Zinekoak

El Anillo de Niebla

Loreak Films produkzio-etxe bilbotarrak produzitu zuen filma, 1985ean. Film kriptikoa da, izaera esperimentalekoa. Amaia eta Maite Mendizabal ahizpek daukaten harremana du ardatz.

Maite Bizkaira aldatzen da, euli mota oso bakan bat -qunter eulia- aztertzeko. Intsektu horrek obsesionatuta dauka Maite, koloniak sortzen eta hedatzen baititu gai kutsatuak isuri diren gunetan. Bizkaira heldu denean, Maitek eskatzen dio ahizpari lagun diezaiola bere ikerketan. Bada, aldi berean, beste trama bat: Barinaga doktoreak aurkitu nahi du ea zergatik ehortzi duen Maitek ahizpa elurretan, bisuts gogorrak harrapatu dituenean biak, Pirinioetara joan direnean. Filmaren zuzendaria, Antonio Gómez Olea, Erromako Zinemagintza Zentro Esperimentalean ikasia da. Obra honekin, izu psikologikoaren generoa eta alegoria politikoa batu nahi zituen. Badira, izan ere, zenbait flash back. Ahizpen haurtzaroa erakusten dute, eta txikitan zerbait izugarria gertatu zitzaiela pentsarazten. Alegoria politikoa qunter eulien presentzian agertzen da. Neguri suntsitu nahi duen dialektika marxistaren metafora dago hor, Neguri euskal oligarkiaren sinbolo baita. Horren parte dira, bidenabar esanda, Maite eta Amaia.

Zinema independenteko eta sinbolikoko obra hau zinemagintza-hizkuntzaren esperimentazio-saio arriskutsuz dago josita, halaber. Forma artistiko eta adierazpenezko ugari batzen dira, eta, adibidez, badira zenbait txertakin zuri-beltz filman zehar. Maiteren heriotza animazio-zinemaren bitartez eman da. Eta beste agerraldi batean, mimo batzuk ageri dira, supituki, behe-lainotan galduta dabilen Amaiari segika. Antza denez, hala jaso baitzuen prentsak, amerikar unibertsitate eta talde britainiar batzuek interesa agertu zuten, bai filmaz beraz, bai horrek zinemagintza-hizkuntza ikertzeko erabilitako teknikez. Edozein moduz ere, ikusleek ez ikusiarena egin zioten guztiz euskal produkzio bitxi horri. Filmak Espainiako Kultura Ministerioaren konfiantza bereganatu zuen, baina ez Eusko Jaurlaritzarena, horrek uko egin baitzion era horretako lan bat diruz laguntzeari.

  • Larrañaga, Koldo; Calvo, Enrique: Lo vasco en el cine (las películas), Donostia-San Sebastián, Euskadiko Filmategia/Filmoteca Vasca-Caja Vital Kutxa Fundazioa, 1997, 583 pp.
  • Miguel, Casilda de; Rebolledo Zabache, José Ángel; Marín Murillo, Flora: Ilusión y realidad. La aventura del cine vasco en los años ochenta, Donostia-San Sebastián, Filmoteca Vasca-Euskadiko Filmategia, 1999, 295 pp.
  • Roldán Larreta, Carlos: El cine del País Vasco: de Ama Lur (1968) a Airbag (1997), Donostia, Eusko Ikaskuntza-Sociedad de Estudios Vascos, Ikusgaiak-Cuadernos de Cinematografía, núm. 3, 1999, 407 pp.
  • Roldán Larreta, Carlos: Los vascos y el séptimo arte. Diccionario enciclopédico de cineastas vascos, Donostia-San Sebastián, Filmoteca Vasca-Euskadiko Filmategia, 2003, 351 pp.