Kontzeptua

Deszentralizazio prozesua Frantzian

Frantziako Estatuaren lurralde-antolaketa aztertzerakoan deszentralizazio-prozesua eta ez-kontzentrazioa bereizi behar ditugu. Lehenengoa fenomeno instituzional eta politikoa da, eta bigarrena administrazioaren barneko fenomenoa da. Horrenbestez, bi teknika horiek honako puntuetan ezberdintzen dira: (a) izaerari dagokionean, izan ere, organo ez-kontzentratuak botere zentralaren isla eta lanabesa dira eta organo deszentralizatuak berezko nortasuna dute; (b) administrazioaren inplikazioari dagokionean: Estatua ez-kontzentrazioan eta tokiko administrazioa deszentralizazioan.

Hala, ez-kontzentrazioaren bidez ez da botere zentrala higatzen, alderantziz, arrazionalizatu eta lurraldean barneratzen da; estatuaren boterea ez-kontzentratutako eragile eta instituzioen bidez lurralde mailan antolatzea baino ez da. Aipatu eragile eta instituzio horiek hierarkia baten mende daude eta Estatua da hierarkia horretako goreneko puntuan kokatzen dena:

"goi-agintaritza zentralaren eta ez-kontzentratutako agintaritzaren artean ezartzen den harremana aginduzko harremana da, tokiko menderatuaren obedientzia eskatzen duena. Gorenak pertsonen eta ez-kontzentratutako ekintzen gaineko pribilegio itzelak izatea ahalbidetzen duen botere hierarkikoa da mendekotasun horren ezaugarria" (Iriondo, 1997: 89); (itzulpen moldatua gaztelaniatik).

Organo horietan zentroaren kontrola handia da eta a priori-zko (aldez aurretiko onarpen eta baimena) nahiz a posteriori-zko (unitate hauen erabaki eta ekintzak erreformatzeko, bertan behera uzteko edo ezereztatzeko ahalmena, legezko edo abagunezko arrazoi bidez) mekanismoen bidez ezartzen da.

Aitzitik:

"deszentralizazioaren bidez ordura arte botere zentralak gauzatutako eskumenak eman edo lagatzen zaizkio lurralde-kolektibitate bat edo gehiagori" (Iriondo, 1997); (itzulpen moldatua gaztelaniatik).

Deszentralizazioaren bidez, "administrazioaren zeregina boterearen benetako ikuspegi demokratiko baten arabera banatzen da, izan ere, interesdunak beren lanak nolabaiteko autonomiaz egitea ahalbidetzen da." Horrenbestez hiru inplikazio hautematen dira: (a) deszentralizatutako unitateei izaera juridikoa ematea, (b) interes zehatzak partekatzen dituztela aitortzea, eta (c) lurralde-esparru bakoitza herritarrek aukeratutako organoen bidez kudeatzea, modu "autonomoan" eta Estatu Zentralaren kontrol irmo eta absolutuaren mende izan gabe.

Azken batean, ez-kontzentrazioaren bidez administrazio zentralak arindu nahi dira Estatuz kanpoko zerbitzuei ekiteko nolabaiteko aukera emanez, betiere, uneoro zalantzan jar daitekeena. Hori dela eta, ez-kontzentrazioak lotura estua du Estatuaren kontzeptu zentralistarekin eta prefektuaren agintearekin. Aitzitik, deszentralizazioaren bidez lurralde-kolektibitate edo ezarpen publikoei kudeatzeko autonomia ematen zaie, eta legezko agintaritza independente baten eskutik esku-hartzeko berezko eskubidea. Agintaritza hori, orokorrean, hauteskunde bidez hautatzen da.

Adierazi dugun moduan, 1958ko Konstituzioaren 72. artikuluan ezartzen denez Errepublikako "lurralde-kolektibitateak" (Colectivités territoriales) Komunak (comunes), Departamenduak (Départements) eta itsasoz haraindiko lurraldeak dira (Territoires d'Ultramar), eta legez beste edozein lurralde-kolektibitate sor daitekeela azpimarratzen da. Aukera hori sarritan jasotzen bada ere -Parisen kasuan 1964tik aurrera- 1982ko martxoko 82-213 zenbakidun legea da Frantziako administrazioaren ordenamendura aldaketa kualitatiboa ekarri zuena; izan ere, 1986ko martxoaren 16ko hauteskundeetan zuzeneko sufragio unibertsal bidez Eskualdeko Kontseiluak (Conseil regional) hautatu ostean Eskualdeak lurralde-kolektibitate gisa hautemateko oinarriak ezarri ziren.

Moreau irakaslearen lanei jarraituz (1999), ikus dezakegu lurralde-kolektibitateen estatutua ez dagoela guztiz zehaztua, eta etengabe Kontseilu Konstituzionalaren jurisprudentziarekin aberasten da. Dena den, lurralde-kolektibitatearen nozio tradizionala historikoki deszentralizazio-filosofiaren adierazpidea dela nabarmen daiteke, hainbat elementu baitaratzen dituelarik: (a) lurralde nazionalaren zatia da eta horrek banaketa geografiko zehatza inplikatzen du, (b) zuzenbide publikoko pertsona morala da eta, hala izanik, bide juridikoari dagozkion ekintzak betetzeko gaitasuna dauka (eskubideak, betebeharrak, ondarezko ondorioak, ondorio fiskalak, ...), (c) funtzionatzeko berezko organoak izan behar ditu (hautetsien kontseilua, exekutiboa hautetsi edo izendatua), (d) bere funtzionamendua estatuko ordena juridikoaren mendekoa izan behar da, hori dela eta, botere zentralak administraziozko kontrola ezartzen du, tutoretzarekin garatzen dena, eta (e) bere izatearen oinarrian tokiko interes zehatzen aitorpena dago, nazioko interesekin ezberdinak direnak (Moureau,1999).

Edozelan ere, 1982an hasitako deszentralizazio-fase berriko aldaketak abiapuntutzat hartuz, tokiko kolektibitateen ezaugarriak definitzen zituzten elementu ugari aldatu egin ziren.

Hala, Tokiko Kolektibitate horien izaera zuzenbide publikoko pertsona moral gisa aldagaitz mantendu arren, organo hautetsiei edo Estatuaren kontrolari zegozkion kontuak aldatu egin ziren: (a) tokiko kolektibitate bakoitzak berezko organo hautetsiak dituela ezartzen da, eta horrek eztabaida-asanblada eta exekutiboa sendotzea inplikatzen du, eta (b) Estatuaren tutoretza alboratu eta a posteriori erako administrazio- eta aurrekontu-kontrolak ezartzen dira.