Kontzeptua

Dorretxea

Eraikuntza mota honetan, bai landatarra, bai hiritarra, ezaugarri arkitektoniko zehatzak sumatzen dira.

Materialari dagokionez, Euskal Herriko dorretxe gehienak harlangaitzez egindako eraikuntzak dira, nahiz eta izkinak, dintelak, ateak, leihoak, arkuak eta baoetako zangoak harlanduz landuta egon. Kasu gutxitan erabat harlanduz egindako eraikuntzak agertzen dira, adibidez, Luzea Dorrea, Zarautzen. Hala ere, hainbat elementu arkitektoniko eta gorputz osoak egurrez eta adreiluz agertzen dira, batez ere, barruko egituran, goiko solairuetan eta hegalkinetan. Beste batzuen artean, Etxaburu Dorretxean, Izurtzan, eta Lekue Dorretxean, Usansolon, biak Bizkaian kokatuak, ikusi daitezke egurrezko hegalkinak, eta Zumarragako Legazpi Dorretxean, Gipuzkoan, kontenplatu daiteke adreiluz egindako goiko gorputza.

Dorretxeen oinplanoak karratuak eta, batez ere, laukizuzenak dira. Altxaeran, zaila da jakitea zeintzuk diren jatorrizko neurriak zeren gure lurraldeko dorre asko moztuta agertzen baitira. Gertatakari hau adierazteko beharrezkoa da gogoratzea bandoen arteko borroketaz eta, batez ere, 1457. urtean monarkiak agindutako dekretuz, honen arabera, dorre askori mozketa egin zitzaion. Dena den, jakina da Euskal Herriko dorretxeen altuera, beste lurralde batzuekin konparatuz, xumea zela, batzuek hogei bat metro inguruko altuera izan arren. Kasu honetan aipagarria da Mendozako dorrearen altuera, Araban dagoena eta 21 metrokoa dena.

Dorretxeen sendotasuna agerian dago zeren harlangaitz hormen neurria metrora eta batzutan metro eta erdiraino (eraikuntza zaharrenetan) heltzen baitira. Hormetako egiturak, denborak aurrera egin duen heinean, aldatu egin dira eta gero eta ugariagoak izan dira irekitzen diren baoak. Kontuan hartu behar da defentsarako multzoaren alde ahulenak baoak direla, sarbideak batez ere, eta horregatik, zaharrenetan, gutxi eta oso estuak eta luzeak dira leihoak eta ateak, Salazar Dorretxean, (Nograro) eta Kondestablearen Dorretxean (Fontecha), biak Araban, gertatzen den bezala. XV. mendean eta XVI.aren hasieran altxatutako dorretxeak, berriz, zabalagoak eta argitsuagoak dira; oso gutxitan balkoiak agerian dira, adibidez, Ortiz de Molinillo Velascotarren Dorretxean, Artziniegan, Araban. Arkuen itxuran ere, bai sarrerako ateetan, bai lehioetan, bilakaera kronologikoa nabaritzen da. Eraikuntza zaharrenetan agertzen diren baoak, erdi puntukoak eta arku zorrotzak dira baina, evoluzio arkitektonikari jarraituz eta defentsarako funtzioa galdu joan ahala, arku konplexuagoak zabaltzen dira, konopialak, mistilineoak, beheratuak eta dintelduak.

Aipatutako bilakaera arkitektonikoa berriro sumatzen da dorretxeetako sarrerako ateetan. Normalean, sarrera nagusia lehenengo pisuaren altueran dago eta dorretxerako sarbidea egiten zen hormara itsatsitako eskailera baten bidez edo, pezoia bazegoen, zubi baten bidez. Iturriotz Dorretxean, Gipuzkoan, aurkitzen da itsatsitako eskaileraren adibide ona eta Arangureneko Dorretxea, Orozkon, Bizkaian. Araban berriz, kokatzen da Varonatarren Dorretxea, Villanañen, bost metroko pezoia daukana eta sartu ahal izateko harrizko zubi bat gurutzatu behar da.

Aipatutakoaz gain, beste defentsarako elementu batzuk eta aztarnak aurkezten dira dorretxeetan, besteak beste, azpimarratzekoak dira: gezi leihoak eta itsu leihoak, egurrezko kadalsoak, almenak, garitoiak, saietera multzoak, harresiak eta aipatutako pezoiak. Osagai hauen gehienak arruntak dira gure lurraldeko dorretxeetan. Adibidez, garitoiak ikusi daitezke Mendietako Dorretxean, Mendietan, Araban dagoena; almenak eta saietera multzoak, adibidez, Ibarguen Dorretxean, Sandamendian, Bizkaian, eta Kejanako Dorretxean, Kexaan, Araban, agertzen dira.

Apaingarriari dagokionez, nahiz eta elementu hauek urriak izan, defentsa izaera galtzen doan heinean, osagai apaingarriak gero eta ugariak dira. Arkuetan agertzen diren motiboen artean aipatu ditzakegu bolak, lauhostoak eta kordelak; horretzaz gain, moldurak erlaitzetan eta armarriak fatxadetan. Dena den, izpiritu praktikoa nagusia zen eraikuntza mota hauetan.

Euskal Herriko dorretxe gehienak hutsik daude gaur egun eta jatorrizko barruko egitura, egurrezkoa izanik, desagertu egin da edo oso desitxuratuta heldu zaigu. Hala eta guztiz ere, aztarnari batzuei esker, ezagutzen da nolakoa zen barruko egitura eta antolamendua. Jakina da barruko egitura osoa egurrezko zutabe baten bidez, erdigunean kokatuta zegoena, mantentzen zela, beheko solairutik teilaturaino. Bi edo hiru solairukoak izan daitezke eta banaketa hau egurrezko bilbadura edo armazoi lau baten bidez egiten zen. Euskal Herriko dorretxeetan estalki gangatuak ez dira oso arruntak baina adibideren bat badago. Goiko atalean agertzen dira ganbara, gorputz almenatua eta saieterak. Normalki, dorretxe gehienek lau isurialdeko teilatua daukate.

Dorretxeen funtzionaren arabera, zenbait antolamendu nabaritzen da, baina oinarrizkoa zen hurrengoa: beheko solairuan sukaldea, biltegiak, ukuilua eta, hiritarren kasuan, bulegoak eta dendak kokatzen ziren; bigarren pisuan, solairu noble eta nagusia izateagatik, jabearen edo jaunen bizitokia zen; amaitzeko, kasu askotan, hirugarren solairuan zeuden ganbara eta defentsarako elementuak, adibidez, almenak eta garitoiak. Pisu guztiak egurrezko eskaileraz komunikatzen ziren.

Dorretxe anitz agertzen dira gure lurraldean eta esan daiteke Euskal Herriko arkitekturaren elementu interesgarrienetako bat dela. Gehienak Araban eta Bizkaian biltzen dira, Gipuzkoan eta Nafarroan, berriz, ez dira bezain ugariak baina, dena den, garai honetako ezaugarririk bereziena da dorretxea.