Pintoreak

Berges, Georges Prosper Ernest

Margolari kostunbrista eta erretratugilea, Baionan (Lapurdi) jaio zen 1870ean. Triana etxean (Angelu) hil zen 1935ean.

Achille Zorekin ikasi zuen Baionako Marrazketako Udal Eskolan, eta, gerora, Parisen, Leon Bonnat margolari baionarrarekin eta Albert Maignanekin. Baionako ereduetan, motiboetan eta ohituretan oinarritutako koadroak margotzen zituen hasieran. Bonnat museoko zuzendari-lanak egin zituen trebetasun handiz 1920tik 1921era. Zenbait bidaia egin zituen atzerrira, Espainiara barne, eta Andaluziako argiaz miretsi zen. Koadro ugari egin zituen Granadako hiriburuan, koloretsuak eta teknika apartekoak. 1923an, Baionako antzokiko Petit Foyerreko panelak margotu zituen, gaur egun desagertuta daudenak.

Sari eta domina ugari jaso zituen; beste batzuen artean, Chevalier de la Légion d'honneur izendatu zuten 1923an. Zenbait museotako bildumetan jasota daude bere lanak: Parisen (Musée d'Orsay), Baionan (Bonnat museoa eta Euskal Museoa eta Baionako Historiarena), Paun (Musée des Beaux-Arts), Bordelen, Lourdesen eta beste batzuetan.