Pintoreak

Bikandi Etxaniz, Jose Benito de

1896ko apirilaren 21ean Ondarroan (Bizkaia) jaio eta 1958an Buenos Airesen zendutako pintore eta zeramikaria.

Bilboko Arte eta Ofizioen Eskolan egin zituen ikasketak. Pintura eta zeramika izan ziren bere berezitasunak eta maisu paregabea izan zen arlo horietan. 1921ean Bizkaiko Foru Aldundiak beka bat eman zion Madril, Erroma eta Parisen ikasketa osagarriak burutu ahal izateko. 1924an bere obrak erakusgai paratu zituen Pariseko Udazkeneko Aretoan. Urte berean Independenteen Aretoko epaimahaikide izendatu zuten.

Bikandi gaztearen ibilbide artistikoa azpimarragarria da oso, balentria baten ondorio izan baitzen. Ondarroan, bere sorlekuan, marinel eta arrainak pintatuz zegoelarik Ignacio Zuloagak ikusi eta koloreak islatzeko moduarekin harrituta geratu zen. Zuloagak aurrera egiteko adoretu zuen. Bikandi Italian egon zenean ikasi zituen zeramika-arteko elementuak. Italiatik, jakina, Parisera jo zuen. Han Picasso ezagutu zuen. 1925ean Argentinako Errepublikara mugitu zen eta, herrialde eder horretan gauzatu zituen pintura eta zeramika arloko lan bikainak, hara iritsi zenetik hil zen arte.

Argentinako Errepublikan eman zituen hogeita bi urteetan, Bikandi (Flores Kaperotxipik egin zuen bezala) Buenos Airesera iristen ziren euskal pintore guztiei laguntza emateaz arduratu zen gogo biziz; eta hitzaren zentzurik zabalenean laguntza eskaintzeaz gain, euskal artisten erakusketa garrantzitsuak antolatu zituen, horien artean, aipagarri delarik 1943an Montevideon egin zuena, Eusko Jaurlaritzak Buenos Airesen zuen Ordezkaritzak izandako ideiari jarraiki. Euskal artisten obra nabarmen eta adierazgarrienak pilatu zituen, urteetan zehar Argentinako Errepublikara bidali zirenak. Halaber, Argentinako hiriburu ederrean bizi ziren euskaldunen pintura eta eskulturak erakutsi zituen. 1952an, era berean, euskal pintoreen beste erakusketa garrantzitsu bat antolatu zen Buenos Aireseko Laurak Bat Zentroan. Azken erakusketa hori arrakastatsua izan zen oso, hala kritikari nola publikoari so.

Jose Bikandik erantzukizun handiko hainbat kargu bete zituen. 1935ean Arte Ederretako Udal Museoko Kontserbatzaile izan zen, eta Divino Rostro Ikastetxeko Zeramikako lantegietako zuzendari nagusia; 1958an Arte Ederretako Goi-eskolan Zeramikako lantegiko irakasleburu izatea eskaini zioten.

Honatx Espainian egin zituen erakusketa nabarmenenak: Madrileko Ateneoa (1926); Arte Ederren Erakusketa Nazionala (Madril, 1929); 1951n egin zen Hispanoamerikako I. Bienala. Horiez gain erakusketa ugari egin zituen, besteak beste, Bartzelona, Bilbo, Madril, Paris, Buenos Aires, Rosario edota Mar de Platan. Argentinako artista gisa (1931n Argentinako herritartasuna bereganatu zuen) 1928, 1929, 1931, 1932, 1940, 1941, 1950 eta 1951 urteetako Erakusketa Nazionaletan parte hartu zuen.

Erdietsitako sariak: 1936an Kultura Batzordeko Lehen Saria jaso zuen Buenos Airesen (zeramika arloan); 1937an Zeramikako Saria eman zion Arte Ederretako Batzorde Nazionalak; Lehenengo Urrezko domina Pariseko Nazioarteko Erakusketan (1937); Bigarren domina Udazkeneko Udal Aretoan (Buenos Aires, 1946); Bigarren saria Buenos Aireseko Arte Sakro Modernoaren Erakusketan (1954) eta hemen jaso ez diren beste asko.

Argentinako artistekin batera lan artistiko itzelak egin zituen, esate baterako, Santa Teresita Jesusenaren elizako dekorazioa Kordoban (Argentinako Errepublika) eta Ofizialordeen auzoan, Maiatzeko Esparruan.

Egin zituen zeramikak aipatzeke, bere zenbait margolanetako izenburuak emango ditugu: Encierro de los toros en Pamplona; Ondárroa; Barco pesquero; Mascarada suletina; Caserío; Cristo de Lezo eta Bermeo. Azken hori Bilboko Arte Ederretako Museoak eskuratu zuen, non, era berean, artistak dohaintzan emandako beste bi margolan dauden.