Dramaturgoak

Eleizegi Maiz, Katalina

Bere lehenengo lau lanak 1916 eta 1934 artean idatzi, antzeztu eta argitaratu ziren: Garbiñe, Loreti, Gaine eta Jatsu. Gero, gerra etorri zen errepresio eta zentsurarekin. 1960 eta 1963 urteen artean idatzi zituen Erauso Kateriñe (hau antzeztu zen, baina ez zen argitaratu), Brujasko harilkia eta Roldan (azken hauek koadernoetan geratu ziren).

Garbiñe (1917)

Hiru egintzetako drama historikoa da hau, bere lanik ospetsuena. Donostiako Udalak 1916an saritutakoa, 1916ko abenduaren 21ean Donostiako Antzoki Zaharrean estreinatua, hurrengo urtean Tolosan argitaratua eta urteetan herri askotan antzeztua izan da, Urkizuren arabera (1984), Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroan. Oso kritika onak jaso zituen, lehenago aipatu bezala. XIII. mendean dago kokatuta, nafarren eta musulmanen arteko gerra zegoen bitartean. Ezinezko amodio baten istorioa da. Benito Perez Galdosen Marianelarekin konparatu dutela dio Canok (1997: 2), lan honetan agertzen den maitasuna eta sakrifizioaren arteko uztarduragatik. Iñaki Aldekoak esaten du Arakistainen tradizio foruzalearen eragina duela, Basojaun de Etumeta liburuarena zehazki (Aldekoa 2008: 153). Donostiako Koldo Mitxelena liburutegiko Fondo Gordeetan topa daiteke, baita interneten ere (http://www.euskaraz.net/Argitalpenak/HerriLiteratura/Eleizegi/Garbine/). Azpeitiako Antzerki egunean omenaldia egin ziotela aprobetxatu eta Azpeitiako Udalak 1994an berrargitaratu zuen lan hau. Beraz, Tolosako (1917) eta Azpeitiako (1993) argitalpenez gain, antzezleentzat eskuz kopiatutako hiru ale aurki daitezke Koldo Mitxelena Kulturunean eta bertsio digitala interneten.

Honatx antzezlan honen pasarte bat, aipatutako ezinezko amodioa agertzen da bertan:

"GARBIÑE (Garbiñe biari [Lide eta Iboni] begiratuaz) Bai zorionekoak dirala! Baña ni... Garbiñe gaxoa! Negar egitea besterik etzaizu gelditzen! Zergatik, nere biotz gaxoa, ain gora igo nai izan dezu? Orra orain bea jo. Barru barrunean ezkutatuko ditut nere samintasunak, iñortxok ere jakin gabe. Errukigarri gelditzen ba-naiz ni, zoriona izan dezala Ibonek, maite det eta! Bai, maite det!" (28)

Loreti (1918)

Hiru egintzetako drama historikoa da hau ere. Donostiako Udalak 1917an saritua, 1918ko abenduaren 21ean estreinatua, argitaratua eta antzeztua. Aurrekoak baino harrera epelagoa izan zuen (kritikarientzat aproposagoa zela zioten eta ez ikusle xumeentzat). Egileak kultura handia zuela berresten du lan honek. Donostiako Antzoki Zaharrean antzeztu zuten 1918ko abenduaren 21ean. Kantabriar gerrateetan girotu zuen, euskaldunak erromatarren kontra. Aldekoaren iritziz lan honen oinarrian Arakistainen Tradiciones vasco-cántabras lana dago (2008:153). Garaiaren ikerketa sakona egin zuen egileak. Hau ere Donostiako Koldo Mitxelena Kulturuneko Fondo Gordeetan topa dezakegu.

Jarraian antzezlan honen muinean agertzen den arazoa: aberriarenganako maitasuna eta arrotzaren arbuioa:

"LORETI Abesti ori euzkelduna da, ta, ni ere bai. Amona! Oraintxen da zure ikasgaia betetzeko garaia. Laro! Nere itza eman nizun eta ukatuko ez dizut. (Karisiori) Alperrik zabiltza! Loretiren biotza ez da beñere zurea izango; zurea baizik, Laro, zurea da aspalditik. (Baztar batea, bizi bizi joaten da ta tente-tente gelditzen da. Furnio sartzen da).

KARISIO Nere zorigaitza!

FURNIO (Plautiari) Zer da emen? (Biak izketan bezela jartzen dira).

LORETI Aiztango Loreti, zuen otseña? Beñerez (Furnio eta Plautia joaten zaizkio esanaz)

FURNIO Andere: etzaitez orrela berotu. Ez degu nai zure zoriona baizik.

LORETI Biurtu nazazute bada nere etxera.

FURNIO Zure etxean zaude.

PLAUTIA Nere alaba maitetzaz artuko zaitut.

FURNIO Eta, zure zorionarekin batean, zure begira dezun gizonarena egingo dezu.

LORETI Alperrik. Laro Laurtani nere itza eman nion; eta euzkeldun batek ez du beñere bere itzik jaten. (59)

LORETI Euzkelduna naiz, eta euzkeldun artean nai det. Aztaingo alabak, Aztainen du bere zoriona. (61)"

Gaine (1932)

Hiru egintzetako antzezlana da. Epekako antzerki modura argitaratu zuten 1932ko otsaila-apirila bitartean El Día egunkarian, guztira 18 orritan, baina 1929an idatzi zuen (azken orrian sinadurarekin bat dagoen datan ikus daitekeenez). Ez da (ia) ezagutzen, ez da eskuliburuetan aipatzen baina interneten dago (www.hemeroketa.com web orrian dago). 1970. hamarkadan girotuta dago, etorkizunean beraz: "emendikan berrogeinbat urtera gertatuko balitzake lez antzeztuko da" idatzi zuen sarreran. Europako hotel bateko batzar gelan hasten da XX. mendearen hondarrean, baina bigarren egintza XIII. mendeko giroa duen Atarratzeko jauregi batean gertatzen da.

