Aktoreak

Elejalde Garay, Karra

Gasteizen 1960-10-10ean jaiotako antzezle eta zuzendari arabarra. Bere benetako izena Karlos Elejalde da.

Nerabezaroan erakarri zuen arte dramatikoak. Jada, eskolan Samaniego taldearen zenbait antzezlanetan parte hartu zuen. Laurogeiko hamarkadan, Klacatrak, Hordago edo Ttipi-Ttapa Teatro bezalako taldeen muntaketan antzezle, gidoigile eta zuzendari lanetan dihardu.

Zineman egindako bere lehen papera 1987an José Antonio Zorrillaren (1986) "Lauaxeta-A los cuatro vientos" filma izan zen. Ondoren, Andreu Martínen "Sauna" (1986) eta Ferrán LLagosteraren "Terranova" (1990) filmetan azaldu zen.

Bere ibilbideak laurogeita hamarreko hamarkadaren hasieran behin betiko norabide-aldaketa emango du, antzezteko zuen malgutasun eta berezko talentu dramatikoari esker indarrez hamarkada horretan sortutako euskal zinemagile belaunaldi berriaren aktore gustukoenetariko bat bilakatu izatean. Juanma Bajo Ulloaren "Alas de mariposa" (1991) filmean paper txiki bat egin ondoren, Karra Elejaldek Julio Medemen Vacas (1992) filmean egin zituen ilegorrien leinuko aita eta semearen paperei esker ezagutaraztera eman zen. Bere pertsonaia bi horien antzezpen harrigarriak beste paper batzuetarako ateak zabaldu zizkion. Adibidez, Alex de la Iglesiak filmatutako fartsa lotsagabe ukitua duen Acción mutante (1992) komediari neurria arazorik gabe hartuz "el manitas" pertsonaia eta Julio Medemen La ardilla rojako Anton taxilari astakilo eta matxista ere ederki haragitu zituen. Barne-indar eta naturaltasun erakustaldi guzti horiek ezinbestean La madre muerta (1993) filmean komunikatzeko edo adierazteko bide bakar bezala indarkeria besterik ulertzen ez duen Ismael psikopataren lehen bere protagonista papera egitera eraman zuten.

Baina neska gazte elbarri batekin topo egiteak, gainezka egiten dion gatazka bere baitan sortzen dio. Izaki horren xalotasunak erabat hunkitzen du eta kontrola ezina duen egoera emozionalera darama. Elejalde eraginkortasun harrigarriz pertsonaiaz jabetzen da, gidoiak horrela eskatuz gero arrazoiz kanpoko indarkeria sentsazioa sortu eta, azkenean, Ismael, seguru gertatuko den babesik gabeko egoerara horretan eroriz. Filmean duen partaidetzak Fantasportoko (Portugal) Zinemaldian Aktorerik Hoberenari Saria, "El Mundo"ko Euskal Zineari Sarien III edizioan Aktorerik Hoberenari Saria edo Aubagneko Zinearen Nazioarteko Zinemaldian Aktorerik Hoberenaren Saria ekarri zizkion. Elejalderen interpretazio bikaina ez zen oharkabe igaro. Pedro Almodovarrek Kika (1993) filmean bigarren mailako papera eskaini zion, Elejaldek bere ahalbide dramatikoetatik haratago joan gabe hain ongi islatzen dakien izaera harro eta astakoia ustiatzera mugatu zen arren. Bere ibilbide-hasiera harrigarriaren ondoren Imanol Uriberen Dias contados (1994) Santiago San Miguelen Tatiana, la muñeca rusa (1994) edo Azucena Rodriguezen Entre rojas (1994). bezalako filmetan parte hartu zuen.

