Pintoreak

Dapena Rico, Maria Franciska

Artista bizkaitar hau Barruelo de Santullanen (Palentzian) jaio zen, 1924ko martxoaren 16an. Bilbon hil zen, 1995eko martxoaren 19an.

Santanderren hasi zuen batxilergoa, eta aitaren nahia betez, Kimika Zientziak ikasi zituen. Prestakuntza eten egin behar izan zuen, guda zibilaren ondorioz. 1939an, familia Balmasedara joan zen bizitzera, amaren jaioterrira, eta, bertan, Maria Franciska Dapenak arte plastikoko lehenengo ikasketak egin zituen. Guda ostean, Rodet Villaren eskoletara joaten hasi zen, eta hark animatu zuen margotzen jarraitzera. Harekin batera, Arte Modernoaren Museora joan zen lehen aldiz, eta artista inpresionistak ezagutu zituen bertan. Inpresionismoak eragin nabarmena izan zuen Dapenarengan hasierako garaietan, eta bere obra sakontasunean aztertzera eraman zuten antzekotasun ugari aurkitu zituen artista haietan.

Rafael Ruiz Romeroren esanetan

"inpresionismoak natura eta gauzak modu askotara irudikatu daitezkeela erakutsi zuen, tortura akademikoetatik aske geratuz. Hain zuzen ere, Maria Franciskaren berezitasuna izan zen hastapenetan inpresionismoa lantzen zuela, nahiz eta ismoak ezagutzen ez zituen, gerraosteko nerabezaro hartan baliabide ekonomikorik eta kulturalik ez zuelako..."

(Itzulpen moldatua gaztelaniatik).

Berrogeita hamargarren hamarkadatik aurrera, beraren bizitza eta obra politikari lotuta daude erabat. Garai hartan, Partidu Komunistarekin lehenengo harremanak izan zituen, eta bizitza osoan aktiboki parte hartu zuen. 1953an, Bilboko Arte Ederren Museoan "Kantauriko Erakusketan" parte hartzeko hautatu zuten, eta baita XXI. Bienal de La Habana ekitaldian parte hartzeko ere. Bi urte beranduago, III. Bienal del Palacio de la Ciudadela de Barcelona erakusketan parte hartu zuen. 1956an, Ibarrola, Fidalgo eta Blanco egileekin batera, lehenengo erakusketa kolektibo ibiltariak egin zituen Somorrostron, La Arboledan, Areetan, Barakaldon, Durangon eta Zornotzan, besteak beste. Erakusketa ibiltari horietan, grabatuekin hasi zen. Sol Panera galeristak "emakume miresgarri hark" grabatzen irakatsi ziola adierazi zuen, Maria Franciskari erreferentzia eginaz.

1962an, Estampa Popular de Vizcaya taldeko kide bihurtu zen. Taldearen lana Donostiako Udaleko Aretoetan aurkeztu zen, eta Maria Dapenak bere obrak erakutsi zituen, Dionisio Blancorekin, Agustin Ibarrolarekin, Jose Ortegarekin eta Valentin Ruiz Morquechorekin batera. Urte berean, "Arte Norte y Sur" erakusketa kolektiboan parte hartu zuen Cespedes-Circulo de Amistad galerian, Kordoban, eta, bertan, Bizkaiko Estampa Popular taldeak bat egin zuen Sevillako edo Kordobako kideekin. Halaber, Bizkaiko Estampa Popular taldeko poetak ere lankidetzan aritu ziren: Blas de Otero (Cursiva), Gabriel Aresti (Envío a los poetas españoles de cinco versos menores con punto en t, Justicia prohibida obratik hartutakoak), Vidal de Nicolas (Rebato), Sabina de la Cruz (Campesinos) eta Carlos Alvarez. Urte horietan zehar, Franciskak olio-margoetako modeloak grabaturako erabili zituen, xilografia teknikaren bitartez.

1962an, Partidu Komunistakoa izategatik kartzelaratu zuten, eta bi urtez egon zen emakumeentzako presondegian, Alcala de Henaresen. Parisera bidaiatu zuen 1967an, eta urte eta erdi egon zen frantziar hiriburuan. Bertan, politikarekin lotutako hainbat grabatu egin zituen.

