Pintoreak

Blanco Ortega, Dionisio

1927ko irailaren 18an San Salvador del Vallen (Trapagaran) jaiotako pintore bizkaitarra. Bilbon hil zen, 2003ko apirilaren 10ean.

Sorian ezkutatu ostean, 1937-1944 bitartean Vizmanos eta Tierra de Yanguas izan zituen bizileku. 1944an Bilbora itzuli zen eta Arte eta Ofizioen eskolan Irakaskuntza Profesionaletako ikasketak burutu zituen. 1949an igeltsero modura lan egin zuen aitarekin, eta aldamiotik erori eta kalte handiak izan zituen bizkarrezurrean. Urte eta erdi egon zen ospitalean. Artistaren arabera, "Jazoera hori erabakigarria izan zen nire pinturarekiko joeran". 1952an marrazketa-eskolak jaso zituen Bilboko Erreprodukzio Museoan. Hiru urtez egon zen eskolak hartzen eta, ondoren, 1957an Artearen Historiako Ikasketak egin zituen Pariseko Louvre Museoan. Bi urte eman zituen Pariseko ikasketak burutzen. 1960an 4 poetas de hoy liburuan parte hartu zuen, Bizkaiko Artisten Elkarteak editatu zuena. Urte berean bere obra Colectiva de pintura vizcaína delakoan erakutsi zuen, Valladolideko Santa Cruz Ikastetxe Nagusian. Bizkaiko Artisten Elkarteak antolatu zuen erakusketa eta elkarte berak hautatu zituen obrak. Hala, hauek izan ziren bertan parte hartu zuen artistetako batzuk: Jose Barcelo, Dionisio Blanco, Antonio Echavarri, Barreiro Bengoa, a href="/eu/artikulua/ar-112122/">Ortiz Alfau, Borque, Esquibel, Fidalgo, Jesus Luis Jimeno, Angel Jayo, Largacha, Dionisio Sanchez, Antonio Mas eta Juan Matia. Erakusketan Bizkaiko artearen egoera islatu zen.

1961ean bakarkako lehen erakusketa egin zuen Bizkaiko Artisten Elkartearen aretoan. Urtebete beranduago, Dionisiok Estampa Popular de Vizcaya sortu zuen, Donostiako Udaleko Aretoetan aurkeztu zena. Bertan izan zen Dionisio Blancoren obra, Maria Dapena, Agustin Ibarrola, Jose Ortega eta Valentin Ruiz Morquechok osatutakoekin batera. Urte hartan bertan Kordobako Céspedes - Círculo de la Amistad izeneko galerian Arte Norte y Sur aurkeztu zen. Bizkaiko Estanpa Herrikoi delakoaren poetek taxututako poemen laguntza izan zen. Horrela, besteak beste, Blas de Otero (Cursiva), Gabriel Aresti (Envío a los poetas españoles de cinco versos menores con punto en t, horiek Justicia prohibida izenekotik hartuak), Vidal de Nicolas (Rebato), Sabina de la Cruz (Campesinos) eta Carlos Alvarezek parte hartu zuten. 1965ean bakarkako bigarren erakusketa aurkeztu zuen Grises izeneko galeria txikian. Bertan, urte berean, beste erakusketa kolektibo batean Sasoi artistikoaren balantzea egin zuen.

Jose Luis Merino galeria-ikertzaileak Dionisio Blancoren obrako kalitate plastikoaren eta gai gizatiarraren arteko uztarduran erreparatu zuen:

"Bere obretan hautematen diren hautaketa kromatiko egokia, konposizio orekatuak eta ehundurarekin lotutako kalitate dirdiratsuak bitarteko eraginkorrenak dira artistak metatutako humanismo guztia isur dezan"; (itzulpen moldatua gaztelaniatik).

