Kontzeptua

Bizitzaren zikloa

Tradizionaltzat jo izan diren gizarteak, izaera zurrun, iraunkor edota antzaldaketa geldodun kultura elementuak (euren ekonomia eta gizarte antolaketarako xehetasunei esker) zaindu izan dituzte. Europan nekazal kultura, bere idealizazioa eta bere gutxiestea ere saiheste asmotan, iraganean izandako aroetako bizitza sistema mantendu eta zaintzearen aldeko agertzen da, une sozial edota historiko desberdinetan gizatalde bakoitzarentzako esanahi edota zentzu zehatz jakin bat izanez baina. Bere aberastasun eta askotariko aldeak, ohiko gizartearen sinesmen eta bizitza moldeak dinamikoak direla (beste gizarte mota batzuek bezala) baieztatzen digute eta horren ondorioz, garatu, itxuraldatu eta, desagertzeko ere, gai izaten dira.

Horrela, ondo dakigun bezala, gizakiarengan, geografia-egiturak, gizarteak edota testuinguru sozialak eta denbora- edo historia-bilakaerak eragina du. Baina ohiko mentalitatearen ikuspegitik ia prozesu guztiak ziklikoak izaten dira, hau da, etenik gabe errepikatuak izatera jotzen dute eta belaunaldiz belaunaldi gauzatu eta transmititu diren konstante edota erregulartasun-sorta batzuen mende daude. Aldi berean, prozesu horiek arautu eta gizaseme bakoitzaren edo gizatalde osoaren bizitza aurretik erabaki dezaken maila goreneko elementuren baten (eguzkia, ilargia, izarrak, jainkoak,...) balizko presentzia izaten da.

Adin-mailaren (jaiotza unetik arbasoetara) eta dagozkien erritu-urratsen bitartezko, (Vam Gennep1 ospetsuak sakon ikertutako arloa) pertsonaren bizitza-zikloak norbanakoen etorkizunean bete beharreko helburu edo eskailera maila batzuk xedatuko ditu baina gizataldeak berak ezarritako perspektiba galdu gabe. Baina hala eta guztiz ere, alde bi horien artean, norbanakoaren aldi bakoitzeko eskabide sozialenganako doikuntzarik eza edota egokitzapen jakin batzuk ematen dira, aldi bakoitzak modu eraginkor batez kontrolatu eta zehapena ezarriz.

Bestalde, urte osoan diren jaiegun desberdinetan zehar, adin tarte bakoitzari zeregin jakin batzuk esleitzen zaizkio (jai-ekitaldiak, zeremoniak, errituak,...) eta euren helburua bizitza kolektiboaren edota Naturaren beraren gorabeherarik gabeko jarraipenerako hain beharrezkoa den ziklo kosmikoaren birsorkuntza edo errepikapena, ezarritako egituratze soziala edo norbanakoaren beraren etorkizuna dira. Azken batean, gizarte-bizitza ohiko kolektibitatean zirkulu izaeradun etengabeko prozesuaren (bizitza-zikloa) menpe dago. Prozesu hori horzdun gurpil handi baten antzera, motor gisa diharduen gurpil txikiago eta giro-abiada handiagoa duen batek (urteko jai-zikloa) eraginda, mugituz doa. Gurpil txikiago horrek errepikapenezko denbora kronologikoa igaro bitartez eta une edo egoera bakoitzerako derrigorrezko erritu bereziak betez giza bizitza edo bizitza kolektiboa arautu eta sekuentziatu egiten du .

Gainera gizarte horietan, adinaren irizpidea oinarritzat hartuz, egiten den zatiketa soziala, antolaketa sinple edo ohikoa duen edozein komunitateren ekintzak eta erantzukizunak banatzeko modurik arruntenetariko bat izaten da. Hau da, sexu dualtasunarekin batera, bereizketa sozial funtsezkoenetariko baten aurrean gaude eta oraindik bizirik diraute.

