Aktoreak

Elejalde Garay, Karra

Gasteizen 1960-10-10ean jaiotako antzezle eta zuzendari arabarra. Bere benetako izena Karlos Elejalde da.

Nerabezaroan erakarri zuen arte dramatikoak. Jada, eskolan Samaniego taldearen zenbait antzezlanetan parte hartu zuen. Laurogeiko hamarkadan, Klacatrak, Hordago edo Ttipi-Ttapa Teatro bezalako taldeen muntaketan antzezle, gidoigile eta zuzendari lanetan dihardu.

Zineman egindako bere lehen papera 1987an José Antonio Zorrillaren (1986) Lauaxeta-A los cuatro vientos filma izan zen. Ondoren, Andreu Martínen Sauna (1986) eta Ferrán LLagosteraren Terranova (1990) filmetan azaldu zen.

Bere ibilbideak laurogeita hamarreko hamarkadaren hasieran behin betiko norabide-aldaketa emango du, antzezteko zuen malgutasun eta berezko talentu dramatikoari esker indarrez hamarkada horretan sortutako euskal zinemagile belaunaldi berriaren aktore gustukoenetariko bat bilakatu izatean. Juanma Bajo Ulloaren Tximeleta-Hegoak (1991) filmean paper txiki bat egin ondoren, Karra Elejaldek Julio Medemen Behiak (1992) filmean egin zituen ilegorrien leinuko aita eta semearen paperei esker ezagutaraztera eman zen. Bere pertsonaia bi horien antzezpen harrigarriak beste paper batzuetarako ateak zabaldu zizkion.

Adibidez, Alex de la Iglesiak filmatutako fartsa lotsagabe ukitua duen Acción mutante (1992) komediari neurria arazorik gabe hartuz "el manitas" pertsonaia eta Julio Medemen Katagorri gorriako Anton taxilari astakilo eta matxista ere ederki haragitu zituen. Barne-indar eta naturaltasun erakustaldi guzti horiek ezinbestean Ama hila (1993) filmean komunikatzeko edo adierazteko bide bakar bezala indarkeria besterik ulertzen ez duen Ismael psikopataren lehen bere protagonista papera egitera eraman zuten.

Baina neska gazte elbarri batekin topo egiteak, gainezka egiten dion gatazka bere baitan sortzen dio. Izaki horren xalotasunak erabat hunkitzen du eta kontrola ezina duen egoera emozionalera darama. Elejalde eraginkortasun harrigarriz pertsonaiaz jabetzen da, gidoiak horrela eskatuz gero arrazoiz kanpoko indarkeria sentsazioa sortu eta, azkenean, Ismael, seguru gertatuko den babesik gabeko egoerara horretan eroriz. Filmean duen partaidetzak Fantasportoko (Portugal) Zinemaldian Aktorerik Hoberenari Saria, El Mundoko Euskal Zineari Sarien III edizioan Aktorerik Hoberenari Saria edo Aubagneko Zinearen Nazioarteko Zinemaldian Aktorerik Hoberenaren Saria ekarri zizkion. Elejalderen interpretazio bikaina ez zen oharkabe igaro. Pedro Almodovarrek Kika (1993) filmean bigarren mailako papera eskaini zion, Elejaldek bere ahalbide dramatikoetatik haratago joan gabe hain ongi islatzen dakien izaera harro eta astakoia ustiatzera mugatu zen arren. Bere ibilbide-hasiera harrigarriaren ondoren Imanol Uriberen Egun zenbatuak (1994) Santiago San Miguelen Tatiana, la muñeca rusa (1994) edo Azucena Rodriguezen Entre rojas (1994). bezalako filmetan parte hartu zuen.

Berriz ere Daniel Calparsororen Amildegira jauzi (1994) filmeko Juancar eta Julio Medemen Lurra (1995) filmeko Patricio pertsonaia zirraragarriekin harritu gintuen. Salto al vacíon pertsonaia lazgarri eta itxaropenik gabekoa osatzen zuen eta Tierran aktorearen beraren nortasunetik abiatuz pertsonaiari erantsitako humore beltz eta iseka ukituak zeuzkan Patricio La ardilla rojako Anton taxilariaren luzapen basatiago eta astoagoa zen. 1995ean Euskal Aktoreen Batzak bere ibilbide guztiagatik Aktorerik Hoberenari Saria eman zion. 1997an arrakasta ikaragarria izan zuen Juanma Bajo Ulloaren Airbag, espainiar zinearen historian leihatilatsuena izan den filmetariko bat, estreinatu zen. Karra Elejaldek protagonista papera interpretatzeaz gain Juanma Bajo Ulloa eta Fernando Guillén Cuervorekin batera gidoia idazteari ere ekin zion. Proposamen honen arrakastaren ondoren Karra Elejaldek Fernando Guillén Cuervorekin, -oraingoan Juanma Bajo Ulloa egitasmotik urrundu zen - indarrak bat egin zituzten berriz eta Airbagen ildo bereko beste Año Mariano (1999) izeneko iruzurra zuzendu eta interpretatu zuten. Juanma Bajo Ulloaren presentziarik ezak Airbagen bereizmen-teknika maila lortzea filmari eragozten zion arren, Año Marianok publikoaren konplizitatea sortarazi zuen.

