Biologoak

Dufour, Jean Marie-Leon

Mediku, naturista eta botanikari frantziarra. 1780ko apirilaren 11n jaio zen Saint-Severren eta Landetan hil zen 1865eko apirilaren 18an.

1799-1806 bitartean Parisen izan zen medikuntza ikasten. Garai hartan Jean-Baptiste Bory ezagutu zuen eta Viaje por las cuatro principales islas de los mares de África lanaren berrikuspenean lagundu zion. Egileak laguntza hori irakurlearentzako oharrean aipatu zuen eta Naturaren Historiaren zientziarako pertsonaia bikaina zela aitortu zuen.

Dufour mediku lanetan aritu zen Espainiako militarren kanpainan 1808-1814 bitartean eta gerra amaitzean bere jaioterrira joan zen bizitzera. Besteak beste, Anie tontorreko botanika eta mendebaldeko Pirinioetako intsektuak aztertu zituen 1808-1856 bitartean. Bizi zen artean artropodoei buruzko 232 artikulu argitaratu zituen, horietako hogei inguru armiarmei buruzkoak.

Obra nabarmen gisa Recherches anatomiques sur les Carabiques et sur plusieurs autres Coléoptères (1824-1826, Paris) aipatu behar da. Les moeurs d'un hyménoptère chasseur de Buprestes izan zen argitaratu zuen beste lanetako bat. Hor Jean-H. Fabreren eragina agertzen da. Dufour laburdura landareen deskribaketan eta sailkapen zientifikoa egitean pertsonaia nagusietako bat (Leon Dufour) adierazteko erabiltzen da.