Adin mailek, goian esan bezala, testuinguru sozial eta kultural jakin baten kokatzen den gizasemeak bere bizitza-zikloan zehar ibili behar izango dituen hierarkizatutako maila desberdinak adierazten dituzte. Baina beste gizasemeekin batera edo beste batzuen erreferentziaz, talde gisa jardunaz, eta gizaldraren arau eta errituen menpe egonaz.

André Varagnac2 izan zen, Frantziako nekazarien testuinguruan kokatutako adin maila desberdinen oinarrizko sailkapena eta euren azterketa zehatza egin zuen lehena. Norbanakoaren bizitza-ziklo hori adin maila edota tarte jakin batzuez (adin sozialaren arabera) osatzen da eta ondorengoak dira:

  • Lehen adina edo haurtzaroa.
  • Umeak edo eskola-umeak.
  • Gazteak.
  • Ezkonberriak edo ezkontza berriak.
  • Sendi aita-amek.
  • Alargunak.
  • Zaharrek.
  • Hildakoek edo arbasoek.

Ohiko gizarteetan jaio berrien, haurtzaroaren edota lehen adinekoen garrantzia funtsezkoa izan da, gizaldraren beraren iraupenari begira, zaharberritze eta belaunaldi-aldaketarako edo nekazal kulturen komunitatean edota etxe eremuetan nahitaezko etorkizunerako eskulan gisa behar beharrezko baloretzat jotzen baitziren.

Horiek, euren lehen bizitza urratsetan, hurbilekoena duten euren inguruak sustatuta, ekintza eta ikasbide jakin batzuetan gizaseme pasibo izan beharra dute. Aisialdi-heziketa eremuko (kantu bitartez, olgeta, jolas desberdinak, adierazpen fonetikoak, etab.) ekintza horietatik gehienek jaio berria bere inguruko egoera fisiko, kognitibo eta sozial berrira egokitu eta hurbiltzen saiatzen dira.

Gainera, alde batetik, ustezko benetako erasoen aurrean (nagusien edota abereen erasoak, gaixotasunak, istripuak, etab.) eta izaki kaltegarri (sorginkeria edo deabrutzeak, begizkoak etab.) edo indar magiko jakin batzuei leporatzen zaizkienetan ere, babesik gorenaren beharrizana duten izaki bezala agertzen zaizkigu. Bestalde, eurak bizi diren etxe-inguru edo kolektiboari begira euren presentzia inozoa berebiziko eta ongiletzat lez aintzat hartzen da. Hori guztia antzinako bere sakralitateak markatu eta ezezaguna den idealizatutako munduarekin duen jatorri edo oraintsuko bere harremanak sendotzen du.

Geroztik, ume edo eskola-umeak izendatutakoak, sozializazio hasberri eta mailakatua den prozesu batean aurkitzen dira. Prozesu horrek, sendia eragile bakarra izanik arian-arian bertan behera uzten joan eta zeregin hori beste erakunde batzuen eskura jartzea (eskola, erlijio irakasbidea edota berdinen arteko taldea) ahalbidetzen du. Gizarte-harremanei dagokienez, batez ere berdinen artean, sendi-menpekotasuna murrizten den heinean eta komunitate-bizitzakoak diren joko-arauak susmatzea ahalbidetzen dien heinean, ugarituz doaz.

Beste ume batzuekin dituzten dibertsioak (Ikusi: Haur dantzak, Betiko haur jokoak edota Ohiko eskeak) nagusien eguneroko jardueren imitaziora, arautu gabeko jolasetatik araututakoetara edo banaka diren jolasetatik taldeka egituratutakoetara garatzen dira. Euren jai egunak sozializaziorako gune eta eragile direnen araberako testuinguru eta espazioak esleituta dituzte. Hau da, urtean zeharreko jaiegun desberdinetan (Gabonak, Aste Santua, Pazko Maiatzekoa, Udaberria, etab.) etxeak bisitatuz doaz eta eurei esleitutako berebiziko bedeinkapenekin (esan bezala, tradizioz beste munduarekin lokarri gune edota heraldo bezala aintzat hartuak izan dira) sari gisa ematen zaizkien emariak (arrautzak, pastelak, fruituak, dirua etab.) jasotzeko aprobetxatu edo goresten dituzte. Baina, euren komunitate-zereginean, eurenak propio diren jai ugari batzuen gizaseme eraginkor dira. Beste adin batzuetakoekin protagonismoa erkatzeko gai dira eta ez dago zalantzarik txikiena ere jai-narriaduraren edo jaia bertan behera utzi izatean ospakizunak euren ezaugarrietara edo aukeretara egokituz joaten direna.

