Kontzeptua

Biribilketa - Pasacalles - Kalejira

Kalejira, Pasacalles, Martxa, Martxea, Karrikadantza, Marcha vasca... izen asko errealitate bakarra adierazteko: izen honen esanahia oso arrunta da: martxa arin bat, normalean 6/8 konpasean idatzita (baina batzuetan 2/4an).

Esaldiak karratuak dira, hamasei konpasekoak, nahiz eta askotan zortzi konpas errepikaturik izan. Normalean aurrekaria eta atzekaria dute egitura. Orokorrean, Europako musika eruditoaren ezaugarri guztiak betetzen ditu. Hona hemen adibide oso ezagun bat: aita Olazaran Lizarrakoak idatzita eta harmonizaturik, segurutik Baztan haranean entzundako pieza:

Partitura 1

Hala ere, eta beste erritmo euskaldun batzuekin gertatzen den bezala, partiturak ez du interpretatzeko modua erabat ongi adierazten. Noten balioak partituretan agertzen direnak baino irregularragoak dira, batzuetan ia punttuak edo hirukotxoak sortuz. Perkusioak batez ere erritmo konplexuagoak egiten ditu, eta kasu honetan punttuak hain garbiak dira ezen batzuetan idatzi ere egiten baita, honelako moduetan:

Partitura 2

edota

Partitura 3

Atabalak, danborrak edo panderoak, gainera, askotan apur bat aurreratzen dute doinua modu polirritimiko batean. Biribilketaren erritmika, beraz, ez da partiturak agintzen duen bezain samurra, eta bere praktikan ere 6/8 nazioarteko egitura bat euskal jotzeko modua argi adierazten da.

Dantzatzeko era ez da oso zaila: bakoitzak bere moduan eusten dio erritmoari kate bat eginez beste pertsonekin, elkarri eskuak emanez. Errealitate beraren beste izen batzuek adierazten dutenez, kalez-kale ibiltzeko erabiltzen da, horrelako giza kateak eginez, noizbehinka geldialdiak eginez zerbait hartzeko eta dantzatzeko, bereziki fandango eta arin-arinak. Bere garrantzia, ikusten den bezala, batez ere gizarte mailakoa da: dantza honetan edozeinek dantza dezake bere moduan, taldeak onartzen baldin baditu denak sartzen baitira. Beraz, talde baten integrazioa erakusteko eta sendotzeko ere balio izaten da.