Berriz ere Daniel Calparsororen Salto al vacío (1994) filmeko Juancar eta Julio Medemen Tierra (1995) filmeko Patricio pertsonaia zirraragarriekin harritu gintuen. Salto al vacíon pertsonaia lazgarri eta itxaropenik gabekoa osatzen zuen eta Tierran aktorearen beraren nortasunetik abiatuz pertsonaiari erantsitako humore beltz eta iseka ukituak zeuzkan Patricio La ardilla rojako Anton taxilariaren luzapen basatiago eta astoagoa zen. 1995ean Euskal Aktoreen Batzak bere ibilbide guztiagatik Aktorerik Hoberenari Saria eman zion. 1997an arrakasta ikaragarria izan zuen Juanma Bajo Ulloaren Airbag, espainiar zinearen historian leihatilatsuena izan den filmetariko bat, estreinatu zen. Karra Elejaldek protagonista papera interpretatzeaz gain Juanma Bajo Ulloa eta Fernando Guillén Cuervorekin batera gidoia idazteari ere ekin zion. Proposamen honen arrakastaren ondoren Karra Elejaldek Fernando Guillén Cuervorekin, -oraingoan Juanma Bajo Ulloa egitasmotik urrundu zen - indarrak bat egin zituzten berriz eta Airbagen ildo bereko beste Año Mariano (1999) izeneko iruzurra zuzendu eta interpretatu zuten. Juanma Bajo Ulloaren presentziarik ezak Airbagen bereizmen-teknika maila lortzea filmari eragozten zion arren, Año Marianok publikoaren konplizitatea sortarazi zuen.

Bere interpretazioak Euskal Aktoreen Batzako Zine Aktorerik Hoberenari Saria (2001) ekarri zion. Edgar Allan Poeren lanean oinarritutako Tinieblas Gonzálezen film labur gainbehera, gehiegizko eta barrokoa zen The Raven gidoian lanean jardunaz bere aktore izaera baino haratago joateko nahia eta sormena berriz ere erakutsi zituen. Bere aktore ibilbidea 2000. urtetik aurrera hasiz joan zen. Fernando Fernan- Gómezen (gaixotasunak jota José Luis García Sánchezek ordeztua) Lázaro de Tormes (2000) bertsioan artzapez lana, Manuel Gutierrez Aragónen Visionariosen (2000) aita Laburu edo Javier Maquaren Carne de gallina (2000) izenburudun fartsa zentzugabe horretan paper garrantzitsuak bete zituen. 2004an, berriz Airbag eta Año Marianoren ildotik, Airbagen birtuosotasun teknikora iritsi gabe Año Mariano astunean lortutako emaitzak askozaz gainditzen zituen -izatez "A-Narko-Comedia" bezala publizitatua izan zen- Torapia izeneko komedia zentzugabe eta surrealista zuzendu zuen. Film berlangarra, buñueldarra, telebista-munduaz, osasunaz, politika-egoeraz edo zezen-gaiak bezalako espainiar bizitzaren arlo ugariz lotsagabe eta erabat kritiko azaltzen zenak, Airbagek eta Año Marianok lortutako arinagoko arrakastek eta filmari egindako sustapen sendoa zituen arren, ikusleek arreta epela egin zioten lan berri horri. 2007an Karra Elejalderen aurreko lanen ildotik egindako komedia "baldarra" zen Javier Rebolloren Locos por el sexon Ramon interpretatu zuen. Zudu gehiago du, zalantzarik gabe, Nacho Vigalondoren Los cronocrímenes (2007) filmean Barbara Goenagarekin batera duen paper protagonistak. Karra Elejaldek zinetik at J.A. Ortegaren La cabra tira al monte muntaia bezalako antzerki-arrakastak izan ditu, telebistan bizitza ekoizkorra ere Títeres sin cabeza (1985) (egile, aktore eta aurkezle), Javier Díez Mororen Jazz entre amigos (1986) Juan Villaescusaren (aurkezle) Circo Pop (1987), Antonio Giménez Ricoren Pájaro en una tormenta (1989) Txema Ocioren El vengador enmascarado (1990) Patxi Barco Bertan Zoro (1. eta 2. zatia) (1991) edo (Gabon Zaharreko ETBrentzako berezia) eta Todos somos de casa (1991) bezalako serie eta programetan ere parte hartu du. Gainera irratian esatari-aktore gisa jardun du eta Hertzainak taldearentzako abestien letrak ere idatzi ditu.