Jatsu (1934)

Hiru egintzetako drama historikoa da. Saritua, argitaratua eta antzeztua Donostia, Tolosa, Arrasate, Bergara eta Bermeon gutxienez (Antzerti, 27. zkia, 1934 eta Euzkadi, 1934/6/23). Ezin da topatu (momentuz behintzat) eta askok ez dute aipatu ere egiten. Frantzisko Xabierren familiaren izena daraman lan honetan 1512an Nafarroako konkista kontatzen du. Kritika on eta txarrak izan zituen, abertzaletasunari erreparatzen zioten batzuek eta idazlearen lanari besteek (Antzerti, 27. 1934 eta Euzkadi 1934/6/23).

Brujas arilkia (1960)

Egintza bakarreko "gabonetako ipuina" da (Charles Dickensen ipuinen estilokoa), Katalinaren hitzetan kondaira polita da hau. Ezezaguna da. XIII. mendean dago girotuta, Flandeseko Brujas hirian. Andre Susan jostuna (amama) eta Mady (biloba gaztetxoa) dira protagonistak. Aberatsen eta pobreen arteko desberdintasunak agerrarazten ditu eta bigarrenen bizimodu gogorra. Familiak dauka argitaragabe oraindik.

Erausoko Kateriñe (1962)

Hiru egintzetako drama historikoa da eta egilea hil ostean antzeztua izan zen (familiak gordetzen zuen argazki baten ikus daitekeenez), nahiz eta argitaragabe dagoen. Antzezlan honetan Katalina Erauso moja alferezaren biografia kontatzen da. Erauso familiaren etxean hasten da, Donostiako mojen komentuan jarraitu eta Mexikon, azteken herrian amaitu. Hemen erlijio kristaua eta erlijio azteka agertzen dira, Garbiñe, Loreti eta Brujasko harilkia lanetan bezala kristautasuna eta kristautasuna baino lehenagoko erlijioak. Antzezlan hau ere argitaratugabe dago familiaren eskuetan baina irakurri daiteke Amaia Alvarez Uriaren tesian (2011), Genero eta nazio identitateak Katalina Eleizegiren antzezlanetan, lan honen amaieran antzezlanaren edizioa dagoelako.

Hona hemen Erauso Kateriñek Ameriketara joateko komentua uztea erabakitzen duenean:

"KATXALA Ez da neretzat Txominek emango lirakean biziera eroso ori. Ene Pierres, aurrean dakust nere izar disdia, ene biotza oso-osorik daramana eta bera jarraitzeko aske bear det izan, munduz-mundu, lotura gabe, beti aurrera egiteko.

PIERRES Ykaratzen nazu andereño.

KATXALA Jo emen, altxa an, ataka bat bota orduko bestea altxia, beti zalantzan, beti burrukan... Nere senideak bezela, itxas aruntz joango naiz.

PIERRES Zu emakumea zera, ta emakume gaztea.

KATXALA Gizon jantzi ta gizon; zerorrek ekarriko dezu gizon jantzi ori.

PIERRES Ez, gezurra ori, ez dizut ekarriko. Erokeria litzake, karrape!

KATXALA Bai, ekarriko diazu: Zure Katxalak eskatzen dizu Pierres. Entzun, Nork daki? Agian Jaungoiko berririk ez duten askori egia erakutsiko diotet; lekaime abek ix[i]llik, otoitzean, apalki eskatzen dutena nik egingo det.

PIERRES Ba dakust andereño erabakia daukazula.

KATXALA Entzun dezu Pierres eta ezagutzen bai nazu ba dakizu ez detala atzera egingo.

PIERRES Bai, ba dakit andereño, gizon jantzia izango dezu.

KATXALA Ba nenkien, eskarrikasko Pierres. (...)

KATXALA Goazen bada biok Eguzkia altxatzen danean lenengo argitzen dituen lur ayetara. Eta ez bai goaz okerrik egiteko asmoan, onak bai dira gure nayak Jaungoikoaren laguntza izango degu. (358-360)"

Roldan (1963?)

Hiru egintzetako drama historikoa eta ezezaguna. Ez dago osorik. Besteak bezala, hau ere Euskal Herriko historiaren gertakari garrantzitsu batean girotuta dago eta tartean ezinezko amodioa agertzen da. Familiaren etxean dago gordeta, eskuz idatzitako ohar sorta bat dela esan dezakegu.

Gerra ostean idatzi zituen lanek aurrekoei jarraitzen diete forma eta edukietan, eta 1960ko hamarkadako euskal antzerkian gertatzen ari zenaren kontra, Eleizegiren lanetan ez dago berrikuntzarik egituran, baina bai gaien trataeran. Oro har, antzerki-idazleen artean, bi joera egon zirela esan genezake, aurreko poetikari jarraitzen ziona, batetik, eta poetika berritzaileak, bestetik, belaunaldi desberdinen arteko aldea, azken finean. Eleizegi bien artean koka genezake, beti egon zen bere garaiko kezka sozialekin oso adi, bereziki genero eta nazio identitateekin lotutakoekin.