Ingeniariak

Chalbaud Errazquin, Pedro

Industria-ingeniaria eta bilbotar enpresa gizona.Bilbo, 1865 - Bilbo, 1943ko otsailak 3.

Pedro Chalbaud-ek oro har euskal enpresaren historian eta berezitasunez industria kimikoaren eta burgesiaren arteko harremanetan, aparteko tokia du. Bere bizitzara hurbilpen labur bat egiteak lehergai-industriaren historiaren fotograma garrantzitsu bat eskaintzen digu.

Facundo Chalbaud-en semea eta Pedro Telesforo de Errazkinen loba (Galdakaoko La Dinamita-ren sortzaileak, 1872an), gazte-gaztetatik ezagutu zuen lehergailuen negozioa. Kasualitez, fabrika zabaldu berri, Hirugarren Guda Karlista hasi zen eta, berarekin, Baionan atzerriratu beharra, bere aita dinastia arazoan sartuta baitzen. Etorrera izan zenetik bi urtegarrenean, 1876an, bere aita hil zen, Pedro -Periko bere sendiarentzako- eta bere anaiak bere osabaren pentzutan Bilbon zegoen Viuda de Errazquin e Hijos firmaren egoitza eta eraikinean geldituz. Barcelonan industria-ingeniaritza ikasiz zebilela bertan Sabino Arana ezagutu zuen, honek, beharbada elkarren arteko bateragarritasunengatik edo (biak ziran herrikideak, adin berekoak, atzerriratuak eta karlisten seme) bere oldozmen abertzalea beregan sorraraztea lortuz.

Behin bere ikasketak amaitu ostean, geroago Unión Española de Explosivos ahaltsua gehituko zitzaion (UEE, Bilbon egoitzaduna) Sociedad Española de la Pólvora Dinamítica-Privilegios Nobel-eko ahalorde nagusi (SED, La Dinamita ere barne zegoela) izendatu zuten. Geroztik, 1902an, ahalorde izatetik SED-UEEko kontseilari izatera igaro zen. 1899tik 1906ra bitartean, Pedrok bere industria-jarduna Galdakao eta Bilboren artean garatu zuen. Bere agindupean, La Dinamita, lehergai militarren esparruan sartu zen eta azido sulfurikoa lortzeko eraikuntzak ezarri zituen, platinodun masa katalitikoak "kontaktu-metodoa" izenekoa erabiliz. Eraikuntza mota hau Erresuman aurrendari izan zen.

Pedro Chalbaud-en ekimenen izaera UEE-ren enpresa-konplexutasuna aintzat hartu gabe ulertzea ezinezkoa da, zeren lehergailuez gain Sociedad General de Industria y Comercio-ren (GEINCO) itzalpean beste hainbat negozio ere bazituelako. Menpeko enpresa hau Bilbon 1903an eratu zenean, Pedro La Dinamita-tik lokabetuz organigrama exekutiboan goranzko bideari ekiten hasi zen (GEINCO-ko lehendakariordea, UEE-ko ordezkari kontseilaria). Baina, 1917. urtean lehergailuen monopolioari uko egin zion unera arte, UEE-k ez zuen bere jarduna benetan dibertsifikatzearen alde egin.

Esanahi honetan erabakigarria izan zen Pedro,1929an, UEE-GEINCO-ko lehendakari izendatu izan, meategi-, potasa- (Cardonan), elektrokimika- (Guardo eta Palencia) ongarritze- eta nitrogenatutako konposatuetarako industrietan sartu izatea lortuz. Jarduera honek, lehergailuen fabrikatzaile izatetik, berea zen ondarea inola ere arriskutan ipini gabe finantza-interesen esparru zabal batetan kontrol eta zuzendaritza zereginetan jardundako enpresa gizon burgesa izatera arteko garapena adierazten zuen. Argi nabarmentzen zen baita Bilboko egoitzak Estatuaren industria kimikoaren zati bat gobernatzen zuena.

Politika edo hezkuntza bezalako beste arlo batzuetan, Pedro Euzko Alderdi Jeltzalearen doktrinari eta baita katolikotasun kontserbatzaileari ere estu lotuta izatearren gogoratua izango da. 38 urte besterik ez zeuzkala Bilbotik probintzia diputatu izendatua izan zen eta senatorea, 1918an, alderdi beraren izenean. Beste jarduera batzuetan ere nagusitasun garrantzitsua izan zuen: Bilboko Merkataritza, Industria eta Nabigazio Ganbarako buru izan zen (1908tik 1910era); La Gaceta del Norte egunkaria sortzen lagundu zuen (1901), bere lehenbiziko lehendakaria izanez; eta bere anaia Luis Chalbaud jesulagunarekin batera Deustuko Merkataritza-Unibertsitatea jaio izango zen Agirre Bizkaitar Fundazioa (1916) bultzatu zuen.

Abertzaletasunarekin zuen bere loturagatik hain zuzen ere, Guda Zibilarekin Donibane Lohitzunen atzerriratu beharra izan zuen. Bertan da 1942ra arte, eta handik gutxira Bilbon hilko da.

  • José Mª González García, 'Pedro Chalbaud Errazquin (1865-1943)', in Eugenio Torres (zuz.), Los 100 empresarios españoles del siglo XX (Madril: LID Edit. Empresarial, 2000), 142-147; Luis Ángel García Castresana, 'La Dinamita de Galdácano: Más de un siglo de la industria química en el País Vasco', in: Actas del VII Congreso de la Sociedad Española de Historia de las Ciencias y las Técnicas (Pontevedra, 2001), 941-952; José Mª González García, 'Errazquin e Hijos: De la quincallería a los explosivos', Boletín de la Real Sociedad Bascongada de los Amigos del País,1998, 54:471-485.