Jaialdiak-Ekimenak

Donostia Zinemaldia

Victoria Eugenia Antzokia eta Kursaala dira jaialdiaren egoitza nagusiak. Victoria Eugenia Antzokia izan zen egoitza nagusia 1999an Kursaal Elkargunea eraiki zen arte. Zazpigarren arteko izarrak eskaileran paratuta eta alfonbra gorria zapalduz argazkilarien argazkien xede, Zinemaldiko irudi ezaguna bilakatu zaigu estanpa hori. Kursaala garrantzia hartuz joan da inauguratu zenetik. Agian ez du Victoria Eugenia Antzokiak duen glamour eta dotoreziarik baina oso eraikin praktikoa eta erabilgarria da eta bertan ospatzen dira, inaugurazio ekitaldia, amaiera ekitaldia, sari banaketa, etab. Gipuzkoako hiriburuko zaharrena den Printzipal Antzokiak edo Principe Zinemek ere garrantzia handia hartzen dute Jaialdiaren garapenean, Donostiara bertaratzen diren izarrak hartzen dituen Maria Kristina Hotelak bezalaxe.

Sailei dagokienez, Donostiako Sail Ofizialean urteko nazioarteko ekoizpen interesgarrienak erakusten dira. Sail Ofizial horretan parte hartzeko ezinbesteko baldintza da, aurretik beste inolako sariketetan ez parte hartu izana. Dena den, hau Urrezko Maskorra lortzeko hautagaiek, Zinemaldiko Sail Ofizialean egon ahal izateko araudiak finkatzen duen arauetako bat besterik ez da. "Zabaltegi" ere interes handiko saila da, bertan aldez aurretik beste jaialdi batzuetan estreinatutako filmak edo zuzendari berrien opera primak ikus daitezke. Sarritan zinegileekin elkarrizketan aritzea ahalbideratzen duen sail berritzaile hau, Donostiara bertaratzen diren zinemazaleen kuttunetako bat da. "Made in Spain" sailak, urteko Espainiako ekoizpen esanguratsuena erakusten du. "Horizontes latinos" delakoan, bestalde, Espainian ezagutzen ez diren ekoizpen latinoamerikarrak eskaintzen dira. "Zinema eraikitzen" ere film latinoamerikarrei eskainitako saila da, kasu honetan, aurre-produkzio fasean dauden filmen plataforma gisa baliatzen da. Anoetako Belodromoan filmen estreinaldiak egiten dira horretarako prestatutako 400 metro koadroko pantaila erraldoian, hala, Zinemaldian zehar jende andana erakartzen duen gune saihestezin bilakatu da.

Baina zinemazalearentzako bada beste paradisuzko gune bat, atzera begirako ugariei so. Atzera begirakoen artean klasiko bat, tematiko bat eta garaikide bat aurkituko ditugu. 1985. urteaz geroztik egiten den atzera begirako garaikideari esker, Donostiak honako zinegileen ibilbidea ezagutzeko aukera eman du: Roman Chalbaud, John Sayles, Hou Hsiao-hsien, Eloy de la Iglesia, Peter Bogdanovich, Terry Gilliam, Bertrand Tavernier, Bernardo Bertolucci, Otar Iosseliani, Volker Schlöndorff, Michael Winterbottom, Woody Allen, Abel Ferrara, Barbert Schroeder, Philippe Garrel, Terence Davies, Mario Monicelli edo Richard Brooks... Eta ezin ahantzi 1997az geroztik ospatzen den Euskal Zinearen Eguna, Euskadin urtean zehar egiten dena ikusteko aukera paregabea.

Sariei dagokienez, honatx Sail Ofizialean banatzen direnak: Urrezko Maskorra Film Onenari, Zilarrezko Maskorra Zuzendari Onenari, Zilarrezko Maskorra Aktoresa Onenari, Zilarrezko Maskorra Aktore Onenari, Epaimahairen Saria Argazkilaritza Onenari eta Epaimahaiaren Saria Gidoi Onenari. Zabaltegi Sailean Altadis Saria banatzen da Zuzendari Berrientzat. Zinemaldiko beste ohiko sari batzuk Publikoaren Kuttuna Saria eta Gazteriaren Saria dira, azken hau 17 eta 21 urte bitarteko ikasleez osatutako epaimahai batek ematen du.