Kontzeptua

Doneztebeko Trapatana

Izen horrekin ezagutzen da Doneztebe bertako soka-dantzaren bertsioa. Izen onomatopeiko hau ez da errepikatzen Euskal Herri osoan egiten diren beste soka-dantza ugarien artean. Hala eta guztiz, izen antzekoak beste leku batzuetako dokumentu zaharretan agertzen dira. XVIII. mendean, jakina den bezala, arazo eta debeku ugariak jaso zituzten euskal dantzek, eta soka-dantzak bereziki (Sánchez Ekiza 1999). Garai horretako agintarien ustez, alde kezkagarrienetariko bat soka-dantzaren bukaera zen. Hor oso doinu azkar bat egiten zen, eta horrekin dantza bat egiten zen, batzuen arabera traketsa eta bortitza, non bi sexuen arteko ukitzeak izan zitezkeen.

1746 eta 1747 urteen artean bakarrik, zentzu honetako erreferentziak ditugu Azkoitian (Bagüés Erriondo, 1990:223), non zati hau tafetan izenarekin agertzen den, Legazpian (Murua 1986:20), Tampatan izena erabiliz, eta Ordizian (Rodríguez Ibabe 1980:21), kasu honetan tapatan izena agertuz. Trapatan, izan ere, Doneztebeko dantzaren azken atala da, eta XVIII. mendeko deskribapenetan agertzen den bezala, erritmo bizia eta bitarra du, garai horretako jiga edo kontradanzarena bezalakoa. Gaur egun, noski, inork ezin du ikusi Trapatan honetan ezer nahasi, desonestu edo lizunik. Herrian dantzatzeko tradizioa galdu zen urte batzuetan, baina Iruña Taldearen dantzarien laguntzaz berreskuratu egin zen.