Gainera, eskolara joaten dira eta bertan nagusien agindu eta agintea bereganatzen dituzte, berdinen arteko taldekide izateak dakartzan eragozpen eta abantailak barneratuz. Antzeratzeko eredu bila direla, erreferentzia edo eredugarritzat gazteak hartzen dituzte eta ekoizpen-eremuan edo arlo sozioekonomikoan etxeko edo komunitateko zeregin jakin batzuetan laguntzen dute. Berdinen arteko taldeetan ez dute batzeko ohiturarik, eskolaren edota elizaren magalpean izan ezik, baina inola ere egituratutako edo oso iraunkorra den modutan. Haur-gidariak aurkezteko joera duten arren, noizik behin eta imitazio modura besterik ez da izaten.

Gaztaroan, kontzientzia soziala oso nabaria da (ikusi: Gaztaroa, Zaragi edo plaza mutilak) eta taldeetan izaten den parte hartze aktiboa eta talde-batasuna edo zintzotasuna gehitu egiten da. Gazteen lagun-talde horien ezaugarriak, kopuruari dagokionez eta taldekideen kategoria fisiko eta sozialei dagokienez, aldakorrak dira. Iraupena, iraunkortasun erlatiboduna izan daiteke, pertsonen arteko harremanak naroak izanez, eta euren helburua funtzio nabarmen anitzetan (dibertsioa, adiskidetasuna, lankidetza,...) eta ezkutukoan (sozializazio informala) gauzatzen da. Sozializazio prozesu hori, gazteak parte hartzen duen taldearen ideal eta baloreak barneratzetik edo erreferentziatzat har daitekeen beste talde batek dituenak norbere egitetik ere etorri daiteke. Prozesu horren arabera, beraz, norbanakoak bere inguruko balore soziokulturalak barneratzen ditu eta aldi berean, norbere izana beharrizan kolektibora, kulturalera eta habitatera egokitu edo taxutzen da. Halaber, sozializazio prozesu orok baliabide sorta batzuk behar ditu taldekideen identifikazio soziala eta egokitzapena kontrol sozial sendo batek arautu eta ikuskatutako gizartearen beraren balore, arau eta jarraibideen araberakoa izan dadin.

Esan dugun bezala, gaztedia sozializazio garai handi baten murgilduta aurkitzen da, eta sozializazio hori era berean izaera bikoitzez elkartean nabarmentzen da. Alde batetik, gero eta erantzukizun maila handiagoak ematen zaizkielako eta parte hartze aktiboagoz zamatzen ditugulako eta bestetik, gazteen jarrera eta pribilegio batzuen (txantxak, lapurretak, errietak, etab.) bitartez nolabaiteko heldutasunik eza mantentzen diegulako. Gizaldra hori, apurka-apurka, ume arokoak diren eremuak (nerabezarotik bertatik) baztertuz doa eta helduen bizitzara bideratzen dira (ezkontzaren bitartez, bizitza burujabea izanez edota zelibatoa). Horretarako, adin taldeetan edo gazte elkarteen inguruan biltzeko joera dute, euren antolakuntza bereziak ezarri eta zeregin desberdinak eginaz (auzolanak, erlijio lanak, jaietakoak, kontrol soziala edo elkartearen barnean eta kanpoko erlazioa).

Gizarte-bizitzan integratzeko mailaz mailako aipatutako prozesu horren bitartez, elkarteko gazteek ohiko gizarteetan giltzarria den eta izatez nagusiei dagokien gizarte-erantzukizunen arloan sartuz doaz. Baina abade edo fraide jarduteko toki-hautaketek garrantzitsuak ziren bezala, ezkonberriak edota senar-emazte berriak elkartearen beraren iraupenerako ezinbesteko baliabide potentzialtzat jotzen ziren senar-emazte ugalkor eta biztanleriaren berrezarpenari dagokionez.