1966an Emen taldearen sorreran parte hartu zuen, Euskal Eskolako Mugimenduaren taldea. Aldi berean, Gipuzkoan Gaur taldea eta Araban Orain taldea sortu ziren. Nafarroan eginahalak egin baziren ere Danok taldea, azkenean, ez zen irmotasunez sortu. Urtebete beranduago Espainiako Egungo Artearen Erakusketa Ibiltaria egin zen Espainiako Arkitektura Eskoletan, Espainiako Arkitekturako Ikasleen Batasunak eta Barandiaran Eraikuntzen Estetika Sailak antolatuta. Sei erakusketa kolektiboz osatutako programa zabal horretan hirurogeita sei artista eta hogei hizlarik parte hartu zuten. Programa Bartzelona, Madril eta Sevillako Arkitektura Goi Eskola Teknikoan, Iruñeko Nafarroako Museoan, Valentziako sekzio delegatuan eta Donostiako Barandiaran Galerian aurkeztu zen. Azken horretan erakusketak baino ez ziren egin. Gainerako espazioetan hitzaldi-zikloak antolatu ziren, Artea kultura garaikidean lelopean. Dionisio Blancoren lehen parte-hartzea Iruñeko erakusketa kolektiboan izan zen, apirilaren 28tik maiatzaren 2ra bitartean. Ondoren, Donostiako Barandiaran Galerian parte hartu zuen eta, beranduago, Madrilen, Sevillan eta Bartzelonan. 1968an Madrileko Etxebizitzaren Ministerioan egitekoa zen Birgaikuntzako Lehiaketa Iberoamerikarrera Dionisio Blancoren obra eramateko proiektu bat izan zen Barcelo, Bonifacio eta Ibarrolaren obrekin batera (bakoitzak bi margolan) eta urte berean Grises Galeriak antolatutako hondoaren kolektibo bat ospatu zen, Basauriko Gizarte Etxean. Ateneoko Batzorde berriaren lehen ekintza izan zen, Jose Luis Merino bertako idazkari zela. Barakaldon 45 cuadros de pintura moderna izeneko erakusketa inauguratu zen. Erakusketa hura Merinok herrietako Udaletan eskaini zuen. Tomas Meabek egindako 14 fábulas liburuan parte hartu zuen Blancok. Liburu hura hainbat hizkuntzetara itzuli zen, hala, Ricard Salvatek katalanez eman zuen, Xesus Alonso Monterok galizieraz eta Gabriel Arestik euskarara ekarri zuen. 1969an bakarkako hirugarren erakusketa antolatu zuen Bilboko Mikeldi Galerian. Halaber, sobre con tres tarjetas izeneko edizioa abiatu zen, testu poetikoekin eta Dionisio Blancok egindako pinturen irudiekin.

1971n Madrileko Antonio Machado Galerian antolatutako Bizkaiko Egungo Artea erakusketa kolektiboan aurkeztu zuen bere obra, eta baita Barakaldoko Euskal Artean (hemen 1972ko otsailera arte) ere.

1971-72 bitartean, hainbat pintore eta eskultorerekin batera artea bultzatzeko ekimen batean parte hartu zuen. Modu horretan, hainbat erakusketa eta hitzaldi antolatu ziren herri, auzo eta Familia Elkarteetan. 1972an Espainiako Arteko erakusketa kolektiboan parte hartu zuen. Hura Italian antolatu zuen Langile Batzordeak. Orobat, Egungo Euskal Arte erakusketan ere parte hartu zuen Iruñeko Topaketetan, azken horretan El proceso de Burgos margolana zentsuratu egin ziotelarik. "Antolatzaileek nire margolan bat kentzea erabaki zuten, horren ondorioz, erakusketa utzi nuen, beste artista batzuk egin zuten moduan"; (itzulpen moldatua gaztelaniatik). Urte hartan bertan Artículo 19 de la Declaración Universal de los Derechos Humanos (1968) izeneko obra dohaintzan eman zuen Elkartasunaren Museora. Erakusketa Santiagoko Quinta Normal Arte Garaikidearen Museoan antolatu zen. Artista euskaldunak Txileren alde agertu ziren. Horrela, 1973an Salvador Allenderi elkartasuna adierazteko testu bat sinatu zuten hainbat artistek, horien artean, Dionisio Blancok. Elkartasun hori eskertu eta ondarea abandonatuta zegoela salatzeko asmoz, Kubako Komite batek estatu ezberdinetan erakusketa ibiltariak sortzeko eskaria luzatu zuen. Helburu horretarako, Dionisio Blancok Represión obra eskaini zuen.

1973an bakarkako laugarren erakusketa egin zuen Bilboko Mikeldi galerian. Katalogoan Blas de Oterok egindako poema bat agertzen da, Dionisio Blancoren margolan batean oinarritutakoa. Lo indeleble izeneko poema horretan akitutako edo akitzear diren hainbat gorputzei egiten zaie erreferentzia. Bizkaiko Bankuaren eraikina ageri duen kale baten motibo pikatua irudikatzen duen olio-pintura eta testua erkatzeak, idazkia eta obra uztartzea dakar. Horrek, zurrumurru ugari ekarri zituen garai hartako Bilbon, hori dela eta, aipatu bankuak ez zion obra gehiago hartu.

