Kontzeptua

Danbolina

Danbolinteroak, esku batekin flauta jotzen du eta bestearekin danbolina izeneko danborra. Soinu-tresna hau eta bere musika garrantzitsuak izan direla, garbi adierazten du historian zehar flauta eta danbor jotzaile mota honi eman zaion danbolinteroa izenak. Eskualde batzuetan, danbor hau "ttun-ttun" izenarekin ezagutzen da, eta toki horietan, "danbolintero"ak edo "txistularia"k "ttunttunerua" izena hartzen du.

Txistularia, bera bakarrik, nahikoa izaten da doinua eta erritmoa emateko behar den gutxieneko taldea osatzeko, berak jotzen baitu esku batekin doinua txistuaren bitartez eta bestearekin erritmoa, txistua jotzen duen besotik zintzilik daraman danbolina joaz.

XIX. mende hasieratik aurrera, txistulariak danbolina jotzen agertzen dira eta Iparraldeko, bereziki Zuberoako, xirulariak sokazko danborra den ttunttuna jotzen. Baina, aitzinean ez zen halako banaketarik ezagutzen, dokumentu zaharretan garbi ikusten da Hegoaldeko danbolinteroek ere jotzen zutela sokazko danborra edo salterioa. Adibidez, V. Humboldtek 1801ean eta ondorengo urteetan Lapurdi, Gipuzkoa eta Bikaia probintzietan zehar egin zituen bidaietako idatzien artean, bada bat, gazteleraz dagoena, De la Música del País Vascongado eta idatzi horretan besteen artean jaso zuen gai honi buruzko informazioa. Bertan ikus daitekeenez, danbolintero berak erabiltzen zituen bi danbor mota horiek, bata edo bestea aukeratuz jo behar zuen tokia edo inguruaren arabera: "Para tocar su música se sirven los vascongados de una especie de flauta dulce, que llaman Chilivituba, y en español silbo: tiene solo tres ahujeros para formar los tonos ... Acompañando al silvo, cuando se toca en parages descubiertos.... tambor que sirve para marcar el movimiento.... Pero si se toca en sitios cerrados, entonces sustituye al tambor una especie de salterio cuadrilongo con seis cuerdas (el tambor de los franceses) a que llaman Chunchun. Las 6 cuerdas se templan en quintas ..... puente movedizo se suben o bajan a un tiempo .... la entonación en que se toca. El mismo que toca el silvo con la mano izquierda, sacude con una varita que tiene en la derecha las cuerdas del Chunchun, que entonces forma un bajo continuo al canto, bastante apagado para no ofuscarlo" (Donostia, 1994).

Danbolina, zabalera baino altuera gehiago duen zurezko kaxa zilindrikoa daukan danbor txiki bat izaten da. Atabala-danborrak bezala, honek ere, larruzko partxeak, tinkatzeko sokazko sistema du (azken garaietako berri batzuek metalezko tentsoreekin eginak daude).

Danbolinaren bi mintzetako bat, aurrealdekoa eta makilez kolpatzen dena, "jogunea" edo "batientea" da, eta bestea, atzealdekoa, diametralki bere azalaren gainean tripazko soka bat duena "pordoiarena" da. Soka honek aldatu egiten du danbolinaren hotsa eta bolumena, eta jotzaileak soka estutuz eta lasaituz, aldatu, manipulatu eta jotzerakoan danbolinak berak nahi duen hotsa eman dezan, sokaren tentsioa egokitu egiten du.

Antzina neurri desberdinetakoak izaten ziren. Gaur egun bi motakoak erabiltzen dira: "danbolina" (txikia - agudoa) eta "bonbetea" (handia - grabea).

Joera desberdin asko ezagutzen dira. Batzuk sinple eta errazak eta besteak esku batekin jo ahal izateko konplexutasun eta trebetasun handikoak. Gure ustez, atabalaren erabilerak eragin handia izan du danbolinaren joeran eta bakarrik jo izan duten txistularien lurraldeetan danbolin jole hobeak, trebeagoak izan dira. Gaur egun atabalaren lagungarritzat erabiltzen da txistu taldeetan.

Txistularia, bera bakarrik nahikoa izaten da doinua eta erritmoa emateko behar den taldea osatzeko, berak jotzen baitu esku batekin txistua eta, bestean daraman makilarekin, txistua jotzen duen besotik zintzilik daraman danbolina.