Kontzeptua

Borda

Landa-eraikin hau landazabalean edo mendian eraikitzen da, nekazaritzan eta abeltzaintzan erabiltzeko. Toponimoetan eta abizenetan maiz aurki dezakegu, adibidez: Bordaberri, Bordagarai eta Bordazuri.

Azkuek Diccionario vasco-español-francés hiztegian lehenbizi eta Mitxelenak Apellidos vascos liburuan gero, "baserri" eta "zamarientzako abeltegia" esanahia ematen diote; baina ez da hori adiera zuzena. Gaia landu duten egileen artean nahaste handia dago, baliokidetzat jotzen baitituzte borda, txabola, etxola eta baita baserria ere. "Borda" terminoa ez da euskarazko hitza. Corominasen arabera, frankikotik dator.

Iribarrenek, Vocabulario Navarro bere obran, euskal bordaren definizio zehatzagoa ematen du.

"Zaraitzun eta Erronkarin, artzainak behe eta lehen solairua dituzten eraikin batzuetan bizi dira, eta, bertan, abereak eta belarra gordetzen dute. Bordak isolatuta egon ohi dira, eta orokorrean, herrietatik urrun. Horietako askok atarian larraina dute, garia jotzeko. Luzaiden, bordak abereak gordetzeko erabiltzen dira. Jaurrietan, abereen kortak herriko etxeetan daude, eta bordak etxeari atxikitako osagarriak dira, uztak eta tresnak gordetzeko. Garesen, oraindik ere borda deitzen diete mendian kokatutako eraikin txikiei, eta bertan gordetzen dituzte abereak, ongarria, etab."

(itzulpen moldatua gazteleratik).

Bordala nekazaritzarako erabiltzen den borda handiagoa da, eta zamariak gordetzen dira bertan. Erronkarieraz, borda hainbat hitz eratorritan eta konposatutan erabiltzen da, esaterako: bordal-berri "ezkonberria", bordalgarri "ezkongaia", bordalgei "senargaia", bordalgu "ezkontza", bordalsari "ezkontza bedeinkatzen duen apaizari ematen zaion meza-dirua", bordaltu "ezkontzea" eta bordalte "bordala". Horrez aparte, Gipuzkoan, Nafarroan eta Lapurdin, bordari hitza dugu, hau da, "errentaria" edo "etxe alokatua".

Borda hitza daramaten abizenak oso ugariak ziren XVII. mendean, baina kontuetako dokumentuan 1344an eta 1401ean agertzen dira dagoeneko, hala nola Esteban de Bordel eta Johan de Borda.

Caro Barojak borda Lesakako (Nafarroa) eraikuntzen testuinguruan aztertu zuen. Herrigunean dauden 195 eraikinak mota hauetan banatzen dira: 109 -enea, 20 -baita, 4 -egi, 4 -aga, 3 -etxe eta ez dago borda duenik. Landa-auzunetan, aldiz, banaketa oso bestelakoa da: 60 borda, 20 -enea, 4 -baita, 7 -egi eta gainerakoak oso ezberdinak dira. Mota horiek etxe-izenaren amaierari eta hasierari erreferentzia egiten diote, adibidez: Trukenea, Apeztegi, Sastrebaita eta Etchebesteborda (amaierari dagokionez) edo Bordagarai eta Bordatxipi (hasierari dagokionez). Bordak herriko etxe bati lotuta egon ohi dira, eta hori izenean ere islatzen da, hala nola Apeztegikoborda eta Sastrebaitekoborda. Gipuzkoan, Ataunen esaterako, oso borda gutxitan bizi izan da jendea. Erronkarin, Izabako eta beste herrietako familia batzuk bordetan igarotzen zituzten udak duela gutxira arte. Bordak, hortaz, funtsean gordailuak dira. Kuartangon (Araba), borde deitzen zaie, eta azpi-galeria bat dute, gurdia, laborantza-tresnak eta egurra gordetzeko. Galeria horren gainean, lehortegia dago, eta lastategira eta belartegira sar daiteke bertatik. Mendebaldeko euskal eremuetan (Bizkaian, Gipuzkoan, Lapurdin eta Nafarroa ozeanikoan), bordetan ez da inor bizi, eta ardiek gaua pasatzeko balio dute. Tamainari dagokionez, hitz gutxitan esanda, borda bordala baino txikiagoa da, eta txabola edo etxola baino handiagoa.

Arin Dorronsoren hitzetan, Ataunen bordak (saltxeak) abereen aterperako eta belarra, orbela eta abar gordetzeko erabiltzen dira. Zenbaitetan, bizitokia baino leku garaiagoetan daude, eta behe solairua eta ganbara dute. Behe solairua abereentzako aterpea da, eta artedi edo ikullu deitu ohi zaio. Ganbara, aldiz, belarra gordetzeko erabiltzen da. Saltxea edo borda baserriari lotutako eraikina da, eta, orokorrean, mendian kokatuta dago, baserritarraren jabetzako lurretan edo larreetan. Batzuetan, atarian jezteko lekua izan ohi du, eskortea izenekoa. Baserritarrek bordan lo egin ohi dute, basurdeek artasoroetan kalteak eragin ditzaketela beldur direnean. Saltxe askotan, jabeak bizitzera joan, eta, azkenean, baserri bihurtu dira. Aipatutako gipuzkoar herri horretan, esaterako, 18 saltxe edo borda baserri bilakatu ziren, XVII. (1640) eta XVIII. mendeen artean.

Txabolak saltxeak edo bordak baino txikiagoak dira, solairu bakarra dute eta pertsonen aterperako balio dute soilik. Bordetako paretak harriz, kareorez eta hareaz eginda daude, eta teilatuak bi isuri ditu. Barnealdea behe solairuan eta ganbaran (sabaia) banatzen da, eta teilatuak malda handia duenean, korta, solairua eta ganbara ditu. Bordetako batzuk etxolak edo txabolak ziren hasieran. Batzuetan, lurzoruaren malda lagungarria da kanpoaldetik ganbarako lastategira sartzeko. Borda multzoetatik herriak ere sortu izan dira, hala nola Aldudes, Nafarroa Beherean. Lehen, bordek oholtxozko teilatuak zituzten, eta egitura haritzetik edo beste zuhaitz batzuetatik eratorritako egurrez eraikitzen zen.

  • VIOLANT, R. "Las bordas". El Pirineo Español, Madril, 1949, 159-160 orr.
  • CARO BAROJA, Julio. Los Vascos, Madril, 1958, 156, 160 eta 198 orr.
  • COROMINAS, J. "Burdel". Diccionario Crítico Etimológico de la Lengua Castellana, Madril, 1954, A-C, 480 or.
  • BLOCH, Marc. "The rise of dependent cultivation and seigniorial institution". The Cambridge Economic History of Europe, I, Cambridge, 1942, 265 or.
  • CHANDOS. Le prince noir, Pub. F. Michel, Parfs, 1873, 180 or.
  • OLABARRÍA, Julián. "El pastoreo en el valle de Zuya". Anuario de la Sociedad de Eusko Folklore, 1956, 15 or.
  • SAN MARTÍN, Juan. "La vida pastoril en Zaraya". Anuario de la Sociedad de Eusko Folklore 1956, 23-25 orr.
  • ARIN DORRONSORO, Juan de. "Pueblo de Ataun". Anuario de la Sociedad de Eusko Folklore 1927, 5-7, 20-23 orr.
  • IRIBARREN, José María. Vocabulario navarro, art. Iruña: Borda, 1952.
  • LÓPEZ DE GUEREÑU, Gerardo. Voces alavesas, Euskera, Bilbo, 1958.