Erakundeak

Bergarako besarkada

Baldomero Espartero Kapitain Jeneral kristinatarrak eta Rafael Maroto Teniente-jeneral karlistak hitzartutako konpromisoa, 1833-1839 bitarteko lehen karlistaldiari amaiera eman ziona. Hitzarmena prestatzeko lanak motelak eta neketsuak izan ziren. Ziurrenera, 1839. urte hasieran hasiko ziren hura prestatzen, Carlos M.ª Isidrok Ejertzitoko Estatuko Buruzagi Nagusi modura Maroto izendatu eta 6-7 hilabete igaro ostean. Bien arteko bitartekari lanak Lord Hay komodoro ingelesak egin zituen, bere laguntzaile eta idazkari Joaquin Maria de Satrusteguiren aholkuei jarraiki.

Negoziazio haietan, Marotok pixkanaka bere asmoak alde batera utzi zituen, Esparteroren tropen aurrerapenak eragindako presioak eta Bizkaiko karlisten dibisioko komandante Simon de la Torreren ezinegonak behartuta. Gerrak unatutako oinarriak, ordea, ez zuen atzera egin nahi Foruei zegokienez. Arrazoi dinastikoak zirela medio gerraren jarraipenaren aurka azaldu arren (Elgeta, 1839ko abuztuak 25), tropa karlista gehienek ez zituztela armak entregatuko adierazi zuten Gorteek foruak berrezarriko zituztela bermatu arte. Hori izan zen negoziazio oro apurtu zuen oztopo gaindiezina.

Abuztuaren 26an Esparterok, egoera gainditzeko ahaleginean, Marotoren aldekoei artikulu hau aurkeztu zien: Foruak berresten dira instituzioekin eta nazioko legeekin bateragarri diren artean... Maroto onartzeko prest azaldu zen. Gaztela eta Gipuzkoako dibisioetako buruzagi ziren Urbiztondo eta Iturbe, ordea, ez. La Torrek soilik onartu zuen. Palmerstoneko bizkondearen korrespontsalak, Wylde koronel britainiarrak adierazi zuenez: "Ez dakit zein aldarri hartuta jarraituko duten borrokan karlistek ez bada Bakearen eta Foruen alde" (itzulpen egokitua gaztelaniatik). Elkarrizketak eten egin ziren eta hurrengo egunean bi jeneralek beren tropak mugiarazi zituzten. La Torrek erakutsitako jarreraren ondorioz, une hartan, dramak jite saihestezina hartu zuen: Espartero Oñatin sartu zen (abuztuak 28). Marotok men egin zuen berriz ere, eta mezu bat helarazi zuen negoziazioak berrabiatzearen alde agertuz. Oñatin (abuztuak 29) idatzi zen behin-betikoz herrialdearen eta ejertzito karlistaren etorkizuna baldintzatuko zuen hitzarmena.

Artikulu hauez osatu zen:

  1. 1. artikulua: Baldomero Espartero Kapitain Jeneralak gogotsu gomendatuko dio Gobernuari, Gorteei foruak ematea edo aldatzea formalki proposatzeko konpromisoa betetzeko.
  2. 2. artikulua: Rafael Maroto teniente-jeneralaren armadako jeneralen, buruzagien, ofizialen eta enparau gizonen lanak, graduak eta kondekorazioak onartuko dira; Marotok guztien zerrenda aurkeztuko du armen arabera eta askatasun osoa izango dute 1837ko Konstituzioa, Isabel II.aren tronua eta horren ama ohoragarriaren erregeordetza defendatzen jarraitzeko; armak utzi nahi dituztenak, ordea, etxera itzuliko dira.
  3. 3. artikulua: Gure zerbitzuan jarraitzeko erabakia hartzen dutenak Armadako taldeetan sartuko dira, bai osoko soldadu gisa bai supernumerario moduan, beren armari dagokion ikuskapen-eskalan duten ordenaren arabera.
  4. 4. artikulua: Etxera itzultzea erabakitzen duten jeneral edo brigadierrek, kuartela eskuratuko dute eskatzen duten lekuan, arauz dagokien soldatarekin: buruzagi eta ofizialek lizentzia mugagabea edo erretirokoa eskuratuko dute arauz dagokien moduan. Inork aldi baterako lizentzia nahiko balu, dagokion armaren inspektorearen bidez eskatu beharko du eta onartua izango zaio, atzerritarren kasuan salbuespenik egin gabe; kasu horretan, Baldomero Espartero Kapitain Jeneralaren eskaria egin ostean, hark dagokion pasaportea emango die eta, aldi berean, eskariak abiaraziko ditu Maiestatearen onarpena gomendatuz.
  5. 5. artikulua: Aurreko artikuluak ejertzitoko kide guztiei dagozkio; hitzarmen hau berretsi eta hamabi eguneko epean aurkezten diren langile zibilei ere luzagarri zaizkielarik.
  6. 6. artikulua: Nafarroa eta Arabako dibisioak Gaztela, Bizkaia eta Gipuzkoako dibisioak bezala aurkezten badira, aurreko artikuluetan adierazten diren emakida berberak izango dituzte.
  7. 7. artikulua: Baldomero Espartero Kapitain Jeneralaren eskuetan jarriko dira Rafael Maroto Teniente-jeneralaren mederapenean dauden artilleriak, arma-lantegiak eta arma-, arropa- eta, janari-gordailuak.
  8. 9. artikulua: Bizkaia eta Gipuzkoako probintzietako tropen presoak eta Gaztelako dibisioko tropetakoak, hitzarmen honetako artikulu guztiekin ados daudenak, aske geratuko dira eta hitzarmenean gainerakoentzat adierazten diren abantailak izango dituzte. Ados ez daudenak preso izaten jarraituko dute.
  9. 10. artikulua: Baldomero Espartero Kapitain Jeneralak gerra honetan hildakoen alargun eta umezurtzak aintzat hartzea eskatuko dio Gobernuari, hark Gorteari eska diezaion, hitzarmen hau osatzen dutenei dagokienez (Espartero -Iturbe -Cuevillas -Francisco Fulgosio- Cabañero -Diez Mogrovejo -Lasala -Jose Fulgosio -Eguia -Selgas -Lopez Cabañas -Lagartu).

Behin testua idatzita, jeneral karlistak beren tropetan hitzarmena betearazten saiatu ziren. Abuztuaren 30ean soilik Maroto eta La Torre joan ziren Bergarara; boluntarioek, hitzarmenaren edukia ezagutu ez arren, mesfidantzaz ikusten zuten. Orduan, Urbiztondo eta La Torre beren tropen errendizioa adostera joan ziren eta gauez itzuli ziren haietako komandanteen sinadurekin. Hilaren 31n beren burua entregatzera zihoazen tropen desfilea hasi zen. Urbiztondo izan zen lehena Bergarara iristen, ahal izan zuen moduan Gaztelako dibisioa berekin ekarri zuelarik. Ondoren Iturbe agertu zen Gipuzkoako brigada batekin (gainerako gipuzkoarrek uko egin zioten azaltzeari) eta, gero, La Torre, Bizkaiko 8 batailoi lagun zituela. Azken horiek hitzarmena onartu egin zuten. Dena den, uko egin zioten armak entregatzeari Gorteen epaia ezagutu artean. Horrenbestez, Elorriora joan ziren. Hurrengo egunetan hainbat partida hurbildu ziren Bergarara eta irailaren 5ean Gipuzkoako batailoi ugarik bat egin zuten hitzarmenarekin.

Guztira 16 batailoi agertu ziren Bergaran: Gaztelako 5 batailoi, Gipuzkoako 3 eta Bizkaiko 8 batailoi. Hauek uko egin zioten hitzarmena onartzeari: Nafarroako 13 batailoi, Arabako 6, Gipuzkoako 5, Gaztelako batailoi bat eta Kantabriako 2. Horietako askok muga zeharkatu zuten irailaren 14an hautagaiarekin batera. Beste batzuk Amerika edo Filipinetara joan ziren.

Irailaren 25ean Guevarako gazteluak, karlisten azken gotorlekuak, errendizioa aurkeztu zuen. Hilabete beranduago, Espainiako Gorteek Euskal Foruak berretsi zituzten, "Monarkiaren batasun konstituzionalaren kalterik gabe" zioen klausula erabakigarriarekin. Bergarako Besarkada hainbaten arteko promes bat gehiago izan zen; dena den, hura ez betetzeak modu erabakigarrian okertu zuen Euskal Herriko Historiaren norabidea.