Zinekoak

Caótica Ana

2007ko data duen Sogecine eta Alicia Produce-k Volcano Filmsekin baterako koprodukzioan egindako ekoizkina.

Horrezaz gain TVE, Canal Plus, ETB, ICAA, ICO, Eusko Jaurlaritza, Kanarietako Gobernuak eta Media bezalako erakundeek parte hartu zuten. Zuzendari donostiarraren zazpigarren metraje luzea da eta agian bere lanik pertsonal eta arriskutsuena. Medem zuzendaritzaz eta muntaiaz arduratu zen. Gainera Koldo Zuazua, Simon de Santiago eta Enrique Lopez Lavignerekin batera, filmaren ekoizpen exekutiboaz arduratu zen. Caótica Ana, nahigabetik sortzen da, zinema lan hori Julio Medementzako bere arreba Anaren heriotzak, 2001eko apirilaren 21ean ospatzen zen bere lanaren erakusketa baten estreinaldira zihoala hilez, sorrarazitako depresioa eta larritasunaren ihesbide izan baitzen. Sendia guztiarekin batera, erakusketaren ate aurrean ilusio betez arreba heltzeari begira zegoen zinemagileak, bere oroimenez, geroago, bere alabari izen berbera jarri zion. Izatez, filmaren azkenean, hurrengo eskaintza irakur daiteke: "Joan zen nire Ana arrebari. Etorri zen nire Ana alabari". Eta protagonistak margotzen dituen margoak Ana Medemenak berarenak dira, batzuetan filmean erabilgarri izateko Sofia Medemek egokituak izanez. Azken izen-aipamenak igarotzen diren bitartean Cesarea Evora eta Pedro Guerrak interpretatutako Tiempo y silencio abestiaren musika-oihartzun gogorarazleaz batera Anaren koloredun margo naiftar alaiak agertzen dira. Oso garrantzitsua da datuok aipatzea, Caótica Ana bizipen sentibera eta zirraragarria baita.

Ez da ohiko filma. Atal desberdinetan egituratutako ikus-olerki liriko baten aurrean aurkitzen gara. Atzekoz aurrerako kontaketa da, 10ean hasi eta 0ean bukatzen dena, protagonistak dituen hipnosia atzeratzeetako saioetan bezala (Ana, Manuela Vellés eder eta eztigarri batek interpretatzen du) eta bertan Anaren kide izan diren beste emakumeen bizitzak agertzen dira. Are gehiago, filmeko protagonista ahula bizitza horien guztien jarraipena dela dirudi. Anak ez du ametsik, denboren gauean errotutako bere barnetik isurtzen den energia horri aurre egiteari izu-ikara baitio, indarkeriaz hil ziren bera bezalako emakume gazteak. Bere baitan bizi den bere nortasuna ezagutzea eragozten dion anabasa hori da eta filmaren muina. Medemek Ana "gizon zuriaren nagusikeriaren aurkako kontakizun feminista honen printzesa eta zomorro" definitu zuen. Horrela, zuzendariak bere arreba justiziarik ezaren aurkako etengabeko borrokan dabilen presentzia inozo eta argitsu bezala berpizten du. Eta horrek kontuak ateratzeko bidea ematen dio. Feministen zergatiaren aldezpena, Marokon tronuratutako unean uneko satraparen agintekeriaren aurka egindako saharar herriaren eskubide eta askatasunen aldarrikapena edota Irakeko gudarekiko aurkakotasuna ageri dira lan horretan. Baina olerki horren bertsoetan gai askoz gehiago ageri dira. Basati onaren mitoa "zibilizatutako" munduaren zekenkeria doilorraren aurrez aurre, maitasuna erantzun bezala, sexuaren hastapeneko indarra... Medemek, berriz ere, ikusleari betsarean txertatu eta buruan betirako sartzen diren irudi ahaztezinez betetako filma oparitzen dio, zirraratzeko, hunkitzeko eta gogoratzeko bere gaitasuna duen zuzendari gutxi direla erakutsiz. Film harrigarri hori ikaragarrizko ikus-ahalmenak isurtzen du.

Anak, bere aitarekin hainbat urtetan zehar Ibizan itsasora begirako koba baten bizi izan ondoren, Madrileko kaleetatik zehar egindako lehendabiziko ibilaldia liluragarria da. Bere aitari idazten dion gutuna gogoraraztean -"Pizti arre maitea, hemen Madrilen erretserbatik at dagoen indigena antzematen dut"- bere eskuak dantza ederrean beste batzuenak diren eta euren bideari ekinaz axolagabe gurutzatzen diren eskuak ukitzen dituzte Jocelyn Poolen musika antzinako eta indartsuak - Eyes Wide Shut edo Gangs of New York bezalako zinearen maisulanetan diren musika lanen egilea - ikuslea esparru ederragoetara daramala. Eta gauza bera esan daiteke Ana Medemen margoen animazioez ere. Euretariko baten, protagonistaren hipnosi-atzeraketa luze bat; Anak itxita mantendu izan dituen azpikontzienterako ateak, behin zabaldu ondoren, egoera desberdinetan hildako emakumeen irudiak erakusten dituzte. Beste atzeraka baten, Anak harkaitzaren gainean margotutako atea zabaltzen du. Manuela Vellesen aurpegi ederrak bakea transmititzen du iluntasunaren ostean, denboratik at dagoen bidaia magiko batetan basamortuaren paisaia agertzen denean. Zine-kritikak, oro har, arte proposamen iradokitzaile horrekin ez zuen errukirik izan. Tomas Fernandez Valenti ere, Dirigido aldizkarian, filma gogoko izan ez zuenarengan oinarrituz, "sinestezinezko etsaitasunez" jantzitako arretaz mintzatzen zen. Gainera, espainiar zinemaren beste arrakastarik gabeko filmek ez zuten amorru berbera zutenik uste. Nabarmena da, hainbat kasutan, Medemek La pelota vasca (2003) filmean hitz egin nahi izan zuen edozeini aukera emateagatiko izan zuen "ausardia" ordaintzen zebilena. Caótica Anak 200.000 ikusletik gora izan zituen. Film espainiar batentzako emaitza bikaina. Baina Medem ekoizpenean buru belarri sartu zen arren ekonomia alorrean egoera zailean gelditu zen, itxaropenak askoz asmo handiagokoak zirelako. Horri guztiari espainiar kritikaren erasoa gehitzen baldin bazaio, argi antzeman daiteke bere krisialdi pertsonala eta berriz hutsetik hasteko nahia, zinema olerki eder horrekin bere hildako arreba gogoratu ondoren. Filmak nazioarte mailan arrakasta hobeagoa izanaren ondorioa Medemek espainiar zinearen mugetatik haratagoko esparruetara begiratzea izan zen. Room in Rome (2010) aro berri horretako lehen lana da.