Bilboko Arteta galerian Salvador Allende, Pablo Neruda, Juan Aranoa eta Ciriaco Parragaren Omenezko kolektibo bat aurkeztu zen eta Dionisio Blancoren partaidetza izan zen. Halaber, Barakaldoko Arte Plastikoen II Erakusketan parte hartu zuen eta, era berean, Jose Maria Moreno Galvani indultua emateko eskatzen zuen testu batean ere agertu zen. 1974an Bartzelonako Art Realitat izeneko erakusketan parte hartu zuen. Alderdi Komunistak bultzatuta, arte kritikoaren halako hautaketa bat izan zen, boterearekin deseroso eta gizarte-konbentzioen aurka. Cuadernos para el Diálogo (EDICUSA) izeneko argitaletxeak, Los Suplementos bildumaren barruan, Enrique Bustamante Ramirezen La Cultura Vasca, Hoy (Apuntes para un estudio) izeneko lana argitaratu zuen. Hartako atalen artean, Conversaciones sobre Cultura Vasca izenekoa irakur daiteke. Bertan Dionisio Blancok parte hartu zuen eta, aldi berean, Barakaldon antolatutako Adierazpen Askatasunaren alde izeneko erakusketan kolaboratu zuen. Urtebete beranduago Askatasuna - Amnistia Denontzat izeneko kanpainan parte hartu zuen. Eskuzko egutegi bat diseinatu zuen eta baita txartela bat ere Vidal de Nicolasen poema bat ipinita. Horrez gain, Langile Batzordearentzako kartel bat taxutu zuen. Bartzelonako Arte-Expo 76 ferian parte hartu zuen Bilboko Mikeldi Galeriaren eskutik, eta 1977 bakarkako bosgarren erakusketa antolatu zuen galeria hartan. Bilboko Arte Ederretako Museoak bere Represión obra eskuratu zuen.

Agiriak, Euskal poetak eta artistak. G. Aresti-ren omenez liburuan ere parte hartu zuen Blancok, 37 idazle eta 32 artista plastikorekin batera.

1978an bakarkako seigarren erakusketa antolatu zuen Zarautzeko Gaztelu Galerian. Halaber, Bilboko Caja Mediterraneoko (CAM) Kultura Aretoa inauguratzeko erakusketan, Euskal Artea 78 izenekoan eta Bizkaiko Pintura Gaur izenekoan parte hartu zuen. Azken erakusketa ibiltari hori Bilboko Caja Mediterraneoko (CAM) Kultura Aretoak antolatu zuen eta Jose Ramon S. Morquillasek zuzendu. Hala, Gernika, Balmaseda, Gaminiz, Barakaldo, Durango eta Getxon izan zen ikusgai 1979-1980 artean. Azken urte horretan La trama del Arte Vasco margolanarekin Bilboko Arte Ederretako Museoan antolatu zen erakusketa kolektiboan parte hartu zuen, Gizarte Salaketa izeneko atalaren barruan. Ehun eta hogeita hamar sortzaileren obrak izan ziren ikusgai mende osoko artearen sintesi jite argia zuen erakusketa hartan. Dena den, horretarako prest zegoen katalogoa ez zen editatu.

1981an bakarkako zazpigarren erakusketa egin zuen Bilboko Aritza galerian. 1986an Bilboko Udalak antolatu zuen Gabriel Arestiren Omenaldian parte hartu zuen. Arriaga antzokian ospatu zen kontzertua iragartzen zuen kartela eta ekitaldi hartako liburuxkaren azala diseinatu zituen. Obra hura Bilbao Bizkaia Kutxaren (BBK) Kultura Aretoak antolatutako erakusketan aurkeztu zuen. "Aresti artista" atalean, Dionisio Blanco mahai-inguruko kide izan zen. 1988an Bilboko Arte Ederretako Museoan egin zen Atzera begirakoan izan zen. Erakusketa hartan azken zazpi urtetako lanak jaso ziren. Museo hark oholean itsatsitako paper gainean (100x70 zm) egindako olio-pintura bat eskuratu zuen. Obra horretan hainbat herritar ikusten dira hondoko argiari so eta ikusleari bizkarra emanez.

1995ean Arte eta Artista Euskaldunak hirurogeiko hamarkadan izeneko erakusketa kolektiboan parte hartu zuen Donostiako Koldo Mitxelena Kulturunean. Hogeita hamalau artisten lanak erakutsi ziren erakusketa hartan eta hamarkada horretako sormen-lanaren errepasoa izan zen. Urtebete beranduago Valentziako Julio Gonzalez IVAM Centre delakoan antolatutako Estampa Popular erakusketa kolektiboan parte hartu zuen. Dionisio Blancok egin zuen grabatu bakarra aurkeztu zuen han, hots, Langile Batzordearentzat egindako linolioa. Horrez gain, Reflexiones sobre mi adscripció" izeneko idatzia aurkeztu zuen. Vicente Blasco Ibañezek idatzitako El intruso liburuaren marrazkiak egin zituen. Liburu hori 1904an argitaratu zen lehen aldiz eta meatzarien zonalde batean izandako jazoerak kontatzen dira. Dionisio Blancok azala eta kontrazaleko ex libris delakoa egin zituen. Horrez gain, 4 ilustrazio eta kapituluak zabaltzeko 11 hizki egin zituen espresuki, bertan bere 6 margolan erreproduzitu zirelarik. Hori izan zen bere azken ekarpen adierazgarria. Formatu txikiko erakusketa. Atzera begirako balantzea egiteaz gain, prozedura berriak ere erabili zituen, esate baterako, collagea, marrazkiak eta moztutako argazki-irudiak nahasiz.

