Pintoreak

Blanco Ortega, Dionisio

1971n Madrileko Antonio Machado Galerian antolatutako Bizkaiko Egungo Artea erakusketa kolektiboan aurkeztu zuen bere obra, eta baita Barakaldoko Euskal Artean (hemen 1972ko otsailera arte) ere.

1971-72 bitartean, hainbat pintore eta eskultorerekin batera artea bultzatzeko ekimen batean parte hartu zuen. Modu horretan, hainbat erakusketa eta hitzaldi antolatu ziren herri, auzo eta Familia Elkarteetan. 1972an Espainiako Arteko erakusketa kolektiboan parte hartu zuen. Hura Italian antolatu zuen Langile Batzordeak. Orobat, Egungo Euskal Arte erakusketan ere parte hartu zuen Iruñeko Topaketetan, azken horretan El proceso de Burgos margolana zentsuratu egin ziotelarik. "Antolatzaileek nire margolan bat kentzea erabaki zuten, horren ondorioz, erakusketa utzi nuen, beste artista batzuk egin zuten moduan"; (itzulpen moldatua gaztelaniatik). Urte hartan bertan Artículo 19 de la Declaración Universal de los Derechos Humanos (1968) izeneko obra dohaintzan eman zuen Elkartasunaren Museora. Erakusketa Santiagoko Quinta Normal Arte Garaikidearen Museoan antolatu zen. Artista euskaldunak Txileren alde agertu ziren. Horrela, 1973an Salvador Allenderi elkartasuna adierazteko testu bat sinatu zuten hainbat artistek, horien artean, Dionisio Blancok. Elkartasun hori eskertu eta ondarea abandonatuta zegoela salatzeko asmoz, Kubako Komite batek estatu ezberdinetan erakusketa ibiltariak sortzeko eskaria luzatu zuen. Helburu horretarako, Dionisio Blancok Represión obra eskaini zuen.

1973an bakarkako laugarren erakusketa egin zuen Bilboko Mikeldi galerian. Katalogoan Blas de Oterok egindako poema bat agertzen da, Dionisio Blancoren margolan batean oinarritutakoa. Lo indeleble izeneko poema horretan akitutako edo akitzear diren hainbat gorputzei egiten zaie erreferentzia. Bizkaiko Bankuaren eraikina ageri duen kale baten motibo pikatua irudikatzen duen olio-pintura eta testua erkatzeak, idazkia eta obra uztartzea dakar. Horrek, zurrumurru ugari ekarri zituen garai hartako Bilbon, hori dela eta, aipatu bankuak ez zion obra gehiago hartu.

Bilboko Arteta galerian Salvador Allende, Pablo Neruda, Juan Aranoa eta Ciriaco Parragaren Omenezko kolektibo bat aurkeztu zen eta Dionisio Blancoren partaidetza izan zen. Halaber, Barakaldoko Arte Plastikoen II Erakusketan parte hartu zuen eta, era berean, Jose Maria Moreno Galvani indultua emateko eskatzen zuen testu batean ere agertu zen. 1974an Bartzelonako Art Realitat izeneko erakusketan parte hartu zuen. Alderdi Komunistak bultzatuta, arte kritikoaren halako hautaketa bat izan zen, boterearekin deseroso eta gizarte-konbentzioen aurka. Cuadernos para el Diálogo (EDICUSA) izeneko argitaletxeak, Los Suplementos bildumaren barruan, Enrique Bustamante Ramirezen La Cultura Vasca, Hoy (Apuntes para un estudio) izeneko lana argitaratu zuen. Hartako atalen artean, Conversaciones sobre Cultura Vasca izenekoa irakur daiteke. Bertan Dionisio Blancok parte hartu zuen eta, aldi berean, Barakaldon antolatutako Adierazpen Askatasunaren alde izeneko erakusketan kolaboratu zuen. Urtebete beranduago Askatasuna - Amnistia Denontzat izeneko kanpainan parte hartu zuen. Eskuzko egutegi bat diseinatu zuen eta baita txartela bat ere Vidal de Nicolasen poema bat ipinita. Horrez gain, Langile Batzordearentzako kartel bat taxutu zuen. Bartzelonako Arte-Expo 76 ferian parte hartu zuen Bilboko Mikeldi Galeriaren eskutik, eta 1977 bakarkako bosgarren erakusketa antolatu zuen galeria hartan. Bilboko Arte Ederretako Museoak bere Represión obra eskuratu zuen.

Agiriak, Euskal poetak eta artistak. G. Aresti-ren omenez liburuan ere parte hartu zuen Blancok, 37 idazle eta 32 artista plastikorekin batera.

1978an bakarkako seigarren erakusketa antolatu zuen Zarautzeko Gaztelu Galerian. Halaber, Bilboko Caja Mediterraneoko (CAM) Kultura Aretoa inauguratzeko erakusketan, Euskal Artea 78 izenekoan eta Bizkaiko Pintura Gaur izenekoan parte hartu zuen. Azken erakusketa ibiltari hori Bilboko Caja Mediterraneoko (CAM) Kultura Aretoak antolatu zuen eta Jose Ramon S. Morquillasek zuzendu. Hala, Gernika, Balmaseda, Gaminiz, Barakaldo, Durango eta Getxon izan zen ikusgai 1979-1980 artean. Azken urte horretan La trama del Arte Vasco margolanarekin Bilboko Arte Ederretako Museoan antolatu zen erakusketa kolektiboan parte hartu zuen, Gizarte Salaketa izeneko atalaren barruan. Ehun eta hogeita hamar sortzaileren obrak izan ziren ikusgai mende osoko artearen sintesi jite argia zuen erakusketa hartan. Dena den, horretarako prest zegoen katalogoa ez zen editatu.