Kontzeptua

Donostiako Arte eta Lanbide Eskola

Eskolaren ikerketarako hiru aro finkatu ditugu bere bilakaeran, baterako zenbait ezaugarri eta gertatu ziren zenbait aldaketa aintzat hartuz. Aldaketa horiek, batez ere, ikasketa-planetan gertatu ziren, eta baita eskolaren antolaketarekin lotutako alderdi batzuetan ere. Hauek dira finkatu ditugun aroak:

  • Lehen aroa (1880-1885).

Aro horretan oinarrizko ikasketak egituratu ziren, profil profesional jakinik gabe, nahiz eta curriculuma bost ikasturtetan egituratuta egon, sailik gabe. Aritmetika Osoa eta Marrazketa (modalitate ezberdinetan) izan ziren harrera onena izan zuten ikasgaiak, lehen ikasturtean ezarri zirenak. Ikasturte amaierako memorietan jasotako datuen arabera, ikasgai bakoitzean izaten zen izen-emate kopurua adierazten zutena, ikasleen bilakaerari dagokionez, lehen urtean 158 ikasle zituen eskolak eta 1885-86 ikasturtean 269. Orokorrean, ikasleek bi ikasgaitan ematen zuten izena ikasturte bakoitzean. Eskola ireki eta hurrengo urtean "nesken sailean" ikasten zuten neskatoek. Sail horretan 26 ikasle matrikulatu ziren lehen urtean eta 1884-85 ikasturtean 56, irudien marrazketa eta apainketa zirelarik hautatzen zituzten ikasgaiak.

  • Bigarren aroa (1886-1908).

Aro horretan argiro bereizitako hiru sailetan egituratu ziren ikaskuntzak: industriala, artistikoa eta komertziala. Era berean, zentroaren araudia eta curriculuma berritu egin ziren. Ikasle maskulinoen bilakaera gorakorra izan zen, izan are, 1888-89 ikasturtean 245 ziren eta 1906-07 ikasturtean 578. Ikasleak sailka banatuta, hauek dira sail bakoitzaren portzentajeak: % 45,5 industrialean, % 35,5 artistikoan eta % 19 komertzialean. Nesken matrikulazioari dagokionez, bilakaerak ere goranzko joera erakusten du, izan ere, 1888-89 ikasturtean 63 ikasle zeuden eta 1899-1900 ikasturtean 153 zeuden. 1896. urtean ikasketa-planetan berrikuntza zenbait sartu eta "ikaskuntza orokorrago" batzuk (hiru ikastaro) eta "aplikaziozko" beste batzuk( bi ikastaro) ezarri ziren. Sail industrialean makinista, elektrikari eta eraikitzaile espezialitateak barneratu ziren. Halaber, sail guztietan ikasgaien eskaintza oso zabala zen, baina lehen ikasturtetako oinarrizko ikasgaiak ziren matrikulazio gehien jasotzen zituztenak.

  • Hirugarren aroa (1909-1930).

Aro horretan eskola beste eraikin batera eraman zuten, hura hartzeko eraiki zena. Bigarren Irakaskuntzako institutuaren (gaur egun, Correos hartzen duena) alboan zegoen eraikin berria. Eskolaren ibilbidea Primo de Riveraren Diktaduran ezarri ziren gobernu-xedapen berriekin (irakaskuntza profesionalari buruzkoak) amaitu zen. Ikasleen bilakaerari dagokionez, 1910-11 ikasturtean 558 ikasle zituen eskolak eta 1923-24 ikasturtean 967. Sail industria zen ikasle gehien hartzen zituena (% 51), ondoren komertziala (% 31) eta, azkenik, artistikoa (%18). Nesken sekzioan 1909-10 ikasturtean 133 ikasle zeuden eskolan eta 1924-25 ikasturtean 279 ikasle. Curriculumean izandako aldaketak sekzio industrialeko hainbat espezialitatetan eragin zuen: mekanikariak, elektrikariak, kimikariak eta eraikitzaileak; nesken sailean, aldiz, sail komertziala eta artistikoa finkatu ziren.

Aro guztietan zehar, eskolako eskaintza profesionala tokiko beharrizanetara egokitu zen, unean-unean gero eta indar gehiago zuten lanbideak txertatuz, esate baterako, autoen mekanikariak, edo emakumeentzako mekanografia. Horrenbestez, curriculumean izandako aldaketen arabera banatu ditugu aroak, izan ere, modu horretan, eskaintzaren bilakaera eta malgutasuna bistara dezakezu, lanbide heziketaren eskakizunak eta hirian sortutako gizarte-beharrizan berrietara egokitu beharrak aintza hartuz. Hala ere, zentro hori Udalaren mende izan zen uneoro, izan ere, gehienetan bigarren hura izan zen eskolaren antolaketan nahiz bertan ematen zen irakaskuntzan izaten ziren aldaketen sustatzailea. Aro horiek antzekoak dira Bilboko Eskolarako ezarritakoekin alderatuz, Bilbon sortutako Langilezainen Eskolaren eta falta ziren merkataritza arloko ikasketen salbuespenarekin. Horrenbestez, ikasketa-planak pixkanaka egonkortu egin zirela ikus daiteke, eta ikasleak ere gero eta gehiago ziren. Halaber, aro bakoitzean matrikula egonkortu eta pixkanaka igo egiten dela ikus daiteke. Era berean, gero eta neska gehiago joaten da Eskolara. Hori argi ikus daiteke eskola honetako eta Gipuzkoako gainerako eskoletako memoria guztietan. Kontuan izan behar da, lehen irakaskuntza amaitu ostean, hezkuntza arloko nahiz lanbide arloko prestakuntzaren eskaintza oso urria zela neskentzat, izan ere, 1901eko erreformaren ondotik, hamabi urterekin eta derrigorrezko eskolatzea amaituta, oso murriztua izaten zuten bigarren irakaskuntzarako sarbidea eta, are mugatuagoa unibertsitaterako bidea. Horrenbestez, neskei zuzendutako eskaintza maistra izateko prestakuntzara mugatzen zen irakasleak prestatzeko eskolan. Bestela, halako eskoletara jo zezaketen, lanbide heziketa bat garatzeko.