1974an, hamaika poema argitaratu zituen, Jose M. Basalduak argitaratutako 17 poetas de Bilbao liburuan, hasiera batean zentsuratuta egon zena. Lau urte beranduago, ¡Sr. Juez! (soy presa de Franco) obra autobiografikoa argitaratu zuen. Liburu horretan, presondegian egondako garaian bizitako oroitzapen beldurgarriak eta horren inguruan garatutako fenomeno solidarioa kontatzen dizkigu: laguntza familientzat, sinadura bilketa, manifestazioak, etab. Laurogeigarren hamarkadaren hasieran, Mujeres de la vida argitaratu zuen, berak diseinatutako azalarekin eta ilustrazioekin.

1955ean, bakarkako erakusketa egin zuen, "Artesanía Española" erakusketan. Erakusketa gehiago egin zituen Donostiako Udalean, Bizkaiko Artisten Elkartean(1962), Santanderreko eta Gijoneko Ateneoetan (1964), Bilboko Mikeldi Galerian(1966) eta Eibarko Arreta Kultura Zentroan. 1965 aldera, egurra lantzen hasi zen. Behe-erliebe ugari egin zituen, eta baita enkarguzko eskultura batzuk ere, hala nola Portugaleteko Ospitale-egoitzarako San Juan Bautista.

Artea zabaldu nahi zuen, eta, horregatik, beste artista batzuekin, Arteta galeria ireki zuen orduan bizi zen tokian, Santurtzin, alegia. Bertan, hainbat artistek erakusketak egin zituzten, Franciska berak, besteak beste (1969). Bakarkako beste erakusketa batzuk egin zituen, esaterako: Portugaleteko Caja Laboralean (1978 eta 1980) eta Bilboko Bizkaia Aurrezki Kutxan (1979). Katalogorako testuan, Ramiro Pinilla idazleak honako testu hau idatzi zuen:

"Pinturan ematen dituen zertzeladak eta literaturan uzten dizkigun esaldi horiek eutsi ezineko borondatearen kolpekadak dira. Justiziaren aldeko borrokalari nekaezina zen, egungo edozein gazte baino gazteagoa eta borrokalariagoa, bera bezalako gutxi batzuekin mundua hobea izango litzateke. Baina beraren obren atzean gozotasuna bila ezazue, eta topatuko duzue. Setiatutako hartzaren indarra bila ezazue, eta hori ere topatuko duzue. Etengabean salaketak egiten ditu, egoera txarra delako. Bera eta beraren obra lurrera eroritako haitzak dirudite, baina menderaezinak dira. Bai, obra bikaina da, emakume paregabea da"

(Itzulpen moldatua gaztelaniatik).

Erakusketa indibidualak egin zuen Madrilgo Orfila Galerian, eta beranduago, Balmasedako Leon Felipe Aretoan (1983).

Erakusketa kolektibo ugaritan parte hartu du, eta horien artean, nabarmenak dira: "Homenaje a Goya" Madrilgo Arte Ederren Zirkuluan (1955); Arte Garaikidearen Museo nazionalean eta Pariseko Epona Galerian (1962); EMEN taldearekin Bilboko Arte Ederren Museoan, Kordobako Cespedes Galerian eta Madrilgo Quijote Aretoan (1966); Gasteizko Udaleko "III Anual Plástica" (1966); "Euskal Grabatzaileak: (erakusketa)-Grabadores Vascos: (exposicion)" Bilbao Bizkaiako Aurrezki Kutxan (1978); "Euskal Grabatzaileak / Grabadores Vascos" Bilboko Arte Ederren Museoan; Gasteizko Udalean eta Iruñeako Udalaren Aurrezki Kutxan, Madrilgo Arte Garaikidearen Museoak babestutakoa (1979); Donostiako San Telmo Museoan; "Trama del Arte Vasco" Bilboko Arte Ederren Museoan (1980) eta "Vanguardia en Vanguardia" Bilboko Vanguardia Galerian (1987).

