Fisikariak

Doporto Marchori, Mariano

Fisikari eta meteorologo estremadurarra. Cáceres, 1902-01-18 - Dublín, 1964-09-08.

Euskal Herritik at hezi eta ikasi izanda berton lanbidezko jarduera bikaintasunez garatu zuten zientzialariek ez dira gehiegi, eta agian Doporto liteke, gutxi horien artean, irakurleentzako gutxien ezagutua denetariko bat -eta, paradoxa- nazioarte mailan gehien nabarmendu denetariko bat.

Jose Mª Vidalek, XX. mende erdiko meteorologorik ospetsuenetariko bat, Doporto, nabarmenki, bere garaiko iragarlerik hoberenetariko bat izan zela zioan, eta, bere mapak, Espainian beste edozeinek egindakoak baino askoz hobeak izan ziren. Egia esan, Vidal-ek bere esparruaren alde ekiten zion, zeren Doporto iragarle on bat baino askoz gehiago izan zen; izatez, atzerrian baina, mundu mailan aintzatetsi izandako meteorologo eta atmosfera-fisikoa izatera iritsi zen.

XX. mendearen lehen erdian, Doportok ezagutu zuen aroa, meteorologiarentzako aro garrantzitsua izan zen. Izan ere, nazioarteko lankidetzan eta instrumentazioan aurrerapen handiak izan ziren garaia izan zen. Lehen Mundu Guda ondoren meteorologiaren garapena elementu bik bultzatuko dute: irratiaren garapenak eta hegazkintzarenak. Aire-nabigazioaren gorakadak -militarra eta zibila- eguraldiaren iragarpen hobeak egitera behartu zuen, informazio hori, oro har, irratiaren bitartez helarazia izanez. Ordutik aurrera, hegazkintzak, irratiak eta meteorologiak goranzko bide berdina izan zuten.

Agian gutxiago ezagutua baina ez horregatik garrantzi gutxiago izan zuena, euskal meteorologiak izandako bilakaera izan zen. XX. mendeko lehen laurdenean zehar, eta berezitasunez Igeldoko Meteorologia Behatokian nabarmen, atmosfera-gertakariak ulertzeko era monopolizatzera zihoazen planteamendu biren aldaketa sakon bat gertatu zen: bat "intuiziozkoa" eta bestea "fisikoa". Herri-jakintza, zientzia eta intuizioaren konbinaketan oinarritutako iragarpena aldeztera zetorren -Juan Miguel Orcolaga jesulagunak ordezkatua- ikuskera, atmosfera- eta aldaketa-prozesuak fisika-legeetan oinarrituz bakarrik azaldu zitezkeen teoriarantz lekualdatuz zioan. Bataren eta bestearen ezarpen-marra, eguratsa ulertzeko ikuspegi erabat desberdinak banatzen dituen berbera da. Marra hori da, hain zuzen ere, 1927an Igeldora iritsitakoan Doportok hasi zuena.

Caceres-en jaioa, sendia aberats baten baitan, 1918an Madrilera aldatu zen, bertako Unibertsitate Zentralean fisika ikastera. Litekeena da, ikasketa horiek meteorologia jardueran aritzeko hasi izatea, Meteorologoen Kidegoan sartu nahi zutenei eskatzen zitzaien baldintzetariko bat baitzen. Izatez, ikasketen hirugarren urtea egiten zebilenean, Meteorologia Laguntzaile lanpostua irabazi -oposizio bitartez- zuen. Ondorengo urteetan, lizentziatura eta doktoretza ikasketak Laguntzaile zereginarekin batera, Meteorologiarako Bulego Nagusian lehendabizi, eta, geroago, soldadutzan, Madrilgo Kanpainako Irrati-telegrafia gudarostean, egingo ditu.

1927ko abuztuan, deialdi bidezko lehiaketan Doportok Donostiako Igeldoko Behatokiko Zuzendari lanpostua eskuratu zuen. Bertan bederatzi urte emango ditu. Epealdi horretan egokitzapen teknikoari buruzko lan aipagarria egin zuen, bere laguntzailea zen Landinekin batera. Publicaciones del Observatorio de Igueldo izenburupean bere lanak argitaratzeari ekin zion -1927tik 1935era zazpi argitaratu ziren, lau berak izenpetuta- eta baita behaketei buruzko eguneroko Boletin bat, hileroko Laburpena eta beste urteroko bat ere. Esanahi horretan, bere lorpen garrantzitsuenetariko bat meteorologia-zerbitzuaren berrantolaketa izan zen, hau da, lurraldeko luze-zabaltasunean plubiometriarako guneen sare bat -guztira 13- sortu izana. Gainera, 1932an sortutako Donostiako Zientzia Ikasketetarako Gunearekin -Euskal Unibertsitatearen hazia- lankidetzan jardun zuen, fisika ikastaroak emanez eta bere aldizkarian ikerketak argitaratuz.