1997an Eusko Jaurlaritzak gordetzen zuen El proceso de Burgos (1970-71) obra aurkeztu zen Encuentros izenpean Bilduma Publikoa IV erakusketan. Arabako Arte Ederren Museoan 1994-1996 arte garaikidearen hautaketan sartuak. Gasteizko Amarica Aretoan egin zen. Margolanean sei auzipetuak islatzen dira barrote artean eta aurpegi gabe, gainerako irudiak baino tamaina handiagoan. Erdian eta goialdean diktadoreari erreferentzia egiten zaio. Hura jazarpena, manifestaldiak eta "grisen" esku-hartzeak irudikatzen dituzten eszena artean agertzen da.

Arte euskalduna eta industria-erakustaldi izeneko erakusketan parte hartu zuen, Mungiako Torrebilella Kultur Etxean. 1999an Ezkerraldea Plastika izenekoan parte hartu zuen Blancok. Erakusketa ibiltari hura Gallarta, Sestao, Portugalete, Santurtzi, Muskiz eta Barakaldon izan zen ikusgai. Horrez gain, XX. mendeko Euskal Pintura izenekoan parte hartu zuen. Gipuzkoako Kutxaren Garibay espazioan (Donostia) egin zen azken erakusketa izan zen azken hori.

2001ean Banco de Vizcaya margolana aurkeztu zuen Bilbao una encrucijada entre dos siglos izeneko erakusketan. Bizkaiko Foru Artxibategiko Aretoan egindako erakusketa hura Bilbao 700 Fundazioak antolatu zuen eta Telefonicaren babesa ukan zuen.

2003an Arabako Arte Ederren Museoak oholean itsatsitako paper gainean egindako olio-pintura bat eskuratu zuen, Visita al museo izenekoa (50x69?5 zm), hirurogeita hamarreko hamarkadaren amaiera aldera egindako lana. Bere margolanetako baten zati bat erabili zen Jose Luis Barberia eta Patxo Unzuetak idatzitako liburuaren azala diseinatzeko: Cómo hemos llegado a esto. La crisis vasca, Taurus argitaletxeak editatua. Zera irakur daiteke: "Eskaintza egunen batean euskal pintura garaikidearen izar nagusienetako gisa aitortuko denari, azalean bere margolan bat erreproduzitzeko baimena ematearren, Bilboko Arte Ederretako Museoaren bilduman dagoena"; (itzulpen moldatua gaztelaniatik).

Hil eta hilabetera Dionisio Blanco 1927-2003 erakusketa inauguratu zen, Dionisio Blancok azken bi urteetan bere lagun eta erakusketaren komisario Xabier Saenz de Gorbearekin soinez soin landutako atzera begirako itzela. Erakusketaren katalogoan paratutako testu luzeko zati batean, horrela mintzo da kritikaria artistari buruz: "BBKn Dionisio Blancoren (1927-2003) obrari buruz aurkezten den atzera begirakoa abagune paregabea da autore sekretu eta barnerakoi bat onesteko, kanpoaldeko errealitatearekin intimitate zorrotz eta sekretuaren barrenetik hitz egiten duena, ikuspegi pertsonala portaera kolektiboen ikuskapen bilakatzen duena, eta esparru pribatu hertsia alegoria publikoen kategoriara goratzen duena. Hitzetan nekez eman daitekeen pintura, gauza apal eta xumeekin hunkitzeko gai dena, aldi berean, eskubide gabezia eta askatasunik ezaren aurrean sentsibilizatzera eramaten gaituelarik. Sortzaile berezia eta kutsu pertsonala duena, bere obsesio eta aldarrikapenak agerian uzten dituena sentsibilitate sentikorraz"; (itzulpen moldatua gaztelaniatik).

Inork ez bezala islatu zuen norbanakoaren bakardadea. Artista handiaren hitzetan: "Pertsonaiaren barnean poesia aurkitzen saiatzen naiz. Batez ere gizakia interesatzen zait, bere oinaze, nahimen, premia eta lan-munduarekin, zeinak irentsi baitu"; (itzulpen moldatua gaztelaniatik).

  • SÁENZ DE GORBEA, Xabier; GIMÉNEZ PERICÁS, Antonio. Dionisio Blanco 1927-2003. Bilbo: Bizkaia Kutxa Fundazioa, 2003.