1996an, hil ostean, lino-grabatuetako asko estanpatu egin ziren, Valentziako IVAM Centre Julio Gonzalez zentroan ospatu zen "Estampa Popular" erakusketarako. Beranduago, grabatu horiek "Hay una luz en Asturias/ La güelga de 1962. (Exposicion Conmemorativa de las huelgas de 1962)" erakusketan aurkeztu ziren, Asturiasko Comisiones Obreras sindikatuak eta Juan Muñiz Zapico Fundazioak sustatu eta antolatukoa, Oviedo Hiriaren Arte Modernoko Zentroan (2003). Franciskaren obretan, emakumeak haurrekin eta meatzariak eta langileak borroka edo interpelazio jarreran agertzen dira, eta testu hauek jasota datoz: "zubiak eraiki ditzagun..." "oihuka ari natzaizue: zubiak falta dira, esekitakoak, lurpekoak, altxagarriak. Zubiak, zubiak eraiki ditzagun, inork ez dit jaramonik egiten eta horrelaxe gaude" (Itzulpen moldatua gaztelaniatik). 2000. urtean, beraren poemetako bat 100 poetas cantan a Bilbao liburuan argitaratu zen, hiriaren zazpiehungarren mendeurrena ospatzeko argitaratutakoa.

Ana Maria Guasch idazleak honela dio Maria Franciska Dapena: Un Arte Social izeneko artikuluan:

"...Maria Franciska Dapenaren ekoizpenak ikusmirak hedatu ditu, zalantzarik gabe, baina ez ditu hasierako oinarriak baztertu, eta arazte fase baten ondorio da, formari zein egiturari dagokionez. Errealismo sozialak komunikaziorako duen erraztasuna utziz joan da, efektu piktorikoen balorazioa egiteko, itxura abstraktura pixkanaka gerturatzen joateko. Zentzu horretan, beraren pinturek eta eskulturek ekologismoaren eremuan murgiltzen gaituzte, eta gizakiaren eta ustiapen indarren arteko harremana aztertu beharrean, gizakiak ingurunearekin, inguruko paisaiarekin, eta azken finean galtzeko zorian dagoen naturarekin duen harremana du hizpide." Aurrerago, egileak adierazten du "M. F. Dapena artistarentzat pintura beti izan dela egoeren berri emateko, arazoak salatzeko edo barru-barruko bizipenak islatzeko tresna. Interesgarriena, hortaz, mezuaren eta baliabidearen arteko oreka da: ideia plastikaren zerbitzura dago, eta, aldi berean, plastika ideiaren zerbitzura dago. Dapenaren obra koordenatu horietan kokatu behar dugu. Testuinguru horretan, seinaleak erabilita, era poetikoan batzuetan eta bortitzean besteetan, hausnarketa egoera batean sartzen gaitu, eta, bertan, gizakiak bere erruz desagertuz doan inguruneari aurre egin behar dio"

(Itzulpen moldatua gaztelaniatik).

  • RETANA, J.Mª Martín de. Biblioteca: Pintores y escultores vascos de ayer, hoy y mañana. La gran enciclopedia vasca. 251, 252 eta 253 fasz.
  • DAPENA, Mª Franciska. ¡Sr. Juez! (soy presa de Franco). Donostia: Haramburu, 1978.
  • Euskal Grabatzaileak: (erakusketa) = Grabadores Vascos: (exposición). [Bilbo]: Bilbao Bizkaiko Aurrezki Kutxa, 1978.
  • AMEZTOY, Mercedes; HERRERO, M.P.; MOYA, Adelina. Euskal Grabatzaileak / Grabadores Vascos en el Museo de Bellas Artes de Bilbao [katalogoa]. [Bilbo]: Bizkaiko Aurrezki Kutxa, 1979.
  • Bilboko Bizkaiko Aurrezki Kutxan (1979) eta Balmasedako Leon Felipe Aretoan (1983) egindako erakusketen katalogoak.
  • Hay una luz en Asturias... Exposición conmemorativa de las huelgas de 1962: (pintura, escultura y obra gráfica). Gijón: Muñiz Zapico Fundazioa, 2002.