Sendagileak

Buen Lozano, Sadí de

1893an Donostian jaiotako mediku parasitologoa, Odon de Buen naturistaren semea. 1936ko irailaren 2an Kordoban fusilatua.

Parasitologiari eman zitzaion. Ekarpen handiak egin zituen gaixotasunak eragiten dituzten mikroorganismoen bektore diren intsektuen ikerketan.

1920rako paludismoaren aurkako 32 instituzio sortu zituen eta Navalmoral de la Mata paludismoaren aurkako institutuko zuzendaria zen. Beste lan batzuren artean Triquina y solitaria eta El paludismo en el campo nabarmendu behar dira. Egindako lanei esker Laveran saria jaso zuen.

1936ko irailaren 2an, gerra zibilaren hasieran hil zen Kordoban frankisten eskuetan, UGT taldeko kide zelako. Garai hartan, Osasun arloko instituzioen ikuskari nagusia zen, paludismoaren aurkako borroka zuzentzen zuen eta hari lotutako ikerketetan sakontzeko joan zen Andaluziara. Jose Estelles Salarich doktorearen arabera:

"Sadi de Buenek bizitza osoan zehar egin zituen ikerketak eta nazioartean oso harrera ona izan zuten lanak argitaratu zituen. Legenarrari eta paludismoari buruzko ikerketa bikainak egiteaz gain, gaixotasun baten gorabehera oro (Espainiako tifus atzerakaria) desestali zuen espainiar moderno bakarra zen, gaixotasunaren germen eragilea, artropodo bektorea, etab.". "Garcia Lorca literaturan zer horixe izan da Sadi de Buen Osasun arloan, eta ez da bidezkoa hain gazte eta halako bidegabekeriaz sakrifikatu zuten ikertzaile bikain batek merezi duen omenaldirik oraindik ez egin izana. Moreno Gomezek gerrari eta Kordobako probintziak jasan zuen jazarpenari buruz idatzitako bi liburutan soilik kontatzen da haren heriotza eta aipatzen dira hiltzaileak".

Bere familia Bartzelonan babestu zen lehenik eta Mexikon ondoren, tartean bere semea, Sadi de Buen Lopez de Heredia doktorea.

Semearen arabera:

"borondate itzeleko gizona zen, beti bidezko erabakiak hartzen zituen eta besteen iritziak errespetatzen zituen. Horregatik zen militarren eta kleroaren aurkakoa. Sekula ez gintuen militarren segizio batera eraman, ezta erlijio-prozesio batera ere. Librepentsalaria izanik ere, bere adiskideek zenbaitetan ez zuten begirunerik erakusten Eliza eta tenpluarekiko eta hark erlijiozko sinesmen horiek errespetatzeko agintzen zien, hori dela eta, zezenketen eta boxeoaren basakeriaren aurka agertzen zen".