Olerkariak

Champourcin y Morán de Laredo, Ernestina

Ernestina 1905eko uztailaren 1ean jaio zen Gasteizen. Txikitatik jaso zuen heziketa arretatsua. Bere irakasle frantses eta ingelesek hizkuntzekin eta haien jatorrizko herrialdeetako literaturarekin trebatu zuten. Haurra zelarik frantsesez, ingelesez eta gazteleraz oso ongi hitz egiten eta idazten zuen. Hizkuntzen ezagupen honek XX. mendeko itzultzaile garrantzitsuenetakoa izatera ahalbideratzen du.

Haurtzaro eta gaztaroko urteak garai zoriontsuak izan ziren. Idazleak gogoz gogoratzen ditu joko eta denbora-pasak. Ipuinak asmatzea gustatzen zitzaion gero lagunei kontatzeko. Bidaietara jolastea zuen gustuko. Leku arrotzetara bidaiak imajinatzen zituen eta imajinatzen ari zen heinean kontatzen zituen. Ernestinak bihotz erromantiko eta ameslaria zeukan txikitatik. Olerkigintzara jotzen zuen, bere imajinazio oroitzapenak eta adierazpenak emozio eta sentimenduei askatzeko modu bezala.

Etxean bertan egin zituen lehen ikasketak. 10 urterekin Jesusen Bihotza Ikastetxean sartu zen, non oinarrizko batxilergoa egin zuen. Etxean, irakasle partikularrekin, goi-batxilergorako prestatu zen. Cardenal Cisneros Institutuan egin zuen azterketa. Berak Filosofia eta Letrak ikasteko asmoa bazuen ere, aitaren presioengatik eta bere burugogorkeriagatik ikasketa-planak alde batera utzi zituen.

Garai honetan Ernestinak buru-belarri eta pasioz idazten ditu lehen olerkiak. Hala ere emaitzekin gustura ez eta bere olerkigintzaren historiaurreko olerki guztiak erre eta suntsitzen ditu. Adorez eta lana eginez olerki eta bertsoak idazten jarraitzen du: Ondoren liburuak datozte: En silencio (Madrid, 1926), Ahora (Madrid, 1928), La voz en el viento (Madrid, 1931) eta Cántico inútil (Madrid, 1936). Lau izenburu hauekin ospea hartzen du eta gerra aurretiko Espainiako olerkigintzaren punta-puntako postu lortzen du.

Bere lehen obratik, En silencio garai honetako azkenerarte Cántico inútil, garbiketa prozesu luze bat nabari zaio. Hasierako eragin erromantiko eta modernistatik bilakaera bat edukitzen du Juan Ramon Jimenezen irakaspenetarantz, olerkigintza kontzeptual eta garbiagorantz. Abangoardia eta zehaztasun lirikoko garai horietan Ernestina olerkigintza garbiaren defendatzailea izan zen. Baina bere olerkigintza, moda eta gustuez gain, bere bizitza osatzen zuten gizaki, gauza eta bihotzeko nahiei zuzenduriko gizaki eta giza-maitasunaren aldarrikapen bat izan zen.

Euskal idazleak, Maria de Maeztu eta Maria Baeza bezalako emakume kezkati eta emakume-kulturaren ardura zutenekin batera, Nesken Lizeoa sortu zuen. Ernestina gerra iritsi arte bertako idazkaria izan zen. Nesken Lizeoko solasaldietan garaiko intelektual eta artista guztiak elkartzen ziren. Bizitza sozial handia eta aktibitate kultural bizia zuen gunea zen. Garaiko idazle eta artista gehienen lagun izan zen. Juan Ramon Jimenez eta Cenobiarekin zuen adiskidetasuna eta mirespenarekin batera, Concha Mendez eta Altolaguirre, Emilio Prados eta Rafael Alberti bezalako olerkarien konpainia eta estimua zuen. Lagun minen artean Pilar Zubiaurre eta Juan de la Encina zeuden. Hauek aurkeztu zioten lehen aldiz gero bere senarra izango zen Juan Jose Domenchina.

Garai zoriontsu eta arduragabeak izan ziren bere olerkigintza eta literaturan, paseoetan eta kulturan. Bere bizitza lasaia eta sosegatua izan zen gerra zibilak dena zapuztu zuen arte eta erbesteratu beharra izan zuen.