Kontzeptua

Donostiar zigarro-egileak

Tabakogintza emakumezkoaren enplegu ordainduak (betiere gizonezkoenak baino nabarmen gutxiago ordainduak) nagusitasuna izan zuen langintza bakarretakoa izan zen XIX. mendearen hasieratik; nagusitasun hori gainera areagotu egiten zen puruak eskuz egiteko eginkizunean. Horretan aritzen ziren langile emakumeei zigarro-egileak deitzen zitzaien. Lanbide horrek garrantzi handia izan zuen garai hartako gizartean, emakumeari aukera eman ziolako industrian sartzeko. Harrigarria gertatzen da artista askok eta askok (musikari, margolari, eta abar) lanbide honi buruz erakutsi duten interesa.

Puruak estalki bat izaten du gainetik geruza izenekoa, beste bat aurrekoarekin zentrokidea, "capillo" izenekoa eta barrutik betegarri bat jatorri eta era askotako tabako hostoz egina. Horiek modu jakin batean nahasten dira, eta tabako-egileen hizkeran nahasketa betegarri horri tripa deitzen diote.

Puruak eskuz egiteko prozesuak funtsean honako atalak ditu:

  1. Tripa edo betegarria osatuko duten tabako hostoak tolestea ("Arripiar").
  2. Betegarria bi hostorekin ("capillos" edo "capotes") eskuz biltzea. Horrela bildutako kirtenari "tirulo" deitzen zioten.
  3. Azkenik, beste hosto batez biltzen zen dena eta akabera ematea.

Emakume puru-egileak hamar laguneko taldeetan biltzen ziren. Talde horiei "rancho" deitzen zieten, eta ehun langiletik gorako lantegietan eratzen ziren. Langileak emakume langile-buru batzuen aginduetara zeuden; horien erantzukizuna zen puru-egileak egiten zuten lana zaintzea eta "langileen lasaitasun eta jokaera onaz" arduratzea. Langilie-buruak, aldi berean, maistra baten esanetara zeuden, eta horrek ikuskariaren aginduak betearazten zituen. Emakume-langileak "eskuin eta ezkerreko"etan banatzen ziren, landu behar zituzten hostoak nolakoak izan.

Lehentxeago esan dugunez, mota askotako tabako hostoak nahastuz egiten zen puruen betegarria edo tripa. Lehenbizi, betegarria egiten hasi aurretik, hostoari zainak kentzen zitzaizkion, batez ere erdikoa edo zain nagusia. Eginkizun horretarako, astintzeko makina batean (tabakoa astintzea) sartzen zituzten hostoak. Puru-egileek, ondoren, hosto horiek astintzeko makinaren uhaletik kendu eta elkarren gainean jarri ondoren tolestu egiten zituzten erroilu antzera.

Kirtena ("tirulo"a) egiteko betegarria biltzeko hostoak ("capillo"ak), marraga busti batean biltzen ziren, eta han egoten ziren gau oso bat. Hala egiten zen, lehor zeudela zimurtuz gero apurtu egiten zirelako. Puru-egileek, azkar mugituz, betegarria edo tripa pirritan erabiltzen zuten, masarekin gorputz sendoa eratu arte; ondoren ertzak mozten zizkioten neurri egokira, luzera eta lodiera neurtzeko plantila batzuk erabiliz. Mozteko tresnari zepoa edo gillotina deitzen zioten.

Rafaela Goikoetxea Mikio (1910), hamalau urte zituela hasi zen lanean Donostiako Tabakaleran eta hogei urtez lan egin zuen bertan. Rafaela puru-egile adituak gogoratzen duenez, ordea, "matakintoak" izeneko puruen betegarria xehatzen zuen makinak berak molde batean biltzen zuen tripa hori lehen hosto-biltzailerekin. Horri deitzen omen zioten "tirulo"a.

Edonola ere, puruaren geruzatzat erabili beharreko hostoak leuntasun eta biguntasun egokia zuela ziurtatu ondoren, hala nola, ez zegoela apurtuta edo zulatuta, puru klase bakoitzerako behar zen neurrietara mozten zen eta ondoren "tirulo"an biltzen zen eskuz eta pirritan azkar erabiliz. Betegarria biltzeko eta pirritan azkar mugitzeko abilezia hori zen, hain zuzen, puru-egilearen ezaugarrietako bat. Puruak egiteko eskuineko edo ezkerreko eskua erabiltzen zuten, hostoaren aldea nolakoa izan. Eginkizun horretan espezializatutako puru-egileei biltzaileak deitzen zieten. Ertzak moztu ondoren, tabakoarekin estaltzen zuten "ahora eramatekoa" zen ertza, eta horretarako "lika potoan" edukitzen zuten itsasgarri berezi bat erabiltzen zuten.

Iragan mendeko lehen hogei urtekotik aurrera, lanaldia amaitu ondoren 20 puruko sortak egiten zituzten paperezko zinta batekin loturik. Puru-egile bakoitzak bere izena jartzen zuen zinta horretan eta hala markatutako sortak maistraren mahaian jartzen zituen, langile-buruak taulatxo batean egilearen izena eta kopurua jaso ondoren. Gero, sorta horiek puru kutxetan sartzen ziren.