Pintoreak

Blanco Ortega, Dionisio

2001ean Banco de Vizcaya margolana aurkeztu zuen Bilbao una encrucijada entre dos siglos izeneko erakusketan. Bizkaiko Foru Artxibategiko Aretoan egindako erakusketa hura Bilbao 700 Fundazioak antolatu zuen eta Telefonicaren babesa ukan zuen.

2003an Arabako Arte Ederren Museoak oholean itsatsitako paper gainean egindako olio-pintura bat eskuratu zuen, Visita al museo izenekoa (50x69?5 zm), hirurogeita hamarreko hamarkadaren amaiera aldera egindako lana. Bere margolanetako baten zati bat erabili zen Jose Luis Barberia eta Patxo Unzuetak idatzitako liburuaren azala diseinatzeko: Cómo hemos llegado a esto. La crisis vasca, Taurus argitaletxeak editatua. Zera irakur daiteke: "Eskaintza egunen batean euskal pintura garaikidearen izar nagusienetako gisa aitortuko denari, azalean bere margolan bat erreproduzitzeko baimena ematearren, Bilboko Arte Ederretako Museoaren bilduman dagoena"; (itzulpen moldatua gaztelaniatik).

Hil eta hilabetera Dionisio Blanco 1927-2003 erakusketa inauguratu zen, Dionisio Blancok azken bi urteetan bere lagun eta erakusketaren komisario Xabier Saenz de Gorbearekin soinez soin landutako atzera begirako itzela. Erakusketaren katalogoan paratutako testu luzeko zati batean, horrela mintzo da kritikaria artistari buruz: "BBKn Dionisio Blancoren (1927-2003) obrari buruz aurkezten den atzera begirakoa abagune paregabea da autore sekretu eta barnerakoi bat onesteko, kanpoaldeko errealitatearekin intimitate zorrotz eta sekretuaren barrenetik hitz egiten duena, ikuspegi pertsonala portaera kolektiboen ikuskapen bilakatzen duena, eta esparru pribatu hertsia alegoria publikoen kategoriara goratzen duena. Hitzetan nekez eman daitekeen pintura, gauza apal eta xumeekin hunkitzeko gai dena, aldi berean, eskubide gabezia eta askatasunik ezaren aurrean sentsibilizatzera eramaten gaituelarik. Sortzaile berezia eta kutsu pertsonala duena, bere obsesio eta aldarrikapenak agerian uzten dituena sentsibilitate sentikorraz"; (itzulpen moldatua gaztelaniatik).

Inork ez bezala islatu zuen norbanakoaren bakardadea. Artista handiaren hitzetan: "Pertsonaiaren barnean poesia aurkitzen saiatzen naiz. Batez ere gizakia interesatzen zait, bere oinaze, nahimen, premia eta lan-munduarekin, zeinak irentsi baitu"; (itzulpen moldatua gaztelaniatik).