Kontzeptua

Donostiar zigarro-egileak

Donostiako tabako fabrikako lanpostuak estimu handikoak ziren, eta bertan sartzeko lehentasuna izaten zuten bertan lanean ari ziren langileen familiakoek. Kontuan izan behar da garai hartan emakumeentzat ez zegoela lanerako aukera handirik.

Gogoratu beharrekoa da Garibai kaleko fabrikan (1913. urtera arte) emakume puru-egile bakoitzak bere jarlekua eta kandela bat eraman behar izaten zuela eta "irakurri egiten zietela lanean ari zirenean".

Puru-egilearen ofizioak abilezia eskatzen zuen, eta horrekin eta esperientziarekin emaitza onak lortzen zituzten. Lanbidea, izatez, espezialista beteranoak lan egiten ikusiz eta nor bere praktikaz ikasten zen.

Beste lanbide batzuekin alderatuz, puru-egileen lanpostuak lanpostu "seguru"ak ziren, eta ordainsaria garrantzitsua zen: "inguruko fabriketako gizon askok baino gehiago irabazten genuen". Horrek, esan beharrik ez, ekonomikoki askatasun bat eta segurtasun pertsonal bat ematen zien hango emakumeei. Puru-egileek soldata finko bat zuten eta beste bat aldagarria zena eta egindako puruen arabera ordaintzen zena. Hamabost egunetik behin kobratzen zuten, eta ordainketa taldeko buruak edo arduradunak egiten zuen.

Ez da harritzekoa, beraz, langileek beren lanpostuak ez uztea ezkontzen zirenean eta lanean jarraitzea ahal zuten bitartean. Gainera, Donostiako enpresak garai hartan nahiko aurreratuak ziren abantailak eskaintzen zizkien emakume langileei, baita beren seme-alabak zaintzeko aukera ere. Argitaratu berri diren lan batzuetan adierazten denez, puru-egile batzuen hitzetan "ezkongai onak ginen".

Puru-egileek eta langile-buruek uniformea jantzi behar izaten zuten: txabusina eta beix koloreko txanoa; maistrak, ordea, urdinez jantzita ibiltzen ziren. Lanaldia amaitzerakoan dutxatu beharra izaten zuten, tabakoaren usain txarra -kiratsa ez esatearren- kentzeko.

Enpresatik irteterakoan, atezainaren miaketa pasatu behar izaten zuten, hori arduratzen baitzen langileen sarrera-irteerak kontrolatzeaz. Atezainak, irteera bonbillen piztuera aleatorioarekin bat gertatu zelako-edo miatzeko aukera izaten bazuen edo lapurreta susmoren bat izan, erregistratu egiten zituen langileak.