Pintoreak

Cruzado Basañez, Luis

Ustez 1939an Gasteizen jaio zen akuarelari, ilustratzaile eta arte grafikoen profesional hau. 2001eko martxoaren 17an hil zen Granadan, bere harrera-hirian.

Arte eta Ofizioen Eskolan marrazketa ikasketak egin zituen. Menorca eta Valentzian osatu zuen bere pintura-prestakuntza. Sasoi batez Fournier enpresarentzat egin zuen lan. Berrogeita hamarreko hamarkadaren amaieran Frantziara bidaiatu zuen eta hirurogeiko hamarkadaren hastapenean Alemanian finkatu zen. 1966an Tenerifen agertzen zaigu. Akuarelari Kanariarren Elkarteko kide izan zen. Garai horretan hainbat sari jaso zituen irlako inauterietarako kartelak diseinatuz.

1976an Granadan finkatu zen behin-betiko. Dena den, bere jaioterria ez zuen erabat ahaztu. San Frantzisko aldapan kokatutako Ramon Campo Cortazarren Artelarre izeneko galeriara maiz joaten zen. Hala, espazio horretan Andra Maria Zuriaren jaietan eta Gabonetan urtero egiten ziren erakusketa kolektiboetan sarritan parte hartu zuen. Ur-pinturako espezialitatean sari ugari jaso zituen, horien artean, apika, Madrileko Udaberriko Aretoan jaso zuen Bigarren Domina Nazionala nabarmendu behar da, 1985eko edizioan. Gasteiz, Tenerife eta Granadan erakusketak egiteaz gain, Mallorca eta Madrilen ere izan ziren ikusgai bere lanak, eta baita Andaluziako beste hainbat herri eta hiritan ere (Jaen, Ubeda, Kordoba, Antequera, Almeria, etab.). Alemanian ere bai, zehazki, Mannheim, Baden-Wurtenberg eta Bavariako hiriburuan, Munichen.

Europako kontinentean eta Espainian zehar hamaika bidaia egin zituen eta hori bere pintura-lanetan islatzen da. Bereziki paisaiak egiten zituen eta bere akuareletan harmonia eta jorratutako eszenen konposizio aldetiko oreka nabarmentzen dira, marrazkigile finak baitaratzen zituen dohainekin bat datozen ezaugarriak. Euskal Herrian egindako azken agerraldietako bat Gasteizko Luis de Ajuria Aretoan izan zen, 2000. urteko otsailaren 25etik martxoaren 8ra bitartean. Arabako akuarelarien taldean parte hartu zuen, Euskal Herriko Elkartearen baitakoa dena.

  • SÁENZ DE UGARTE, José Luis. "Rafael Gurrea". El Periódico de Álava, 2001ko martxoaren 22.