. Isolaturik eta bakarrik eman zituen azken egunak "kokapena eta jitea aintzat hartuta munduko herrialde gozoenean [...] -halaxe idatzi zuen Juan Jose berak-, baina jendearekin tratu arrazionalik izan gabe" (Ibañez, 2002:47); (itzulpen moldatua gaztelaniatik).

Teknologia nagusi den garai batean, hau da, beti produktuaren kalitate-kontrol zehatzera doitzen den hura nagusi den honetan, Juan Josek baliatu zituen kontzeptuen aipamenek - eta, orokorrean, Euskalerriaren Adiskideen Elkarteak- kalitatearen irizpidea zein zaharra den erakusten digute. Izan ere, 1782ko azaroan Bergarara igorritako txostenean Juan Josek Suediako kanoien bikaintasuna goraipatu zuen, "fundizioko zuzendariek jartzen duten arreta handiari esker, ziur daude beti kalitate bereko produktua aterako dutela" eta ez dute "froga berririk egiteko" premiarik, izan ere, "segurtasun osoa dute metalaren kalitateari dagokionez" (Roman, 2000: 17). Argi dago irizpideak aldatu egin direla, Elhuyarrek lehengaiaren kalitateaz adierazten zuen hori, egun ekoizpen- eta banaketa-prozesuetan barneratzen den eta, are, kudeaketa-prozesuetan ere barneratzen den hori ez da aintzat hartu beharreko bakarra; baina adierazpen horiek egin zitueneko denbora eta testuingurua ahazteko joera dugu, eta gure egungo gizartean inposatutako eta gizarteak inposatutako arau asko etengabeko hainbat jarraibide, ildo edota lerroen ondorio direla ere ahaztu egiten dugu.