Gazteekin izaten zuten hurbileko harremana nabarmena zen eta horregatik guztiagatik, senar-emazte berriak, ohiko gizarteetan, gaztediaren buruzagi izendatzen ziren, adin horri dagozkion betebehar eta hobari berberak izanez edota, jaietako eta errituzko egutegietan funtzio-eskumen berberak izaten zituztelarik.

Era paraleloan, bikoteak maila sozialean eta ekoizpenaren arloan ere, gero eta zeregin gehiago hartu behar izaten zituzten elkarbizitzarako oinarrizko unitatearenak ziren askotariko eremuetan. Gainera, ohiko gizarteetan, ezkongai-aldiko eta ezkontzako harreman horiek gauzatu zitezen asmoz ezarritako protokoloa beti izan da kolektibitateak oso gainbegiratua edo formei dagokienez oso zurruna.

Lehendabiziko semea edo alaba jaio izanak gaztaroaren amaiera dakar eta bete betean helduen erantzukizun sozialaren munduan sartzea zekarren. Horixe zen komunitatearen benetako eragilea eta gizarte- eta ekonomia-kontrol nagusia zituena. Testuinguru horretan generoaren funtzio-banaketa nabarmena eta oinarrizkoa da; horrela emakumezkoen zeregina arlo pribatu edo etxeko arlo zabalera (sendi-betebeharrak, etxeko izaera zuten lanetara, errituak eta erlijiozkoak, zaintza eta heziketa, etab.) mugatzen zen eta gizonezkoen zeregina, aldiz, komunitateko eta komunitate arteko harremanen eremura (edozein motatako elkarrekintza sozial, komunitateko erlijio ekintzak, profesionalak edota gremioetakoak, lurraldetarrak, etab.) mugatzen zen.

Gainera, adin maila hori ohiko sendia zabalaren ekonomia ondarearen laguntzaile, bermatzaile eta zaintzaile da. Eurak arduratzen dira askotariko erakunde sozialetan (etxea, udalerria edo eskualdea, kolektibitatea, eliza, etab.), kolektibitate guztia behartzeaz gain testuinguru historikoetara egokitzen diren filosofia eta arau nagusi jakin batzuk (ekonomiazkoa, ekoizkorra, politikoa, erlijioduna, morala eta etikoa) mantendu eta bultzatzeaz.

Indar eragile eta kontzeptual hori, bereak dituen ospakizun, erritu eta zeremonialetan islatuta ikus daiteke. Horrela, elkarrekintza sozialei dagokienez, azoka eta merkatuak dira soberakinen, ideien eta albisteen trukeak egiteko tokirik egokienak, ezkontza tratuak ere sorrarazten zituztela. Zaindariaren jaiegunak eta erromeriak erlijio-deboziogune, izpiritualtasunaren eta profanotasunaren elkarte kolektibo, elkarrekiko mesedeen truke, eta aisialdirako topagune edo botere agerpenaren ispilu bihurtzen ziren. Ekoizpen eremua, profesionalen edo gremioen jakintzaren inguruan, eta espezialitate bakoitzaren berariazko eskumen eta tabu edo isilekoen eta baita elkarrenganako laguntzarako ohituraren arabera egituratuta zegoen. Lurralde eremuak zaindu eta zehaztea, auzotasun oneko edota lehiazko harremanak bultzatu edo erraztu, eta etorkizuneko senar-emazteenganako harreman motak (endogenoak edo exogenoak) ezartzea ere egozten zaie. Laburbilduz, komunitatean duen pisu espezifikoa garrantzitsua edo erabakigarria da, baina ohiko gizarteetan espazioak ez zirela mugatuak esan beharra dago eta beraz, ez zegoen kolektibitatea osatzen zuten erakunde (publiko edo pribatuak, hiri-profanoak edo erlijiozkoak, etab.) edo zeregin desberdinen mugaketa argi eta garbirik.