Nahiz eta, ikusiko dugun bezala, eguneroko lana ugaria zen, ikerketarekin uztartzerik izan zuen. Bere zuzendaritzapean, eguzki-erradiazioaren eta barometria-banaketari buruzko ikerketei ekin zioten emaitza aipagarriak lortuz. Gainera, Donostian geruzaren goi estalduren ikerketarako puxika-pilotudun aerologia-zundaketak ezarri zituen. Haizearen maila gorenetako abiada eta norabidearen ezagutzak Bizkaiko Golkorako eguraldiaren iragarpena egiteko ikaragarri laguntzen zuenaz ohartu zen, toki-iragarpenetarako altura handietan hozberoa ezagutu beharra zen bitartean. Azken helburu honetarako, hiru urtetan zehar zundaketak egitea lortu zuen, horretarako 5000 m.-ra arteko tenperatura eta presioa neurtzea ahalbidetzen zuen sistema bat -berak asmatutakoa- erabiliz. Aerologia-teknika horiek erabiliz, 1938an egin eta ondoren bere doktoretza-txostenari erantsi zion La turbulencia dinámica de la atmósfera en Barcelona, turbulentzien eta tenperaturaren eta haizearen aldaketei buruzko ikerketa bat egin zuen, ikerketa hori Servei Meteoròlogic de Catalunya-ko zuzendaria zen Eduardo Fontseré adeitsuaren laguntzaz, konde-hirian egindako zundaketa batzuetarako erabiliz. Hauxe izan zen bere azken lana, Frantziara erbesteratu aurretik eta geroztik Irlandan.

1490ean, behin Irlandan ezarrita, Doportok Irish Meteorological Service-aren menpe zegoen (1936an sortua) Shannongo (Foynes) Aireportuan meteorologia lanpostu bat eskuratuko du. Ingelesa erabat ezezaguna bazuen ere, gorako bidea laster egin zuen: Dublineko egoitza nagusira igorri zuten eta 1948an, zortzi urteko egonaldia besterik ez zuenean, Irlandar Zerbitzuko Zuzendari izendatu zuten bere heriotzara arte kargu honetan izanez. Zuzendari bezala, meteorologia-guneen sare zabala sortzea lortu zuen, eguraldia iragartzeko egoitza bat eta baita laborategiak ere airearen erradiazio- eta kimika-ikerketak egiteko; horrek guztiak Valentiako Behategia -egoitzaren tokia- Igeldorako pentsatutakoaren luzapena izatea ekarri zuen.

Irlandar atzerria Doportoren ikerketarik garrantzitsuenekin bat dator. Hori bi ziogatik izan zen: alde batetik, bere teoriak egiaztatzeko eskura izan zituen baliabide teknikoak, eta, bestetik, Irlanda, Norvegia eta Bretainia Handia eguratsari buruzko dinamikaren garaiko ikerketen buru izan zirelako. Doporto geroago eta gehiago eguratsaren fisikako bideetatik zehar abiatu zen, esparru horretan maila isopikniko (edota emandako bataz besteko neurriaren araberako airearen dentsitatearen desbideratzea gutxiena den maila; bata 25 Km. eta bestea 80 Km) biren erakustaldiak edo eguratsaren zelula-egituraketarekiko matematika-teoriaren ingurukoak bezalako ekarpen bikainak eginez, geroztik egiaztatuak izan ziren hipotesiak izanez.

Bere ikerketen originaltasun eta ziurtasunak Doporto ospetsuak ziren elkarte askorengandik txalotu izatera eraman zuen. World Meteorological Organization zeritzonaren batzarretan Irlanda ordezkatzen zuen eta geodesia eta baita geofisikaren inguruko kongresuetan ere, bertako batzordeetariko bateko (International Association of Geodesics and Geophysics-eko finantza arlokoa) lehendakaria zela. Bere zerbitzu eta lanengatik Dublin Institute of Advanced Studies-eko kide hautatua izan zen, bertan E. Schrödinger y L. W. Pollak- eta Royal Irish Academy-koekin- topo eginez.

Doporto Dublinen hil zen1964ean, 62 urte zituela, bigarren bihotzeko batek jota. Irlandako prentsak eta baita espezializatutako zientzia-aldizkariek ere (Nature, Quaterly Journal of the Royal Meteorological Society,...) bere heriotzaz zihardutenean, hemen bere bizitza eta lana erabat oharkabe igaro ziren. Euskal Herriaren beste gertakari ezezagun bat.