Fisikariak

Colmenero de León, Juan

Materia Kondentsatuaren Fisikaria. 1951an Madrilen jaio zen.

Euskal Herriko Unibertsitateko (UPV/EHU) Materia Kondentsatuaren Fisikako katedraduna da eta bertako "Polimeroak eta solido ez kristalinoak" ikerketa taldeko burua. Gaur egun (2009), Materialen Fisikaren CSIC-UPV/EHU Zentro Mistoko eta "Donostia International Physics Center" Fundazioko (DIPC) zuzendaria da.

Juan Colmenerok 1975ean lortu zuen Nafarroako Unibertsitatean Materia Kondentsatuaren Fisikako lizentziatura eta Unibertsitate berean doktoratu zen Zientzia Fisikoetan 1979an. Aldi batean Lan Ministerioko Laneko Segurtasun eta Higieneko Laborategian (INSHT) lan egin ondoren, Donostiako Kimika Zientzien Fakultateko (UPV/EHU) Materialen Fisika Sailean etorri zen 1982an eta Sail horretako zuzendari izan zen 1989-1999 artean. Juan Colmenero Irakasle Gonbidatu ere izan da 1995-1998 artean, zenbait aldiz, Institut für Festkörperforschung (IFF) eta Forschungszentrum Jülich (Alemania) delakoetan.

Colmenero irakaslea Nazioarteko hainbat Batzorde Zientifikotan aritu da, eta horien artean duela gutxiko hauek aipatzekoak dira: Europako Neutroien Espazio Iturria (ESS), 2000 eta 2003 artean; Institut Laue-Langevin (ILL), Grenoble (Frantzia), 2004 eta 2008 artean; Jülich Centre for Neutrons Science (JCNS), Jülich (Alemania), 2002 eta 2005 artean. Era berean, Juan Colmenero nazioarteko aldizkari hauetako argitalpen kontseiluko kide da: "Journal of Polymer Science B: Polymer Physics" eta "Colloid & Polymer Science".

Colmenero irakaslearen ibilbide zientifikoak materia kondentsatuaren fisika modernoaren eta material aurreratuen zientziaren arteko interfasean garatu du beti non diziplinarteko izaera, garrantzitsua eta funtsezkoa izan den. Hainbat alderdi aztertu ditu, hala nola: solido ez kristalinoen materia, material polimerikoak, materia kondentsatu biguna ("soft matter"), bio-polimeroak, material nano-egituratuak, etab.

Colmenero irakasleak 260 artikulu zientifiko baino gehiago idatzi ditu eta 50 hitzaldi gonbidatu baino gehiago eman ditu nazioarteko hainbat biltzarretan. Material polimerikoei aplikatutako neutroien teknikei buruzko liburu baten egileetako bat ere bada eta beste bi liburu ere argitaratu ditu hainbat lankiderekin; horietako bat neutroien teknikei buruzkoa da eta bestea orokorrean beirak osatzeko sistemei buruzkoa.

Bere jardueraren aitorpen gisa, Juan Colmenerok hainbat sari zientifiko jaso ditu eta horien artean aipatu behar dira Zientzia eta Teknologia arloko Xabier Munibe Saria (1998), Zientzia eta Teknologia arloko Euskadi Saria (2000) eta Fisikako Espainiar Errege Akademiaren Domina (2003).