Hurrengo maila alargunei dagokie, euren ezkontidea zendu ondoren izan litezkeen sexuen arteko erlazioen edo ezkontza-harremanen autorregulazioari begira komunitateak berak ezarritako araudiaren menpe baitzeuden. Horrela, monogamia soziala sustatzen zen. Komunitate desberdinetan endogamia edo exogamia sistemara jotzen zen eta eztegu irregularrak edo debekatutako harremanak (bigarren ezkontzak, adin-tarte edo egoera sozialen arteko aldeak, tokiko ezkontzen edo ezkongai-aldien aitzinean, laprastadarako joera edo debekatutako maitasunak, etab.) zigortzeko ohitura zuten. Jokabide horiek, arau kolektiboaren desbideratze bezala aintzat hartzen ziren eta ohitura desberdinen bitartez (zintzarrotsez, antzeztutako parodiaz, ibilbide irrigarriz, elkarrizketa edo pregoi publikoen bitartez, harrikadaz edo astinaldiz, sinbolodun lengoaiaz, etab.) salatu, zigortu edo kontrol sozialaren menpe jartzen ziren. Bien bitartean, monogamia, gorago aipatu izandako tokizko joera endogamiko edo exogamikoek eta kolektibitateak berak onartu eta ohiturazko arau zurrun sendoen menpe zeuden ezkontza edo harremanek, eraginkortasunez bultzatzen zuten.

Pertsonaren gainbehera fisiko, psikiko, sexual eta lanekoaz zaharren eremuan kokatzen gara. Gizaldra horri, ohiko gizartean jakintza edo jakite mailarik gorena egozten zitzaion. Eurak ziren gizarte-kontrolaren jabe eta, jakina, gizaldraren ohitura eta tradizioen bermatzaile ere. Hau da, eskarmentuaren jabe ziren eta eurengan urteen joanak ematen duen agintea eta iritzi orekatua biltzen zen.

Euren zeregin nagusia kiderik gazteenei ohiturazko arauak edota ekanduak mantentzen eta betetzen irakatsi edo sozializatzea zen. Era berean, kolektibitatearen esparru desberdinetan, edozein motatako desbideratze sozialen aurrean kontrola ezarri eta zigorra ezartzeaz arduratzen ziren. Eta lan-bizitza aktiboa mailaz maila uzten joanak, gazteen babes etikoa eta morala ahalbidetzen zien, gizaldraren oldozmenaren eremuaz bete betean jardun edo aritzea emanez, eta bestalde, komunitateak bere inguruan zegoen eremu fisiko eta kosmikoarekiko harremanean ikusitako erregulartasunen kontenplaziozko ikuskapenaz ere arduratzen ziren.

Ohiko kulturetan heriotzaren gertaera sozialak ez zekarrela bizitzaren amairik aintzat hartzen zen. Geroko bizitzarekin edota "haraindiko bizitzan" jarraipenik zuela uste zuten. Hau da, hildakoek, aurrekoek edo arbasoek ohiko komunitateetan euren esparrua izan dute eta horrela, jai-zikloan (Domu Santu jaieguna edo zaindariaren berariazko jaiak) edo eguneroko bizitzaren joanean zehar aintzat hartuak izan dira.

Kultura guztiek ematen die arreta berezia euren hildakoei (hildakoak gurtu) eta haraindiko esparruarekin edo lurpeko eremuekin duten harremana dela eta (arimak, agerpenak, noraezean dabiltzan arimak, etab.) beldurrik bazaie ere, euren pribilegio egoera horretatik gizakide zituztenen alde jarduten duten kide zerutiartzat aintzat hartu izan dira. Horrela, "beste bizitzan" bidaia egin zezaten asmoz, beharrezko ziren argi- eta janari-eskaintza edo ospakizun eta erritualak ematen zitzaizkien. Hildakoen arimen dualtasun horrek kolektibitateko edozein kideren heriotza gerta dadinean aintzat hartu beharrekoak izango diren erritual-sorta jakin eta ezarritako batzuk sorrarazi ditu.

1VAN GENNEP, Arnold. "Los ritos de paso".

2VARAGNAC, André. "La civilisation traditionnelle et la notion géographique e genre de vie".