Pintoreak

Beorlegui Beguiristain, Fernando

Pintorea. Tiebasen (Nafarroa) jaio zen 1928ko urtarrilaren 21ean. Eibarren (Gipuzkoa) hil zen 2008ko urtarrilaren 6an.

Batez ere pintorea, baina grabatzailea eta eskultorea ere bazen. 1957tik erakusketa kolektibo nahiz banakako erakusketa ugaritan erakutsi izan da bere lana. Erakusketa horiek batez ere Euskadin eta Nafarroan egin izan dira, baina Madrilen eta Espainiako beste hiri batzuetan ere ikusi ahal izan da bere lana.

Fernando Beorlegui Campanas-en jaio zen, Tiebas (Nafarroa) udalerriko auzoan. Pinturarekin egindako lehen kontaktuak Javier Ciga Echandi maisuaren eskutik egin zituen, eta geroago Madrilen Eduardo Chicharroren ikasle izan zen. Madrilgo Arte Ederren Zirkuluan eta Logroñoko Arte eta Lanbide Eskolan ere eskolak hartu zituen. Era berean, Jorge Oteizak gonbidatuta, Debako eskolan lan egin eta ikasi zuen.

28 urte zituela, Eibarren jarri zen bizitzen, eta une horretatik aurrera oso estua izan zen herri horretako jarduera kultural eta sozialarekin izandako lotura. 1974an Goruntz taldea osatu zuen Iñaki Larrañaga eta Daniel Txopitearekin batera; armagintza-eskolan pintura eta grabaketako eskolak eman zituen, auzo-elkarteetan sartu zen...

Beorleguiren pinturak joera surrealista handia du gaiei dagokienez, baina ez exekuzioari dagokionez, ordea. Animalia-buruak dituzten giza gorputzak, bururik gabeko giza gorputzak, maskara bihurtutako aurpegiak, identifikatzeko zailak diren elementuak dira lan askotako osagaiak; garaiko kritikak bereziki nabarmentzen zuen exekuzio teknikoaren kalitatea eta txukuntasuna.

Bere ibilbidean funtsezkoa izan zen "Fernando Beorlegui" izeneko erakusketa handia, Ruiz de Eguino komisarioak antolatutakoa, 1993an, eta obra gehiena biltzen duena. Erakusketa horretarako editatutako katalogoa Beorlegui interpretatzeko giltzarria da.

2003ko azaroan Eibarko (Gipuzkoa) Topalekun erakusketa izan zuen. 2004ko abuztuan, Zarauzko (Gipuzkoa) Ispillu Arte Galerian erakusketa izan zuen. Orduan pinturak bakarrik jarri zituen. 2010ean, "Fernando Beorlegui: pinceladas ácidas del pensamiento" izenburua zuen erakusketa antologiko bat izan zen Zarautzen, Eibarren eta Lizarran.

Errealismo soziala, surrealismoa, zaila da edertasunez eta krudeltasunez astintzen duen pintore paregabe honek erabilitako hizkuntza definitzea. Gardentasun oniriko eta kolore puruen leherketarekin, hiriko gizakiaren bizimodu ilunaz hitz egiten diguten barnealdeak topatuko ditugu, paisaia magiko eta geometrikoekin eta animalia eta pertsonaia fantastikoekin.

Informazio gehiago topa daiteke webgune honetan: Fernando Beorlegui Beguiristain (1928-2008).