Literatoak

Eizagirre, Joseba

EHUko Euskara Institutuak argitaratua, Euskal Literaturaren Hiztegian.

Tolosa, 1881-Donibane Lohitzune, 1949.

Joseba Eizagirreren bizitzaz zerbait jakin nahi zuenak bazituen iturri jakinak, atez ere "In memorian Eizagirretar Joseba zena" (Eusko Jakintza III 1949: 460-464) artikulua. Handik etorri dira orain arte eman izan diren datak, nahiz eta errakuntza baten berri eman behar dugun. Izan ere, aipatu artikuluan idazlea 1949an hil zela garbi esaten den arren, Auñamendi Entziklopediaren argitalpenean, ostera, oker eman zen data eta 1948a idatzi zutelarik erredaktoreek. Bide hori jarraitu dutenek azken data hori ematen dute, eta errakuntzak adierazten du zein den erabilitako iturria.

Gaur egun Joseba Agirrezkuenagak zuzentzen duen Diccionario Biográfico de Parlamentarios de Vasconia (1876-1939). Volumen II. (Parlamento Vasco-Eusko Lege Biltzarra, Gasteiz, 2007: 1017-1028) lanak askoz ere informazio ugariagoa ematen du Jose Eizagirreri buruz.

Jose Eizagirre 1881ean jaio zen Tolosan. Valladoliden ikasi zuen eta 1897an Zuzenbide ikasketak hasi zituen Oñatiko Unibertsitatean. Madrilen jarraitu zituen ikasketok eta 1901ean burutu. 1918an Korteetarako Diputatu aukeratu zuten EAJ-PNV alderdiaren izenean Bergarako barrutian. Comunion-eko kide izan zen EAJ-PNV akderdian barne-haustura gertatu zenean, eta protagonismo berezia izan zuen batasun prozesuan. Eizagirre Konstituzio Garantietako epaimahaikide izan zen Errepublika garaian, eta 1937an Euskadiko Epaimahai Militarreko Buru izan zen Urte berean Alicanteko Entzutegiko magistratu izendatu zuten. 1939an deserriratu egin zen.

Gerraostean, EAJ-PNVren barnean Eusko Jaurlaritzako kontseilari izan zen, eta II. Mundu Gerraren ondoren sorturiko erakundeetan euskal ordezkari. Euskal kulturaz idatzi eta argitaratu zuen garaiko zenbait aldizkaritan. 1946an Nazioarteko Zuzenbide Kongresuan euskaldunen boza izan zen eta 1947an, Bruselan, "Las garantías prácticas de los derechos del hombre en el plano nacional e internacional" txostena aurkeztu zuen, Legegizon Demokratikoen Nazioarteko Elkartearen kongresuan. 1946an Erroman Alderdi Demokrata-Kristauak egin zuen kongresuan izan zen hizlari.

1947an Eusko Ikaskuntzaren jarraitzaile izan Gernika Institutuaren buru aukeratu zuten. 1948an Institutuak beste izan bat hartu zuen: "Sociedad Internacional de Estudios Vascos", baina Eizagirre ez zen ados agertu. 1949an hil zen Donibane Lohitzunen.

Ikerketa eta dibulgazio lanez gain, literaturan lan bi eman zituen argitara: Ekaitzpean (1948).

Hala ere, guda zibilaren ostean argitaratutako nobelak eman zion ospea Egizagirreri euskal literaturaren esparruan: Ekaitzpean nobela 1948an argitaratu zen Buenos Aires hirian; atzerrian, beraz. Bi helburu nagusi zituen gure idazleak lana argitaratu zuenean: lehena, euskararen biziraupenarekin lotua. Honela zioen tolosarrak: "Euskera galduko balitz Euskal-Erria zearo galdua litzakela ziur badakigulako gure izkuntza maiteari iraupena eman nahi genioke". (1948, 4).

Puntu honetan, bada, Jose Eizagirre literatura euskararen mende jartzen zuten idazleen zerrenda luzean kokatua dugu. Baina nobelaren gaia azaltzerakoan askoz ere argiago agertzen da: "Aizkenengo gure gudate izugarriaren zipriztin beltzak mendi-mendian izkutatuta dagoen baserri bateraño nola iritxi diran, gaitzat artuta". (1948, 4).

Ekaitzpean nobelak eztabaida nagusi bat agertzen du: nola ulertzen diren karlisten eta nazionalisten arteko harremanak. Jose Eizagirreren ustetan karlista mota bi daude: batzuk, aspaldiko karlistadan borrokatu zutenak, horren eredu nagusia aitona delarik, onak dira; gaurkoak, aldiz, frankismoaren alde jarri direnak, Txinparta bezalakoak dira, karlista ustelak, ez dutelako nazionalismoaren ideologia ulertzen.

Jose Eizagirre kinka baten erdian dago eta, agian, horixe da nobelak erakutsi nahi duena. Zeintzuk dira nazionalismoak karlismoarekin dituen loturak? Jakina da nazionalismoaren eta karlismoaren arteko loturak estuak izan direla eta baten "Dios, Patria Rey" hirukoteari "Jainkoa eta Lagi Zaharra" bikotearekin erantzun ziola besteak. Baina gerra sortzen denean, hara non karlistak Errebelioaren alde jartzen diren. Gainera, etxeko semea erreketeekin doa, ez gogo onez, baina joan, joan badoa. Eta hil egingo da.

Nola uztartu eta adierazi kontraesan hori? Bada, anbiguotasunez. Hau da, karlista mota bi adieraziz nobelaren barnean. Karlista mota bat ona izango da, nazionalismoaren eratzailea, aitonak sinbolizatzen duena, karlistadetan borrokatu zutenekin irudikatzen direnak; besteak, gaurkoak, txarrak, Txinparta bezalakoak, gazteak buru berotu eta gerrara hiltzera bidaltzen dituztenak.

  • AGIRREZKUENAGA, Joseba (zuz.). Diccionario Biográfico de Parlamentarios de Vasconia (1876-1939). Volumen II. Gasteiz: Parlamento Vasco-Eusko Lege Biltzarra, 2007. 1017-1028 orr.
  • Armiarma. Literaturaren Zubitegia. "Jose Eizagirre". [Kontsulta data: 2012-04-27].
  • IZENIK GABE. "In memorian Eizagirretar Joseba zena". Eusko Jakintza, 1949, III. 460-464 orr.
  • RABELLI, Álvaro. "Ekaitzpean (1948)". Euskal Literaturaren Hiztegia - Idazlanak. EHU-Euskara institutua. [Kontsulta data: 2012-04-27].