Bere interpretazioak Euskal Aktoreen Batzako Zine Aktorerik Hoberenari Saria (2001) ekarri zion. Edgar Allan Poeren lanean oinarritutako Tinieblas Gonzálezen film labur gainbehera, gehiegizko eta barrokoa zen The Raven gidoian lanean jardunaz bere aktore izaera baino haratago joateko nahia eta sormena berriz ere erakutsi zituen. Bere aktore ibilbidea 2000. urtetik aurrera hasiz joan zen. Fernando Fernan- Gómezen (gaixotasunak jota José Luis García Sánchezek ordeztua) Lázaro de Tormes (2000) bertsioan artzapez lana, Manuel Gutierrez Aragónen Visionariosen (2000) aita Laburu edo Javier Maquaren Carne de gallina (2000) izenburudun fartsa zentzugabe horretan paper garrantzitsuak bete zituen. 2004an, berriz Airbag eta Año Marianoren ildotik, Airbagen birtuosotasun teknikora iritsi gabe Año Mariano astunean lortutako emaitzak askozaz gainditzen zituen -izatez "A-Narko-Comedia" bezala publizitatua izan zen- Torapia izeneko komedia zentzugabe eta surrealista zuzendu zuen. Film berlangarra, buñueldarra, telebista-munduaz, osasunaz, politika-egoeraz edo zezen-gaiak bezalako espainiar bizitzaren arlo ugariz lotsagabe eta erabat kritiko azaltzen zenak, Airbagek eta Año Marianok lortutako arinagoko arrakastek eta filmari egindako sustapen sendoa zituen arren, ikusleek arreta epela egin zioten lan berri horri. 2007an Karra Elejalderen aurreko lanen ildotik egindako komedia "baldarra" zen Javier Rebolloren Locos por el sexon Ramon interpretatu zuen. Zudu gehiago du, zalantzarik gabe, Nacho Vigalondoren Los cronocrímenes (2007) filmean Barbara Goenagarekin batera duen paper protagonistak.

2011 urtean, Iciar Bollainek zuzendutako También la lluvia filman egindako lanarengatik, Banaketako Aktorerik Hoberenari Goya Saria jaso zuen. Urte horretan bertan, KREA Adierazpen Garaikideak "Gutako Bat" Saria eman zion, hiriburu arabarran ospatzen den Zinemastea v.2 2011 zinema sariketan.



Karra Elejaldek zinetik at J.A. Ortegaren La kabra tira al monte muntaia bezalako antzerki-arrakastak izan ditu, telebistan bizitza ekoizkorra ere Títeres sin cabeza (1985) (egile, aktore eta aurkezle), Javier Díez Mororen Jazz entre amigos (1986) Juan Villaescusaren (aurkezle) Circo Pop (1987), Antonio Giménez Ricoren Pájaro en una tormenta (1989) Txema Ocioren El vengador enmascarado (1990) Patxi Barco Bertan Zoro (1. eta 2. zatia) (1991) edo (Gabon Zaharreko ETBrentzako berezia) eta Todos somos de casa (1991) bezalako serie eta programetan ere parte hartu du. Gainera irratian esatari-aktore gisa jardun du eta Hertzainak taldearentzako abestien letrak ere idatzi ditu.

Azken urteotan, Icíar Bollaín, Imanol Uribe eta Daniel Calparsoro bezalako zuzendariekin lanean jardun da, besteak beste, El idioma imposible (2010), Biutiful (2010), También la lluvia (2010), Miel de naranjas (2012) edo Invasor (2012) bezalako lanetan aktore lanak burutuz. Zenbait laburmetraietan ere lan egin du, Un mal golpe (2011) edo Loco con ballesta (2013) adibidez. Azken laburmetrai honi esker Avilako Laburmetraia Zinemaldiko Aktore Onenari Saria eskuratu zuen.

2015ean Antzeztaldeko Aktore Onenarentzat Goya saria jasotzen du, Ocho apellidos vascos (2014) filman egindako lanarengatik.

  • Lauaxeta (A los cuatro vientos), José Antonio Zorrilla (1987)
  • Sauna, Andreu Martin (1989)
  • Terranova, Ferran Llagostera (1990)
  • Alas de mariposa, Juanma Bajo Ulloa (1991)
  • Vacas, Julio Medem (1991)
  • Acción mutante, Alex de la Iglesia (1992)
  • Kika, Pedro Almodovar (1993)
  • La madre muerta, Juanma Bajo Ulloa (1993)
  • La ardilla roja, Julio Medem (1993)
  • Pásala, Julio César Fernandez (1994), film laburra
  • Enciende mi pasión, Jose Miguel Ganga (1994)
  • Días contados, Imanol Uribe (1994)
  • La leyenda de un hombre malo, Myriam Ballesteros (1994), luzera ertaineko filma
  • Tatiana, la muñeca rusa, Santiago San Miguel (1994)
  • Tierra, Julio Medem (1995)
  • Salto al vacío, Daniel Calparsoro (1995)
  • Hackers, los corsarios del chip, Rafael Alcazar (1995)
  • El dedo en la llaga, Alberto Lecchi (1995)
  • Entre rojas, Azucena Rodriguez (1995)
  • Adâo e Eva (Adán eta Eva), Joaquim Leitao (1996)
  • Best-Seller, el premio, Carlos Perez Ferre (1996)
  • Robo en el cine Capitol, Fernando Guillen Cuervo (1996), film laburra
  • La pistola de mi hermano, Ray Loriga (1997)
  • Airbag, Juanma Bajo Ulloa (1997, ideia, gidoia, antzezlea)
  • Novios, Joaquin Oristrell (1998)
  • Un dulce olor a muerte, Gabriel Retes (1998)
  • The Raven, Tinieblas Gonzalez (1999, gidoia), film laburra
  • Los sin nombre, Jaume Balaguero (1999)
  • Año Mariano, Karra Elejalde, Fernando Guillen Cuervo (2000, zuzendarikide, gidoilarikide, antzezlea)
  • Visionarios, Manuel Gutierrez Aragon (2000)
  • Lázaro de Tormes, Jose Luis Garcia Sanchez (2000)
  • Carne de gallina, Javier Maqua (2000)
  • Marujas Asesinas, Javier Rebollo (2001)
  • El rey de la granja, Gregorio Muro, Carlos Zabala (2002)
  • Nos miran, Norberto Lopez Amado (2002)
  • A selva, Leonel Vieira (2002)
  • Torapia (2004) (zuzendari, gidoigile eta antzezlea)
  • El calentito (2005) Chus Gutierrezena
  • Locos por el sexo (2006) Javier Rebollorena,
  • Los cronocrímenes (2007) Nacho Vigalondorena
  • Íntimos y extraños. 3 historias y 1/2 (2008) Ruben Alonsorena
  • El idioma imposible (2010) Rodrigo Rodero
  • Biutiful (2010) Alejandro González Iñarritu
  • También la lluvia (2010) Icíar Bollaín
  • Un mal golpe (2011, laburmetraia) Xavier Ruax
  • Miel de naranjas (2012) Imanol Uribe
  • Invasor (2012) Daniel Calparsoro
  • Loco con ballesta (2013, laburmetraia) Kepa Sojo
  • Ocho apellidos vascos (2014) Emili Martínez Lázaro
  • "Fantasporto" Nazioarteko Fantasiazko Zine Jaialdiko Saria Aktore Onenari (Portugal, 1995)
  • La madre muerta filmeagatik. Aktore Onenari Saria Aubagne-ko Nazioarteko Zinemaldian (Frantzia, 1996)
  • La madre muerta filmeagatik. Aktore Onenari Saria Euskal Aktoreen eskutik bere karreragatik (1995)
  • "Jokulan" Saria Euskal Aktoreen Elkarteak eskainia (1995)
  • Avilako Laburmetraia Zinemaldiko Aktore Onenari Saria Loco con ballesta lanagatik.
  • Laburmetrai eta Zinema Alternatiboaren Nazioarteko Zinemaldian Benalmádena Hiriko Antzezpen Saria (2002).
  • Goya Saria, Gizonezko aktore onenari saria También la lluvia filmagatik (2010).
  • Zinemako Idazleen Elkartea, Bigarren mailako aktore onenari saria (2010).
  • KREA Expresión Contemporanearen Gutako Bat saria(2011).
  • Octubre Corto Zinemaldiko Arnedo Hiria Saria (2012).
  • Antzeztaldeko Aktore Onenarentzat Goya saria Ocho apellidos vascos filmagatik (2015).
  • BONILLA, Juan José (et al.). Diccionario mundial de actores, Madril, JC Artitalpenak, 1998, 847. orr.
  • LARRAÑAGA, Koldo; CALVO, Enrique. Lo vasco en el cine (las personas), Donostia-San Sebastián, Euskadiko Filmategia/Filmoteca Vasca-Caja Vital Kutxa Fundazioa, 1999, 579.orr.
  • ROLDÁN LARRETA, Carlos. El cine del País Vasco: de Ama Lur (1968) a Airbag (1997), Donostia, Eusko Ikaskuntza-Sociedad de Estudios Vascos, Ikusgaiak-Cuadernos de Cinematografía, 3.zenb. 1999, 407.orr.
  • ROLDÁN LARRETA, Carlos. Los vascos y el séptimo arte. Diccionario enciclopédico de cineastas vascos, Donostia-San Sebastián, Filmoteca Vasca-Euskadiko Filmategia, 2003, 351.orr.
  • ROLDÁN LARRETA, Carlos. Secundarios vascos de primera, Donostia, Euskadiko Filmategia, 2008, 272 or.
  • ROLDÁN LARRETA, Carlos. Secundarios vascos de primera 2, Donostia, Euskadiko Filmategia, 2008, 311 or.
  • ROLDÁN LARRETA, Carlos. Secundarios vascos de primera 3, Donostia, Euskadiko Filmategia, 2009, 276 or.